Euskara, aplikazioetan ere bai

Jon Eskudero / 2013-02-27 / 1.001 hitz

Denbora gutxian asko ugaritu dira euskarazko aplikazioak: dezente dira orain. Horietako gehienak eskura jarri ditu webgunean EuskalAPPs komunitateak. Aplikazio berriak sortzeko argibideak eskaintzea ere badute xede.

Euskarazko aplikazioen mundua ez dago krisian. Txanponaren beste aldean baizik. Sortze bidean. Denbora gutxian euskarazko aplikazio ugari jaio dira eta, jaio bezala, hazten ari dira. Indartsu, gainera. Teknologia berriek gero eta garrantzi handiagoa duten garai honetan, aplikazioak sortzearen alde egin dute apustu hainbatek eta hainbatek. Begi bistakoa da. Ondorioz, euskarazko aplikazioak gero eta gehiago dira. Horietako gehienak eskuragarri jarri ditu bere webgunean EuskalAPPsek, euskarazko aplikazioen komunitateak.

Hilabete besterik ez da euskal aplikazioak aurkitzeko eta sortzeko webgunea sarean plazaratu zutela, eta zeregin faltarik ez dute Donostiako bulegoan. The Movie Virtual enpresak du webgunea elikatzeko ardura, eta bi helburu ditu: euskal aplikazioen erabilera bultzatzeko biltegi bateratua izatea, eta aplikazio berriak sortzeko argibideak eskaintzea. Oraingoz, bederatzi aplikazio dituzte sakelako telefonoan zuzenean jartzeko moduan; gainontzeko 70 inguruk lotura zuzena dute deskarga gauzatu ahal izateko. Lana nahi adina dute, eta ilusioa, sobera.

Webguneari begira jarri, eta begietan nabari zaie grina eta gogoa proiektuaren bultzatzaileetako bi laguni: Iker Etxebarriari eta Ainhoa Zuazuri. Hain zuzen ere, Etxebarriarena izan zen proiektua sortzeko ideia: «Hitzak gaztelaniatik euskarara itzultzen dituen aplikazio bat egin nuen: Euskara Ikasi. Arrakastatsua izan zen, baina ohartu nintzen euskaraz ez genuela beste aplikaziorik. Zerbait egin beharra neukala konturatu nintzen». Horregatik jo zuen The Movie Virtual enpresara: «Ideia asko gustatu zitzaigun; gainera, euskal aplikazioen beharra badagoela ikusi genuen, eta Ikerrekin —Etxebarriarekin— elkarlanean hastea erabaki genuen. Hortik sortu zen EuskalAPPs», azaldu du Zuazuk, enpresako langileak.

Luze gabe iritsi ziren beste aplikazio batzuk, artean Elhuyarren hiztegia. Orain, berriz, etengabe zabalduz doa merkatua. www.euskalapps.net webgunean hainbat aplikazio dituzte. Denetarikoak, gainera. Musikarekin lotuta: TxalapartApp, BertsoApp… Euskararekin zerikusia dutenak: AditzApp, Hitzekin Jolastu, Auskalo… Informazioari josita ere badituzte aplikazio dezente. Gainera, euskarriei dagokienez, ez dira batere motz geratu: Apple, Android, Windows Phone eta Blackberry telefono eta tabletetan dauzkate edonoren eskuragarri euskal aplikazioak.

Aplikazio horiek bateratzen dituen zerbait badute: euskara. «Euskara eta euskal kulturaz gain, hezkuntzak eta aisiak ere lotura handia dute euskarazko aplikazioekin. Nire iritziz, pena galanta da hori, euskara beste esparru batzuetara zabaltzen ez dugulako. Askok pentsatzen dute haurren kontua dela euskara, eta ez da horrela. Guraso askok euren haurrari hitz egiteko soilik erabiltzen dute euskara», nabarmendu du Etxebarriak. Beste hizkuntzetan dauden aplikazioak euskarara itzultzeko aukera ere ematen dute. Lana «ahalik eta modu egokienean» egiteko, euskara zuzentzaile bat daukate.

Hezkuntzarekin lotura estua

Musean izeneko aplikazioak izan du oraingoz arrakastarik handiena. Musean telefonoaren aurka bakarka aritzeko aukera ematen du, eta erabiltzaileek begi onez hartu dute eskaintza. Harrera ona ikusita, kodea zabaltzea erabaki dute. Baina musean bakarrik ez, denbora beste hainbat arlotan igarotzeko aukera ere ematen dute euskarazko aplikazioek.

