Haserretuen erreferentzia

Juan Luis Zabala / 2013-02-28 / 585 hitz

Stephane Hessel hil da, ‘Indignez-vous!’ manifestu ezagunaren egilea. Argudioen argitasunak, egilearen biografiak eta kaleratu zeneko uneak ‘best seller’ baino zerbait gehiago izatera eraman dute liburu labur hori.

Mendebaldeko hainbat herrialdetan gero eta errotuago eta zabalduago dagoen agintearen aurkako haserrearen edo suminduraren erreferentzia garrantzitsu bihurtu du Indignez-vous ! liburuak Stephan Frederic Hessel nazien aurkako erresistentziako kide ohi, diplomatiko eta idazlea. Atzo goizaldean hil zen Hessel, 95 urte zituela, eta haren heriotzaren albisteak hedabideetan izan duen oihartzun zabalak argi erakusten du noraino den iritsia haren itzala.

Montpellierko Indigene argitaletxeak kaleratu zuen Indignez-vous !, 32 orrialdeko liburuxka xumea, 2010eko urriaren 20an, eta hiru euroan jarri salgai. Frantziako immigrazio politika salatu zuen lan hartan Hesselek, eta baita Israelek palestinarrei ezarritako zapalkuntza ere, Gazakoa bereziki; horrez gain, gogor mintzatu zen desberdintasun sozialak gero eta handiagoak bihurtzen dituzten Europako politika inboluzionista eta eskuindarren aurka, eta haserretzera eta haserre hori «matxinada baketsura» bideratzera dei egiten zuen obra labur hartan, azalpen argi eta didaktikoen bidez. Gizarte osoarentzat zen dei hura, baina indar bereziz zegoen gazteengana bideratua.

Inolako promozio kanpainarik gabe, argitaletxe txiki batek kaleratutako liburuxka hura gero eta oihartzun handiagoa izaten hasi, eta denbora gutxian bazter guztietan aipatutako best seller ezaguna izatera iritsi zen, marka harrigarriak ezarriz: hiru hilabetean 300.000 ale saldu ziren; urtebete igaro zenerako 34 hizkuntzatara itzulita zegoen, eta saldutako aleak lau milioitik gora ziren.

Euskara ez zen atzean geratu, eta hilabete gutxiren buruan, 2011ko otsailean, argitaratu zuen, Cenlit argitaletxearen Denonartean zigiluak Haserretu zaitezte!, Inma Erreak egindako Hesselen Indignez-vous !-ren itzulpena.

Europako hainbat herrialdetan —Espainian, Grezian eta Italian bereziki— azken urteotan indartu diren haserretuen edo suminduen mugimenduetan itzal eta predikamendu handia izan du Hesselen Indignez-vous !-k, eta baita New Yorkeko Occupy Wall Street mugimenduan ere.

Pare-parean plazara

Aldeko hainbat faktoreren uztarketari egotz dakioke liburuak izan zuen bat-bateko eta ezusteko zabalkunde arrakastatsua; mezuaren gardentasuna, egilearen biografia eta une politikoaren egokitasuna nabarmentzen dira horien artean. Hesselek edonork ulertzeko moduko argudioekin arrazoitzen zuen bere aldarria, eta aldarri horren sinesgarritasuna handitu egiten zuen egilea erresistentziako kide ohia eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren idazketa lanetan parte hartutako diplomazialaria izateak; gainera, liburua kaleratu zen garaian ernatzen hasia zegoen agintarien aurkako sumindura deituko zena. Modu egokian eta pertsona egokiak idatzitako liburua izateaz gain, unerik egokienean iritsi zen, pare-parean, plazara.

Hessel 1917an jaio zen, Berlinen, baina 1925ean Parisen errotu zen haren familia. Artistak zituen ama eta aita, Helen Grund eta Franz Hessel; bi gurasoek amodio triangelu bat osatu zuten Henri-Pierre Roche idazlearekin. Rochek idatzitako eleberri batean oinarrituta, haien gorabeherak kontatu zituen François Truffautek Jules et Jim filmean (1962).

Jatorri judua izaki, naziek preso hartu zuten 1939an, baina haiengandik ihes egin eta Charles de Gaullerekin bildu zen Londresen, nazien aurkako erresistentzian parte hartzeko. 1944an, Frantziara bidalia zelarik, alemanek atzeman zuten berriro, eta Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura eraman. Berger-Belsenera zeramatela, trenetik jauzi eginda ihes egitea lortu zuen. AEBetako tropekin sartu zen Parisen, garaile, 1945eko maiatzean.

Gerra ostean, NBEko idazkaritza nagusian lan egin zuen, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren idazketa lanak koordinatu. Sari asko jaso zuen garai hartan, eta gatazka askotako bitartekari lanetarako deitu zioten.

Brice Hortefeux Frantziako Immigrazio ministroak ezarritako politikak piztu zuen Hesselen aurreneko haserre agerikoa, 2008an. Frantzia indarrean jartzen ari zen «immigranteen ehiza» salatu zuen ozenki. Bi urte geroago kaleratu zuen Indignez-vous ! liburua, berak inondik ere espero ez zuen ospea emango ziona.

Hesselek kaleratu du beste libururik geroztik —Konprometitu zaitezte!, Josu Zabaletak euskaratu eta Alberdaniak 2011n argitaratua— ; eta agertu da gisa horretako besterik ere —Ekonomialari harrituen manifestua, Inma Erreak euskaratu eta Denonarteanek iaz argitaratua—. Baina Indignez-vous !-ek denen gainetik bereganatu du Mendebaldeko egungo haserrearen erreferentziarik hedatuena izateko ohorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.