Ondo merezitako atsedena

Amaia Portugal / 2013-02-21 / 822 hitz

CERNeko Hadroien Talkagailu Handia itzali berri dute, aurreikusita zegoen bi urteko etenaldi bat egiteko; tarte horretan, akatsak zuzentzea dute helburu, gerora makinari ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko.

Martxan jarri zutenean, munduaren akabera eragin zezakeela zabaldu zuten batzuek, ezjakintasunak itsututa; zulo beltz bat sorrarazi, eta horrek Lurra irents zezakeela. Hiru urte geroago, fisikaren historiako aurkikuntzarik handienetako baten eragile izateagatik da ezagunagoa. Higgs bosoiaren zantzuak topatzeko, ezinbesteko tresna izan da Hadroien Talkagailu Handia (LHC), baina emaitza oparo gehiago ere aterako dira haren ibilbidearen lehen fase honetatik. Ondo merezitako atsedena hartzea dagokio orain inoizko makinarik handienari; atzera urrats txiki bat egitea, bi urte barru inoiz baino indartsuago bueltatzeko.

Hiru urteren ondoren, Ikerketa Nuklearrerako Europako Zentroko (CERN) ikertzaileek joan den ostegunean geldiarazi zituzten LHCaren barruan abiadura bizian zebiltzan partikulak, aurreikusita zegoen bi urteko etenaldia egiteko. Genevako (Suitza) zentro horren sotoan dagoen tramankulu erraldoiak—27 kilometroko zirkunferentzia duen tunel baten barruan dago eraikita— indarberritu beharra dauka, fisikaren eta unibertsoaren misterioen inguruan aztarnak ematen jarraitzeko.

«LHCaren lehen hiru urteek oso asebete gaituzte. Makinak, esperimentuek, konputazio baliabideek eta azpiegitura guztiek portaera bikaina izan dute, eta poltsikoan daukagu jada berebiziko garrantzia duen aurkikuntza zientifikoa», esan du Rolf Heuer CERNeko zuzendari nagusiak, Higgs bosoia gogora ekarrita. Beti ez da horrela izan, ordea. Hastapenetan, makina bat arazori egin behar izan zioten aurre, eta, hain zuzen ere, horiekin zerikusi zuzena du hasi berri duten etenaldi honek.

Arazook ulertzeko, Hadroien Talkagailu Handia zer den azaldu behar aurrena. Atomoa baino txikiagoak diren partikulei izugarrizko abiadura eman eta elkarren kontra talka eginarazten dien makina bat da LHCa, sekula eraiki den tramankulurik handiena. Atomoaren azpiko eskalan ezin da nolanahi aztertu; fisikak bestelako arauekin jokatzen du baldintza horietan. Eta, aldi berean, baldintza horietan eta arau horien pean ezkutatzen dira partikulen fisikaren misteriorik handienak: zer da masa? Zerk osatzen du unibertsoa? Nolakoa zen materia Big-Bang gertatu berritan? Ba al dago laugarren dimentsiorik?

Buruhausteak 2008an

Galdera horiei pixkanaka erantzunak topatzeko itxaropenez, 2008an jarri zuten martxan LHC, baina ekin eta bederatzi egun eskas geroago hasi ziren arazoak. Konexio elektriko kaskar bakar bat nahikoa izan zen eztanda bat gertatu eta makinaren zati bati kalte egiteko. Urtebete behar izan zuten konpontzeko, eta, gainera, gerora begira arriskutsuak izan zitezkeen akats gehiago topatu zituzten matxura hori doitzen zuten bitartean. Larriena, korrontea isolatzeko funtzioa duten kobrezko barra batzuetan.

Hori horrela, segurtasun neurri gisa, LHCak potentzia erdira murriztuta lan egin behar zuela erabaki zuten berriz martxan jartzean, harik eta etenaldi luze bat egin eta kobrezko 10.000 konexioak zuzentzeko tartea izan arte. Horixe egitera doaz orain.

«Berritze lan mordoa egingo dugu LHCaren inguruan, baina iman supereroaleen arteko korronte handiko 10.170 lotuneak sendotzea izango da gakoa, noski. Gutxi gorabehera, bostehun interkonexio konpondu eta sendotuko ditugu aldi berean, txandaka, LHCaren 27 kilometroko perimetroa estali arte», azaldu du Simon Baird ingeniaritza saileko zuzendariordeak. Steve Myers CERNeko azeleragailu eta teknologia zuzendariak gaineratu duenez, «funtsean, LHCko imanen arteko konexioak berreraikiko ditugu, 2015ean berriz martxan jartzen dugunean, diseinatu zutenean makinari helburutzat ezarri zitzaion energia maila lortu ahal izateko». Zehazki, 14 teraelektronvolteko energia talkak sortzea da xedea. Inoiz ez da halakorik egin.

Orain arte, hasieran aurreikusi baino askoz ere energia gutxiagorekin lan egin du LHCak, beraz. Iaz, esaterako, zortzi teraelektronvoltera iritsi zen; hori izan da maximoa. Hala ere, hiru urte eskasean eman dituen emaitzak ez dira nolanahikoak izan. Horietan nabarmenena, noski, Higgs bosoia izateko baldintza guztiak betetzen dituen partikularen aurkikuntza. 2012ko uztailean eman zuten haren berri CERNen bertan, eta erabat egiaztatuz gero, aurrera pauso handia izango da masaren jatorria argitzeko bidean.

Azken unera arte eduki dute lanean, gainera, 27 kilometroko zilindro erraldoiak biltzen duen makineria. 2013ko aurreneko asteetan, esaterako, protoien eta berun nukleoen arteko talkak eragin dituzte LHCaren barruan. Big-Bang gertatu berritan materia nolakoa zen argitzeko lagungarria izan daiteke esperimentu hori, esaterako.

Munduko makinarik handienaren funtzionamendua eten dute dagoeneko, horrenbestez. Egin beharreko lanak 2014ko abendurako bukatzea da helburua. Lehen partikulak azeleratzen hasiko dira orduan, eta, dena ondo badoa, 2015eko otsail edo martxo aldera % 100ean lan egiteko moduan egongo da LHCa lehenbiziko aldiz.

Ehunka lagunek parte hartuko dute konponketa lan horietan. Gainera, bide batez, makina bera ez ezik, harekin zerikusia duten CERNeko beste instalazio batzuk doitzeko ere baliatuko dute aukera. Bitartean, hiru urteotan esperimentuak egiten aritu direnek ere izango dute zer ikertu. Izan ere, espero baino potentzia murritzagoarekin jardun behar izan duten arren, uste baino datu gehiago metatu dituzte Genevako sotoan hiru urteotan.

Guztira, ehun petabyte datu baino gehiago bildu dituzte, zehazki; bereizmen handian filmatutako 700 urteko film baten parekoa da hori. Gainera, 2012an egin dute benetako jauzia, aurreko bi urteetan bildutakoaren hirukoitza baino gehiago lortu baitzuten iaz. Horrek esan nahi du, esaterako, Higgs bosoiaren zantzuak topatu zituzten garaian baino askoz ere datu gehiago dituztela orain esku artean. Informazio berri horrekin, ikertzaile batzuk partikula berri horren ezaugarriak are gehiago xehatzen ahaleginduko dira aurtengo udan, benetan espero bezala Higgs bosoia ote den argitzea helburu.

Bi urteko etenaldi horretan fisikariek izango dituzten zereginen adibide bat besterik ez da hori; nabarmenena, akaso. Kontuak kontu, LHCa izango da CERNen atseden hartuko duen bakarra. Zientziak ez du oporrik hartzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.