Zuazuren eta Etxebarriaren arabera, denbora-pasa gehienak haurren hezkuntzarekin lotuta daude: Auskalo, Aditzapp, Hitzekin Jolastu, Euskara Ikasi… Auskalo aplikazioak, esaterako, euskara ikasi edo hobetzeko modu berri bat eskaintzen du. Euskara maila guztientzako dago, zailtasun ezberdinetan aritzeko aukera ematen baitu. Aditzapp ere «egokia» da euskaraz jolasean zein ikasten jarduteko. Aplikazio hori euskal aditz laguntzaileari dagokion sistema osoa lantzeko tresna da. Zuazuren ustez, guraso asko esker oneko egoteko moduan dira euskarazko aplikazioengatik: «Sakelako telefonoa gero eta gehiago erabiltzen dugu gaur egungo gizartean. Haurrak ez dira salbuespena. Adibidez, autoan sartu eta umeak aplikazio horiekin jolasten jartzeak gauza on asko dakartza: euskaraz ikasten dute, entretenituta egoten dira, isilik… Abantaila hutsa da sakelakoan euskarazko aplikazioak edukitzea».

Informazio xeheagoa ere aurki daiteke euskarazko aplikazioetan. Korrikaren 18.a laster hastekoa dela eta, Korrika izeneko aplikazioa sortu berri dute. «Lasterketaren nondik norako guztiak eskainiko ditu. Informazio bikaina eta originala emango digu aplikazio horrek», esan du Etxebarriak. Korrika kulturalaren harira, lasterketa erraldoiaren inguruan antolatzen diren kultur ekitaldiei buruzko informazioa eskaintzen du aplikazioak egun. Informazio «baliagarria» ematen duten aplikazioak ere badituzte webgunean. Adibidez, dParking. Donostiako aparkalekuei buruzko informazioa ematen du denbora errealean.

Garatzaileen premian

Gero eta euskarazko aplikazio gehiago daude. Azken astebetean, esaterako, sei aplikazio gehitu dituzte webgunera. Bistakoa da gero eta zabalagoa dela merkatua. Baina aplikazioak sortzeko jendea falta da, Etxeberriaren ustez: «Webguneari esker, aplikazioak igotzeko edo sortzeko aukera badu erabiltzaileak, SortuAPP atalean. Ordea, jende gutxi animatzen da horretara». Sormen lanaren falta nabarmen sumatzen dute: «Garatzaileena gure alderik motelena da. Erabiltzaileak 200 inguru ditugu, eta ez da erraza kopuru horietara iristea. Hilabete bakar batean bost mila bisita jaso ditugu webgunean, eta bakoitzak bost minutu pasatxo eman ditu orrialdeari begira. Harrera ona izan dugula gauza jakina da, baina gure erronka nagusia aplikazioak sortzeko jendea topatzea da». Horretarako lehiaketak zein hitzaldiak antolatzea egokia litzatekeela uste dute.

Ideia faltarik ez dago, dena den. Hori ongi daki Etxebarriak: «Herritarrek ideia mordoa izaten dituzte. Hori bai, jakiten dutenean nik euskal aplikazioak sortzen ditudala, isildu egiten dira, ideia lapurtuko diedan beldurrez. Ezer berririk sortzea ezinezkoa da, baina ideiak sobera ditugu, baliabideak falta arren». Webguneari esker, jendeak badauka ideiak EuskalAPPsekoei bidaltzeko aukera.

Esaterako, proposamen «bitxi» bat egin zieten orain bi aste inguru. Biribilguneetan auto bat nola gidatu behar den azalduko lukeen aplikazio baten proposamena: «Lagun batek eskatu zidan aplikazio hori sortzeko. Haren arabera, jendeak oso gaizki gidatzen du biribilguneetan, eta aplikazio batek laguntza handia emango lieke. Gainera, seguru konpainia guztiek aplikazioa erosiko luketela esan zidan», nabarmendu du Etxebarriak. Aplikazioa sortzen hasi ez badira ere, ez dute aukera bazterrera uzten. Ez eta beste aukera bat ere: soinu grabagailu batek hartzen duen hotsa idatzira eramateko aplikazioa, hain justu. Zuazu: «Gaztelaniaz badago aplikazio hori, baina euskaraz ez. Ederra litzateke sortzea».

Aplikazio bat nola sortu?

Sakelako telefonorako edozein aplikazio sortzea litzateke ederra. Baina, nola sortu? Zer egin behar da horretarako? Etxebarria: «Beste edozein aplikazio bezala sortzen da sakelakorako aplikazio bat. Gauzak handiagoak egin behar dira hatzekin erabili ahal izateko. Software tresna batzuen bidez aplikazioa sortzen da ordenagailuan, eta ondoren sakelakora pasatu. Bertan probatu behar da aplikazioak ongi funtzionatzen duen edo ez». Ondorengoak dira pausorik zailenak: «Aplikazioa estoreetara bidali behar da, eta eurek onartu egin behar dute. Test batzuk pasatzen dituzte. Oso prozesu astuna da, astebete baino gehiago irauten baitu». Dena den, euskarak «abantaila» du, estoreek ez dutelako hizkuntza ulertzen.

Euskarazko aplikazioen zuhaitzak gero eta adar gehiago ditu, eta bide horretan segi beharra dela ohartarazi dute Etxebarriak eta Zuazuk, «beharrezkoa» delako aplikazioak sortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.