Itsas gaineko mahastiak

Mikel Arrizabalaga / 2013-02-22 / 573 hitz

Zarautz eta Getaria herriak oinez lotzean, mahastien marea berdea eta itsasoaren urdina nahasten dira gure begi ninietan; ingurumaria paregabea da.

Kostatik gertu dago bide hau, oso ezagunak diren txakolin mahastien artean zabaltzen delarik, eta mendizale, erromes eta ibiltari askorentzat, horrek bereziki erakargarria egiten du. Bide batez, Zarautz eta Getaria herriek (Gipuzkoa) dituzten altxor arkitektonikoak ere merezi du bisitatzea.

Zarauzko Andre Mariaren Zeruratzea parrokiaren ondoan eman diogu hasiera gaurko ibilaldiari. Azpeitirantz doan errepidean, zahar etxearen ondotik igotzen den bidea hartu dugu. Puntu horretan, hiru ibilbide elkartzen dira: GR 121 (Gipuzkoako itzulia), PR-GI 35 eta PR-GI 32. Galtzada bizi eta piko bati ekin diogu, lehen txakolin mahastien ondora iritsi arte. Lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi orduko, porlanezko bidearekin gurutzatu, eskuin aldetik Santa Barbara ermitara iritsi, eta bertan Zarauzko bista ederrez gozatu dugu. Bide nagusira itzuli, eta igotzen jarraitu dugu berriro galtzada zaharrarekin bat eginda. Asfaltoarekin bat egin, eta ezkerretik doan bidea utzita (GR 121 eta PR-GI 35), zuzen segitu dugu, parean ikusi ditugun mahastiak nagusi diren lurretara.

Mahastien itsaso berdean dauden hainbat baserriren ondotik pasatu, eta berehala iritsi gara Txakolin Talaia begiratokira. Marea berdea da nagusi itsasoraino amiltzen diren lur hauetan ikusten dugun irudian. Gertu ditugu Getaria eta San Anton mendia —Getariako Sagua izenez ezaguna—. Meagatik datorren errepidearekin bat egin, eta maldan behera abiatu gara ezker-eskuin hedatzen diren mahasti bikainen artean. Herrira gerturatzean, Balentziaga museoa gure eskuinera utzi, eta eskaileretatik herrira jaitsi gara.

Getaria

Herriko kale zaharretatik jaistean, imajinatu nahi izan dugu lau urtean behin udan egin ohi den Juan Sebastian Elkano eta hamazazpi marinelen lehorreratzearen antzezpena —Sanlucar de Barramedan egindakoa—. Herri zaharra ezagutzeko modurik onena haren kaleetan murgiltzea da, eta aukera ezin hobea izango dugu historian atzera egiteko. Getarian hainbat garaitako arrasto ugari aurki daitezke: Salbatore parroki eliza, Zarautz, Olasotarren eta Aldamar dorretxeak, San Roke kaleko etxe gotikoak, Katraponako pasabidea, Juan Sebastian Elkanoren estatuak eta monumentua…

Gure ibilbidearekin jarraitu dugu, eta, horretarako, porturaino jaitsi gara, San Anton ezagutzeko asmoz. Getariako Sagua izenez ezaguna den San Anton mendira garai batean itsasoz bakarrik joan zitekeen; izan ere, XV. mendera arte, uhartea izan zen. Landarez inguraturiko uharte izateak askoren gotorleku bilakatu zuen; uharteak urtetan funtzio militarrak bete zituen. Ondoren, 1563. urtean, getariarren lanari esker, istmo baten bitartez herriarekin lotu zuten arratoia, eta bertarako bideak erraztu zituzten.

Portutik abiatu, eta sagurantz igotzeko dagoen oinezkoen bidea hartu dugu. Goranzko bidean, hainbat irudi ikus daitezke, hormek hartzen dituzten forma bitxien eraginez, baina badira Portugaldik Getariara heldutako Manuel Fernandesek eginiko eskulturak ere. Hala, harri batean emakume baten irudia ikus daiteke, batetik, eta baita arrantzaleak sarea eramanez irudikatzen duen beste eskultura bat ere. Bideari segituz, itsasargiaren ondora heldu gara. Egun itsasargia dagoen lekuan, ermita bat zegoen lehen, eta, 1813an, ermita hartan itsasargia jartzea erabaki zuten; izan ere, itsasotik zetozen arrantzontzi askok gainontzeko mendiekin nahasten zuten San Anton, eta asko bertan urperatuta geratu omen ziren. Itsasargia utzi eta gorako bideari jarraituz, mendiko punturik altuenera iritsi gara, eta, hantxe, Katxapo izeneko eraikuntza txikia dago. Hortik, euskal kostaldearen ikuspegia zoragarria da.

Zarautzera itzultzeko, portura jaitsi, eta hondartzaren gain aldetik, orain urte gutxi zabaldu duten Zarautz eta Getaria arteko pasealekura igo gara. Erabat laua da pasealekua, eta errepidearen paraleloan doa; bertatik aukera ezin hobea izan dugu kostaldearen paisaiaz gozatzeko. Goian geratu da mahastien distira berdea, eta orain, itsasoaren urdina dugu lagun, abiapuntura heltzeko. Zarautzen ere badugu zer bisitatu: Narros jauregia, Musika plazan dagoen Makatza etxea, Dorre Luzea, Dotorekua eta Portu Etxeak, Andre Mariaren Zeruratzea parrokia, Frantziskotarren eliza eta komentua eta Santa Klara komentua, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.