‘Zibergela’, iOS eta Android sistemetan eskuragarri

Aitor Aretxaga / 2013-01-09 / 294  hitz

Google Currents aldizkari zerbitzu berriaren eskutik ikusi ahalko da ‘Zibergela’ aldizkari formatuan.

Lehendabizi AEBetan egon zen eskuragarri iOS eta Android sistementzat, eta joan den apirilean kaleratu zuten Google Currents mundura, eduki digitalak aldizkariak balira bezala bistaratzen dituen plataforma berria. Tabletentzat eta telefonoentzat egun dagoen edizio digitalen aukera zabala da (Feedly, Pulse edo Taptu aipa daitezke), baina guztietan ezagunena den Flipboard aplikazioarekin lehiatzeko merkaturatu zuten benetan Currents. Flipboardek albiste, eduki eta sare sozialen eguneraketa guztiak leku bakar batetik eta aldizkari moduan ikusteko aukera eskaintzen duen gisara, Currents zerbitzuak ere hainbat webgunetako informazioa bistaratzen du; Youtubeko kanalen eta bestelako feed edo jarioen kudeatzaile lanak egiten ditu. Eduki horiek guztiak eskuratzeaz gain, bakoitzaren gailu eramangarrien pantailetara automatikoki doitzen du informazioa, ahalik eta argien eta irakurgarrien utzita irakurleentzat. Bisualki ere dotorea, erabilerraza eta garbia den albiste irakurlea aurkeztu du beste behin ere Googlek. Zerbitzua doakoa da, baita han eskuragarri dauden harpidetza guztiak ere.

Aplikazio honi esker, edonor harpidetu daiteke hainbat publikaziotara, eta haietako eguneratzeak jaso automatikoki patrikako gailuan. Logikoa denez, lehendik Google Reader kontua zeukanak bertako harpidetza guztiak berreskuratuko ditu hemen, berezitasun batekin: argitalpen horiek ez dira web bateko albiste jario hutsa, Currents aplikazioarako espresuki sortutako aldizkari digitalak baizik. Web atariko sarrerez gain, telefono eta tabletentzat bereziki argitaratutako sailak eta artikuluak izan daitezke. Edukien sailkapen aurreratuago horrek eta informazioa haien pantailetara egokituta azaltzeak gailu eramangarrien erabiltzaileen begietara erakargarriagoa den aldizkari eskaintza dakarte azken batean.

Doako aldizkarien aplikazio berriak lehiakideekiko daukan balio erantsia haien itzulpenen aplikazioa edo Google Translate-ren integraziotik dator: edozein aldizkari arrotzetan harpidetu daiteke, eskuragarri dituen 38 hizkuntzaren artean lehentasunez ezarritakora itzuli baitezake edukia momentuan.

Nolanahi ere, Zibergela-k oihartzuna izango du aurrerantzean txoko honetan ere, berriki Google Currents-en estreinatu baita. Aplikazioa deskargatu eta Zibergela-ra harpidetzeko, ondorengo esteka hau sartu besterik ez dago sakelako edo tabletaren nabigatzailean: http://www.google.com/producer/editions/CAow3ciCBA/zibergela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.