Gizarteak erdaldunduta

Garikoitz Goikoetxea / 2013-01-31 / 817 hitz

Eskolan beste eremu batzuetan baino askoz gehiago egiten dute euskaraz, ikerketa batek azaleratu duenez. Koskortuz doazela, gizartera biltzen dira gazteak, eta gaztelaniara.

Nabarmen jo du euskarak aurrera eskolan, baina gizarteko egoera oztopo bihurtu zaio aurrerago egiteko. Ondorio hori atera dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estudianteek euskara zenbat erabiltzen duten aztertuta. Adinaren artean dagoen aldeak sortu du arreta: 9-10 urterekin, ikasgelan euskaraz aritzen dira hamar ikasletik sei; 13-14 urte egiterako, ordea, hamarretik hiru ere ez dira. Zergatik? «Koskortu ahala gizartera irteten dira gaztetxoak, eta ohartzen dira gaztelaniaz funtzionatzen duela». Ondorio hori atera du Iñaki Martinez de Luna soziolinguistikan adituak. Imitatzera jotzen dute gaztetxoek: gaztelaniara maizago jotzen dute, eta euskaratik urrundu egiten dira orduan eta gehiago.

Arrue ikerketaren egileetako bat da Martinez de Luna. Ikasleen artean euskararen egoera zein den aztertu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundeak eta Soziolinguistika Klusterrak. Ondorioa: kalean eta beste eremu batzuetan baino askoz gehiago erabiltzen dute euskara eskoletan, nahiz eta alde nabarmenak dauden ikasgelaren eta jolastokiaren artean. Hizpide izango dute ikerketa hori gaur Donostian, Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldietan. Euskal Herriko eta atzerriko adituek aztertuko dituzte ikerketako emaitzak.

Ikasle gazteenen artean du toki handiena euskarak. «Lehen adinetan harro esaten dute euskaraz badakitela. Botere harremanak ere tartean daude; irakasleak dira boteredunak», esan du Martinez de Lunak. Argigarri dira datuak: 9-10 urterekin, etxean gaztelaniaz egiten dutenen erdiak ere euskaraz aritzen dira ikaskideekin gelan. Irakasleekin, are gehiago: hamarretik zortzi baino gehiago. Aintzat hartzekoa da etxeko hizkuntza euskara dutenak hamarretik bi eskas direla.

Euskara gutxiago etxetik

Etxean ikasitako hizkuntzarena da, hain zuzen ere, ikerketak utzi duen emaitza ilunetako bat. 13-14 urtekoak hartuta, %20,4 dira lehen hizkuntza euskara dutenak; 9-10 urtekoetan, %19,8. Gazteagoak, eta gutxiagok jaso dute euskara etxean. «Joera ez da espero zitekeena». Etorkinen kopurua areagotu izanari erreparatu dio Martinez de Lunak. «Baina badago hor beste galdera bat: non dira euskaldundu diren belaunaldiak? Guraso erdaldunak izan arren, euskaldundu direnak eta orain guraso direnak? Kezkagarriena hori da: zer hizkuntza portaera daukaten euskaldunduriko guraso horiek».

Gizarteratzen hasten dira pixkana-pixkana gaztetxoak, eta eskolatik kanpo egoera nolakoa den ikusten. «Leku guztietan zer hizkuntza den nagusi ikusten dute. Eta zer ikusi, hura ikasi. Erdaldunak dira erreferente gehienak gizartean». Interneten, musika taldeetan, hedabideetan. Murgilduz joaten dira eremu erdaldunetan, eta ikasgelako egoera irauliz joaten da: sare sozialetan, gaztelaniaz jarduten dute lautik ia hiruk, eta eskolan bertan ere gaztelania nagusi da, jolastokian: hamarretik sei hala mintzo dira.

