Errusiako (beste) iraultza

Ion Olano Carlos / 2013-02-03 / 659 hitz

Mintza gaitezen Errusiako literaturaz, baina, une batez baino ez bada ere, ahatz ditzagun betiko izenak: Puxkin, Tolstoi, Txekhov, Dostoievski, Lermontov, Turgenev eta enparauak. Ohar gaitezen ustezko adituen bizkarretan garatzen direla iraultza gehienak; baita isilenak ere.

Sobiet Batasuna izan zen munduan abortua legeztatu zuen lehen herrialdea, 1920an. Halere, atzera debekatu egin zuten 1936ko konstituzioan, eta legez kanpoko praktika izan zen 1955 arte. Gizon eta emakumeei «eskubide eta aukera berdintasuna» aitortzen zien Stalinen konstituzioak; dena den, begi bistakoa da berdintasun teoriko hori ez dela oraindik gauzatu—ez Errusian, ez beste inon—. Esate baterako, honela zioen sobiet garaiko txiste batek: «Kapitalismopean, emakumeak ez dira aske, ez dutelako lan egiteko aukerarik. Etxean egon behar dute, erosketak egin, otordua prestatu, etxea garbitu eta haurrak zaindu. Baina sozialismopean, emakumeak aske dira. Egun osoz lan egiteko aukera dute, eta gero erosketak egin, otordua prestatu, etxea garbitu eta haurrak zaindu». Txantxa beltzarekin jarraituz, esan liteke kapitalismoa adi egon dela eta, zorionez, «askatasun» hori ere eman diela emakumeei.

Sobiet garaian, gizonek adina poema, nobela eta artikulu idatzi zuten andreek. Lydia Seifullina, Vanda Vassilevskaia eta Vena Panova izan ziren, besteak beste, garaiko idazle ospetsu batzuk. Horien idazkeran ez zegoen gizonengandik bereizten zituen ezer, den-denek idazten baitzuten Errealismo Sozialistak agintzen zuen eran.

Aro sozialista amaituz joan ahala, bazirudien aldaketa nabarmenak helduko zirela, baita literaturan ere. Perestroika aldian, Errusiako literatur aditu gehienek uste zuten itzelezko loraldia zetorrela, behin zentsuraren zama kenduta. Era berean, susmoa zuten idazle errusiarren ongizate ekonomikoa hobetzearekin batera hobetuko zirela haien lanak. Izen-abizenak ematen ere ausartu ziren, Tolstoi berria izan zen Oleg Iermakov aipatuz. Baina, ja-jai! Kontrako aldetik hazten ari zen uhina, eta adituen artean inork ez zuen aurreikusi olatutzarra; den-denak geratu ziren ipurdi bistan, eta bustita.

Nadezhda Azhgikhina kazetariak garbi ikusten du, gaur egun: «Azkenaldi honetan, Errusiako emakumeak dira herri kulturaren produkzio gidari. Nagusitasun posiziotik idazten dituzte nobela beltz eta misteriozkoak, eta estilo berriak garatzen ari dira, besteak beste, kazetaritzan». Baina sobiet osteko garaietan, gizonezko idazle eta ikerlari ugarik adierazi zuten, nola edo hala, deseroso sentitzen zirela emakume idazleen ugaltzearekin. Pavel Basinski kritikari ospetsuak, esaterako, idatzi zuen emakumeak ez direla gai literatur lan gorenak idazteko, hain justu, «arima gorputzetik hurbilegi dutelako».

Nolanahi ere, emakume idazleen literatur lanek, isil-misilean, bereganatu egin zuten Errusiako irakurleen arreta. Azhgikhinaren esanetan, «lan horiek berritasun etiko eta estetikoz beterik daude, aurrez tabu ziren gaiak jorratzen dituzte, eta, gainera, halako jakituria bat partekatzen dute: emakumeen bizimoduak dakartzan sentiera eta kontaera bereziak». Adibidetzat aipatzen du Natalia Baranskaia idazlea (1908-2004), zeinak emakume langileen esperientziak idatzi eta argitara eman zituen Novy Mir aldizkarian, 1968an. Sobiet Batasunean ez zioten ia jaramonik egin, baina 1993an ingelesez argitara eman zutenean A Week Like Any Other izenez, aparteko harrera izan zuen nazioartean.

Andre eta jabe

Ez soilik gizonen pare; hainbat kasutan, baita gainetik ere. Esaterako, nobela beltz eta misteriozkoan, emakumeak dira idazlerik ezagunenak Errusian: Alexandra Marinina, Polina Dashkova eta Irina Poliakova. Nabarmena da, idazle horien lanetan, beren gisa bizi diren andreak direla protagonista, sarri gizonak baino azkarragoak eta lanean trebatuagoak. Marininaren pertsonaia nagusi Nastasia Kamenskaia, esate baterako, feminista nabarmena da. Horrekin lotuta, esan beharra dago, 1990eko hamarkadako Errusian ia inork ez zuela bere burua feministatzat hartzen. Izan ere, iraultza boltxebikeaz geroztik feminista hitza zabaldu egin zen, familiaren ordez lanarekin arduratzen den emakume proletarioa izendatzeko.

Esku bete lan dute, hortaz, Errusiako feministek beren ideiak ezagutarazteko. Estatuaren eta Eliza Ortodoxoaren arteko ezkontzak, gainera, are zailago egiten du lan hori. Hain zuzen ere, mundu osoan itzelezko oihartzuna izan zuen Pussy Riot talde feministak iaz egin zuen Punk Otoitza-k. Ekintza horren karietara, taldekideek adierazi zuten feminismoa eta erlijio ortodoxoa ez direla bateraezinak. Kontrara, Ielena Pavlova abokatu eta Elizaren ordezkariak honako hau argudiatu zuen: «Feminismoa bekatu hilgarria da». Bide batez, estreinatu berri dute Pussy Riot: A Punk Prayer, taldearen nondik norakoak azaltzen dituen film dokumentala.

Azhgikhina kazetariak argi ikusten du etorkizuna: «Errusiako emakumeak ezagunak dira garairik zailenetan ere tinko eusteko duten ahalmenagatik, duintasuna eta umore onari eutsiz betiere. Konfiantza, literatur espresio askearen aldeko hautua, emakume idazleen ahalmen sortzailea… azken finean, arrakasta izateko behar dugun guztiaren jabe gara».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.