Paris ez da sekula amaitzen

Ion Olano Carlos / 2013-01-06 / 688 hitz

Sartu berri den urtea aitzakia ona izan liteke Paris gogora ekarri eta haren gainean gogoeta egiteko. Hain da gai zabala, edonondik jota ere galduko ginateke. Baina aukeran, hobe hari bakarra hartu eta hari jarraitzen badiogu.

Zer lirateke Marguerite Duras, Ernest Hemingway, Gertrude Stein, Samuel Beckett, Julia Kristeva eta beste milaka idazle, Paris gabe? Galdera hori alderantziz ere jar dezakegu —Zer litzateke Paris idazlerik gabe?— eta erantzun berbera lortu: «zeharo ezberdina». Izan ere, literaturaren historia (xeheki edo larriki esanda) zeharo ezberdina litzateke Paris izan ez balitz Paris.

Noiz hasi zen harremana? Batek daki. Baina idazle bakar batek daki, eta ongi jakin gainera, Paris ez dela sekula amaitzen. Idazle hori da Enrique Vila-Matas (Bartzelona, 1948), eta hala dio París no se acaba nunca (Anagrama, 2003) nobelan: «Iragana, Proustek zioenez, ez da iheskorra eta, gainera, ez da bere lekutik mugitzen. Parisekin gauza bera gertatzen da, ez du inoiz bidaldirik egin. Eta gainetik, azkengabea da, ez da sekula amaitzen».

Ernest Hemingwayren A Moveable Feast (1964) liburuko azken ataletik hartu zuen izenburua Vila-Matasek. Hala zioen amerikarrak nobela hartan: «Paris ez da sekula amaitzen […] Parisek beti merezi zuen, norberak beti hartzen zuen zerbait emandakoaren ordainetan. Ni Parisez mintzatu naiz, garai zaharretako hartaz, zinez behartsu eta zinez zoriontsu ginenekoaz». Eta hain zuzen, Hemingwayren urratsei segituz heldu zen Parisera Vila-Matas gaztea. Alabaina, bere idoloa bezain behartsu izanagatik, zinez zorigaiztokoa izan zen kataluniarra hiri hartan.

La cité des Lumières: hala izendatu izan dute Paris —Argien hiri— eta ez zaie arrazoirik falta. Nolanahi ere, Pariseko argia ez da berezkoa berez. Handik eta hemendik eraman izan dute, kolonietatik ebatsi, mundu osoko milaka erbesteratu politikok ekarri. Ordea, ez da hori Vila-Matasen kasua. Bere burua erbestera bidali zuen, bere esanetan, ezin zuelako Bartzelona frankista eta mindulina gehiago jasan. Vila-Matas gaztea erabat nahastuta eta galduta zegoen Parisen. Ezeren gainetik, izan nahi zuen. Zer? Idazle. Nola? Arrastorik ez.

Idazle izatea deliberatu zuelarik, muturreko etsipenera jo zuen, uste baitzuen huraxe zela benetako idazle izateko erarik eleganteena. Beltzez janzten zen goitik behera, kafetxeetan pipatzen zuen poeta madarikatuak irakurtzen zituen bitartean, eta pasieran garraiatzen zuen batetik bestera bere desesperazio beltza, burumakur eta kopetilun. «Laztura ibiltaria nintzen», dio liburuan. Garai hartan abiatu zuen bere lehen nobela proiektua—La asesina ilustrada—, zeinaren helburua argia bezain harrigarria baitzen: irakurlea garbitzea, alegia, hiltzea.

Gorabeherak gorabehera, asmo hura mantendu eta burura eraman zuen idazlegaiak. Izatez, La asesina ilustrada ez zen Vila-Matasen lehen liburua izan, bigarrena baizik. Egun, eskuragarri dago liburutegi eta liburu dendetan, jakin-minik duenarentzat. Irakurleak epai beza, ea idazleak dioen bezain nobela negargarria den.

Istorio bukaezina

Montparnasseko hilerriko lurpean daude, besteak beste, Charles Baudelaire, Simone de Beauvoir, Julio Cortazar, Guy de Maupassant eta Tristan Tzara. Bada, zenbakaitza da Vila-Matasen liburuan agertzen den idazle kopurua; ezin kontatuzkoak dira, halaber, jakituriaz eta umorez zerrendatzen dituen kultur erreferentziak.

Ezin amaituzko liburua da París no se acaba nunca. Badu hasierako hizkia, baita amaierako puntua ere. Baina kontua da ez dela liburu karratua. Zerbaiten itxura izatekotan, kiribilarena du, etengabe biltzen dena bere baitara, etengabe hedatzen dena bere baitatik. Halako liburu bat —halako hiri bat— lerro gutxitan laburbiltzea ezinezkoa da berez; ahaleginak merezi duelakoan gaude, dena den.

Hitz gutxitan, idazleak bere Pariseko gazte garaien berrikuste ironikoa egiten du, hain zuzen, ironiari buruzko hitzaldi-sorta baterako. Hemingway da liburuaren higiarazle nagusia, hura baitzen idazlearen gaztetako heroia, eta oraindik harekin obsesionatuta jarraitzen duelako, gainera. Izan ere, uste du Hemingwayren antz ikaragarria duela, antz fisikoa, inguruko guztiek kontrakoa dioten arren.

«Besteek ikusten gaituzten bezalakoak gara, ados. Baina ezin dut halako bidegabekeriarik onartu. Urteak eman ditut saiatuz ahalik eta misteriotsuen, iragarrezinen eta isilkorren izaten. Urteak eman ditut besteentzat enigma bat izan nahian.[…] Hala ere, alferrik ari naiz ataza ahalegintsu hori egiten. Jarraitzen dut besteek ikusten nauten bezalakoa izaten. Eta, dirudienez, denek ikusten naute berdin, haiei gogoak ematen dien moduan. Sikiera norbaitek, ez dut esango jende askok baina bai norbaitek, Hemingwayren berdin-berdin ikusiko banindu…».

Liburuak hamar urte beteko ditu aurten; bien bitartean, makina bat literatur lan eman du Vila-Matasek argitara: besteak beste, Doctor Pasavento (2005), Dietario voluble (2008), Dublinesca (2010) eta Aire de Dylan (2012). Badirudi etorria ez zaiola agortzen, Paris bezalakoa bihurtu dela azkenerako. Gauza bat argi utzi digu, bederen: Paris eta idazleak ez direla sekula amaituko, irakurleak bizi diren artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.