Mali tokiko idazleen arabera

Estibalitz Ezkerra / 2013-02-10 / 736 hitz

Maliri egokitu zaio orain, lehen beste herrialde batzuei bezala, Afrikaren miserien lekuko eta ordezkari izatea. Baina Mali sormen gune garrantzitsua izan da hainbat mendez, eta balio handiko idazle askoren sorlekua.

Zerbait izugarria (uler bedi hitzaren adiera osoan: izua eragiteko modukoa; beldurra, kasu honetan, ez da nahikoa) gertatu behar da Afrika albiste izan dadin. Oraingoan. Maliri egokitu zaio kontinentearen miserien lekuko eta ordezkari izatea Mendebaldearen aurrean. Maliren alde esan beharra dago, ordea, sormen gune garrantzitsua izan zela hainbat mendez. Songhai inperioko burua, Askia Handia, literatur zale porrokatua zen, eta haren agintaldian bultzada handia jaso zuen literatur klase orok. XVI. mendeko esploratzaile Leo Africanusen arabera, «Tonbuktun epaile, mediku eta apaiz ugari daude, eta guztiek soldata onak jasotzen dituzte erregearengandik. [Erregeak] errespetu handia die jakintza gizonei. Eskuizkribuen eskari handia dago… etekin handiagoa lortzen dute liburu salerosketatik bestelako negozioetatik baino». Kolonialismoak lehenik eta independentzia osteko barne-gatazkek ondoren kalte handia egin zioten literatur ekoizpenari zein zabalpenari, frantsesa bilakatu baitzen herrialdearen hizkuntza ofiziala, eta, ondorioz, une horretatik aurrera, frantsesez idatzitako lanek bakarrik lortu zuten Malitik kanpo ezagunak izatea.

Adame Konare Ba historialariaren ustez, frantsesen eta frantsesaren presentzia Malin kontu berria da herrialdearen historia barruan. Hain zuzen, XIX. mendeko bigarren herrialdean gertatu zen lehen kontaktua. Testu gutxi batzuk orduko esploratzaile eta militar frantsesen lana dira, baina zehazki frantsesez idatziriko literatura 1950. urte osteko fenomenoa da. Urte horretan Amadu Hampate Ba-k (Bandiagara, Mali, 1901-Abidjan, Boli Kosta, 1991) bere peul poesia argitaratu zuen. Garai berean ikusi zuten argia Ibrahima Mamadu Uan-en zenbait lanek zein Fily Dabo Sissoko-ren (Horokoto, Mali, 1900-Kidal, Mali, 1964) poesiak eta La passion de Djimé (1955) nobelak.

Konare Bak aipatzen duen bezala, frantsesa ez beste hizkuntzetan ekoitzitako literatura indartsua da Malin, baina ahozkoa da gehienbat gaur egun. Hampate Ba eta haren belaunaldikoen lorpena izan da ahozko literatura hori idatziz jartzea frantsesaren laguntzaz.

Bestelakoa da, baina, 1960ko hamarkadan argitaratzen hasi ziren idazleen egoera. Yambo Uologuem-ek (1940) Maliko iragana eta oraina aztertzen du bere lanetan, eta frantsesez egin ohi du hori. 1968an Renaudot saria jaso zuen Le devoir de violence nobelan Bambara inperioaren erretratu iluna eskaintzen du, afrikarrek afrikarren kontra egin zituzten bidegabekerietan (esklabutzan, besteak beste) sakonduz. Haren kasuan, baina, frantsesa sormen hizkuntza da. [Le devoir de violence-n plagio egin izana leporatu zioten Uologuem-i. Beste bi nobela idatzi zituen Utto Rodolph goitizena erabilita, baina ordutik ez du ezer argitaratu]. Seydu Badian Kuyate-k ere (Bamako, 1928) frantsesera jo zuen belaunaldi arteko gatazkak aztergai dituen Sous l’orage (1963) osatzeko, eta frantsesez idatzi ditu haren osteko lanak ere. Bere azken nobela, La saison des pièges (2007), gaur egungo Afrikako gizartearen erretratua egiten du, boterearen kritika zorrotz batekin.

Hurrengo hamarkadan jarrera aldaketa nabarmena gertatu zen Maliko letretan. Frantsesak nagusi izaten jarraitu zuen, baina ez Maliko gainerako hizkuntzak baino hobea kontsideratua zelako. Era berean, frantsesez idaztea ez zen afrikartasunaren kontrako sintomatzat jotzen. Ordukoak ditugu Gaussu Diawara-ren (Uelessebugu, 1940) lehen antzerki obrak zein Massa Makan Diabate-ren (Kita, 1938-Bamako, 1988) lanak. Azken hori griot izeneko Mendebaldeko Afrikako poeten ondorengo zuzena da. Haren osaba, Kele Monson Diabate, griot maisua kontsideraturik dago Malin. Massa Makan Diabatek berak aitortu izan du behin baino gehiagotan asko zor diola osabari. «Kele Monsonek ni Malinke ahozko tradizioan trebatzen hasi zenean, nigandik espero zuena bihurtu naiz. Baina traizioa egin diot nobelak idazten baititut nik. Kele Monsonen haurra naiz, baina haur traidorea naiz». Harenak dira Janjon et autres chants populaires du Mali (1970), Kala Jata (1970), L’aigle et l’épervier ou la geste du Soundjata (1975), Sundiata Keita (1217?—1255?) Maliko inperioaren sortzaileari buruzkoa, eta Kuta trilogia delakoa (Le lieutenant, Le coiffeur eta Le boucher de Kouta (1979—1982), Kitako gaur egungo bizimoduan oinarrituriko nobela errealistek osatua.

1980ko hamarkadan bi izen nabarmendu ziren: Ibrahima Ly (Kayes, 1936-Dakar, Senegal, 1989) eta Dumbi Fakoly (Kita, 1954). Lehenengoaren obren artean dago Toiles d’araignées (1982), jende arruntak pairatu behar izaten duen duen jazarpenari buruzkoa. Dumbi Fakoly-ren lanik ezagunenak Morts pour la France (1983), Bigarren Mundu Gerran Frantziaren alde borrokatu ziren Senegalgo soldaduen ingurukoa, eta La retraite Anticipée du Guide Suprême (1984), independentzia ostean Afrikan sorturiko diktaduren kritika.

Askoren kexua da emakumeek idatzitako liburu kopurua txikia dela Malin. Hala ere, kopuru txiki horren barruan izenburu esanguratsua askoak aurki daitezke, hala nola Aua Keita-ren (Bamako, 1912-1980) Femme d’Afrique. La vie d’Aoua Kéita racontée par elle-même (1975) autobiografia, Aicha Fofana-ren (Bamako, 1957-2003), Mariage on copie (1994), Aida Mady Diallo-ren Kouty, mémoire de sang (2002), tuaregen esku familia galdu duen neskato baten istorioa, Fanta-Taga Tembeley-ren (Sofara, 1946) Dakan (destinée) (2002) eta Fatumata Fathy Sidibe-ren (Bamako, 1963) Une saison africaine (2006).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.