Etenik gabeko bidea da, eta nerabezaroan sendotu egiten da. Martinez de Luna «Aldi horretan, nork bere eredua aldarrikatzen du; alegia, desberdina izatea gurasoek edo irakasleek diotenaren aldean, distantziak markatzea». Gehitu horri gizarteratze gero eta handiagoa. Emaitza, 13-14 urteko ikasleen jarduna aztertuta: ikastetxeko jolastokian are gutxiagok egiten dute euskaraz —bostetik batek ere ez—, eta, aldaketa are handiagoa dena, ia erdiraino jaisten da ikaskideekin gelan euskaraz hitz egiten dutenen kopurua.

Gaitasuna eta erabilera, lotuta

Kanpoko egoerak eskolan ere eragina baduela nabarmendu dute Arrue ikerketan; batez ere, 13-14 urtekoen artean. Eskolaz kanpoko ekintzei begiratu diete, haiek dutelakoan eragin handiena; bostetik batek egiten ditu ekintzak euskaraz. 9-10 urterekin, hizkuntza ereduak du zerikusi handia. Euskara gehiago darabilte D ereduko ikasleek; Lehen Hezkuntzan%64 dira D ereduko ikasleak.

Urteroko ebaluazio txostenek diote alde handiak daudela eredu batzuetako eta besteetako ikasleen artean. Erabileran nahitaez du horrek eragina. «Gaitasuna, motibazioa eta erabilera elkarri lotuta daude. Horietakoren batean maila altuagoa edo baxuagoa izateak gainerakoetan eragiten du». Gaitasunak erabilera areagotzen du, eta erabilerak gaitasuna ere bai; motibazioa ere indartzen da bi horiek handitu ahala. «Gurpil zoro baten modukoa izan daiteke, baina horrelako egoera daukagu».

Argi utzi du ikerketak. 9-10 urterekin, euskaraz erraz egiten dutela diote ikasleen %21ek, eta gaztelaniaz eta euskaraz paretsu egiten dutela %24k. 13-14 urterekin, gutxiago dira euskaraz erraz aritzen direnak (%18,5), baita gaztelaniaz eta bietan aritzen direnak ere (%17). Soilik gaztelaniaz erraz egiten dutenak LHn baino hamar puntu gehiago dira, nahiz etxean euskara jasotakoak gehiago izan.

Joera hori azaltzeko, hizkuntza kalitateari ere begiratu dio Martinez de Lunak; alegia, euskara hizkuntza osoa ote den gaztetxoentzat, ba ote duten egoera guztietan moldatzeko moduko hizkuntza. «Eskolan barneratzen duten hizkuntza oso formala da maiz. Ez dituzte hizkuntza batean behar diren trebetasun guztiak. Halakoak ezin zaizkio eskatu eskolari. Talde harremanak behar dira, elkarrizketa informalak…». Hots, gaztelaniaz bezala, euskaraz ere garatu behar duela gazteen hizkuntza horrek. «Leku batzuetako neska-mutikoei ezin zaie eskatu besterik gabe trebezia horiek garatzeko, eta horrek, sarritan, gaztelaniaz aritzera eramaten ditu».

Irakasleekin erlazio berbera

Salbuespen bat bada: gaztetxo gehienek, baita 13-14 urte egitean ere, irakasleei euskaraz egiten jarraitzen dute. Datuak aztertuta, kezka bat sortu du Arrue ikerketak: ikusita eskolan gehiago erabiltzen dela euskara, ez ote dagoen arriskurik gaztetxoek soilik ikastetxearekin lotzeko euskara. «Ikusi behar da zer irudi transmititzen diegun hizkuntzaren inguruan. Helarazten dieguna bada euskara eskolan erabili behar dela baina beste inon ez, horrela garatuko dute». Soziolinguistak onartu du arrisku hori egon badagoela, baina adierazi du Arrue ikerketa eskuan hartuta «beste aldetik» begiratu behar zaiola egoerari: «Eskolako erabilerarik ez balego, non legoke euskara? Mugatua da, gabeziak badauzka, bai, baina eskolak oso ekarpen garrantzitsua egin dio euskarari».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.