Jarraitu

Idurre Eskisabel / 2013-02-22 / 161 hitz

Hiru urte baino ez, eta denik-eta jolasik krudelenarekin hasita dago alaba: taldearen eremua markatzen, kideak baztertzen, zu nire laguna zara eta zu ez erabaki eta esaten. Oinarrizkoak dira, oro har, bazterketarako erabiltzen dituen irizpide gehienak. Batetik, norbere burua babesteko senari erantzuten diotenak: halakok jo egiten nau edo jostailua kentzen dit, eta, beraz, ez naiz bere laguna. Bestetik, gustu eta afinitate eratzen hasi berriek zedarritzen dute taldea: printzesetara edo peterpanetara edo pipitara edo lyoko kodeetara jolastea gustatzen zaienak barrura; futbolera edo ama-aitetara edo ezpatetara nahi dutenak, kanpora. Baina bada hirugarren irizpide sorta bat, askoz ere lausoagoa, ilunagoa; etorkizuneko botere joko eta borroken lehen entsegua: halako ez da nire laguna gaizki hitz egiten duelako, edo usain arraroa duelako, edo ilea gorria duelako, edo negar egiten duelako. Hots, desberdinaren, akastunaren, eta, batik bat, ahula(goa)ren baztertzea. Norbere burua besteen gutxiestearekin indartzeko estrategia agidanez senezkoaren ernamuina.

Eta hara! Zer diren gauzak! Hau guztia ez zait ba bururatu Twitterren jarraitzen ditudanen eta jarraitzaile ditudanen zerrendari begira nagoela?

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.