Memoria aztertzeko, fikzioa

Igor Susaeta / 2013-02-16 / 549 hitz

‘Gatazken lorratzak’ liburu kolektiboak 1936ko gerraz eta euskal gatazkaz mintzo diren narrazioak ditu hizpide.

Amaia Serrano Mariezkurrenak uste du memoriaren gaia, «eta are memoria kolektiboarena», esparru askotan ikertu dela. Filosofian, historian, soziologian… «Gu, berriz, fikzioa aztertuta heldu gara horra». Gatazken lorratzak. Euskal arazoen isla narratiban 1936tik gaurdaino liburu kolektiboaren jardunaz mintzo da. Iragan hurbileko eta urrunagoko bi garai hizpide izan dituzten narrazioei heldu diete lana ontzeko: «1936ko gerraz eta euskal gatazkaz dihardutenei, alegia». Serranok berak eta Jon Kortazarrek koordinatu dute Utriusque Vasconiae argitaletxeak Kritika literarioa sailaren barruan plazaratutako 22. alea, eta koordinatzaileez gain, Ur Apalategi, Manu Lopez Gaseni, Ibon Egaña, Xabier Etxaniz eta Alvaro Rabelli kritikari literarioek idatzi dituzte artikuluak.

Liburuan «hainbat ikuspuntu eta iritzi» biltzen dituen hausnarketa bilduma horrekin euskal kritikan zegoen «hutsune bat» bete dutela uste du Serranok, «nahiz eta oraindik gauza asko dauden aztertzeko».

Hasierako asmoa zen 1936ko gerrari buruz hitz egiten zuen narraziogintza «soilik» aztertzea. Baina jabetu ziren euskal gatazkaz aritzen diren eleberri eta ipuin liburuak ere ikertu behar zirela, irakurleari ikuspuntu zabalago bat eman ahal izateko.

Horretarako, sei artikulu ekarri dituzte liburura. «Aurreneko hirurek euskal narratibaren alderdi bat hartzen dute, bere osotasunean azaltzeko alderdi hori. Eta beste hirurak obra jakin batzuen inguruko hausnarketak dira», azaldu zuen Serranok, atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Aurreneko artikuluan, Kortazarrek euskal literaturan 1936ko gerrak nola eragin duen azaltzen du, gerraren beraren garaitik gaur egun arte. «Hastapeneko saiakera horrek garai batetik bestera idazle belaunaldiak gerraz nola mintzatu diren ikusteko aukera ematen du», nabarmendu zuen Serranok. Bigarrenean, Etxanizek eta Lopez Gasenik haur eta gazte literaturan gaia nola jorratu den erakusten dute. Egañak, berriz, euskal gatazkak euskal narratiban zein presentzia duen erakutsi du, hirugarren artikuluan. «Besteak beste, nortasunaren, etikaren eta moralaren edo engaiamenduaren inguruan literaturak bultzatutako gogoeta agerian utziz».

Serranoren iritziz, «ikuspuntu orokorreko» hiru gogoeta horiek euskarazko literatur kritikan gai horren inguruan egindako lehendabizikoak dira, «horrek berekin dakarren erantzukizunarekin, noski».

Obra jakin bat aztertzen duten hiru artikuluetako aurrenekoa Ur Apalategik idatzi du. Memoriaz aritzean «ezinbestean» aipatu beharreko Ramon Saizarbitoriaren Gudari zaharren gerra galdua (2000) aukeratu du. Euskal literatur sistemari buruzko «kontakizun metaliterariotzat» har daiteke narrazio hori, koordinatzailearen ustez. Rabellik Inazio Mujika Iraolaren Gerezi denbora (1999) du mintzagai. «Obra horren garrantzia bikoitza da. Batetik, garai hartako autobiografia edo narrazio epikoetatik urruntzen den lehena delako; bestetik, anarkistak egiten dituelako protagonista, eta ordura arte ezohikoa zen hori». Azken artikuluan, berriz, Serranok Jokin Muñozen Antzararen bidea (2007) eleberriaren «interpretazio proposamena» egin du, «bertan gatazken gomutak arakatu eta, besteak beste, pertsonaiek noiz, non, nola eta zergatik eta zertarako gogoratzen duten aztertuz».

Literaturan 1936ko gerra eta euskal gatazka interesgune bihurtzea hainbat gertaeraren ondorio izan daitekeela pentsatzen du Serranok. «Adituek diotenari so eginez», bi arrazoi gailentzen dira, haren ustez. «Santos Julia historialariak dio etorkizun posible bat lortzeko zailtasuna dela. Tzvetan Todorov bulgariarraren iritziz, berriz, lehenaldian mintzatzeak orainaldiko kezkak aienatzea dakar». Horren ondorioetako bat da «lehenaldia hain present dugun honetan» narrazioak asko ugaritu direla: «Bai errealitate ontologikoari dagozkionak, baita fikzioari dagozkionak ere». Beraz, «istorioak birsortzeari eta iraganeko gertaerak interpretatzeari» ekin zaio.

Orain «hiru bat hamarkada» hasi zen gerren inguruko memoria literaturan aztertzen, Serranok azaldu zuenez. «Euskaraz, aldiz, lan bakan eta soil batzuk baino ez ditugu». Hori bai, uste du egin direla 1936ko gerra eta euskal gatazka lotzen dituzten literatur lanak. Muñozena, Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995), Ehun metro (1975) eta Martutene (2012), Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2003), eta Harkaitz Canoren Twist (2011).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.