Zatiek bat

Alex Gurrutxaga / 2013-02-03 / 465 hitz

  • Izenburua: Paper-festa
  • Egilea: Anjel Lertxundi
  • Argitaletxea: Alberdania

Hainbeste nobela idatzita eta haien sona saiakerena baino handiagoa izanik, akaso diskrezio gehiagorekin pasatzen da Anjel Lertxundi saiogilea. Aldarrika dezagun.

Hainbat obra interesgarri idatzi ditu eta Espainiako Saiakera Sari Nazionala (2010) irabazia da. Modu askotan landu du saiakera Lertxundik: gogoratu, esaterako, hain desberdinak eta hain onak, Piztiaren izena (1995), Mentura dugun artean (2001) edota Eskarmentuaren paperak (EP) (2009). Oraingoan, azken horren ildotik jarraitu du, liburuaren azpitituluak dioen bezala, minimalian. Paper-festa antolatzen ez du lan gutxi, aidanez. EP-ekin dituen antzekotasunak direla-eta, «haurrideak dira, baina ez bikiak» esan du Lertxundik berak; hain zuzen, testu klase berbera bildu du bietan, eta gai eta egitura aldetik ere badago parekotasunik.

Julio Ramon Ribeyrok Prosas apátridas (1975) liburuan sartu zituen aberririk ez zuten testuak. Lertxundi honela mintzo zen EP-en liburu horri buruz (Paper-festa-n ere aipatzen du liburua): «Ez dira prosazko poemak. Ezta egunkari bateko hausnarketak ere. Ezta zirriborroak ere. Oso testu laburrak dira; testu bakoitzak bere batasuna du…» (EP, 138). Antzeko zerbait esan daiteke Lertxundiren lanaz, baina perutarraren lanean ez bezala, adabakiak josteko borondatea agerikoa da hemen. «Bateratasun zatikatua» duela zioen Mikel Ayerbek EP-egatik; Paper festa-gatik ere esan daiteke eta, gainera, kasu honetan sendoagoak dira liburuari aurrera eginarazten dioten hariak (lau gai eta lau atal nagusi, EP-eko zortzien aldean), eta, tarteka, segidako adabakiek ere erlazioa dute.

Atal berritzaileena lehena da akaso (Lubakiak, barne-muinetan), gerraren inguruko hainbat pasadizo eta gogoeta biltzen dituena. Esango nuke egiatzat ematen direnak zalantzan jartzeko asmoa dagoela, etikaren esparruan mugituz hainbatetan, barne-muinetan gertatzen diren gatazkei begira batez ere: hor daude identitatea (Identitatea), aberria (Aberria buruan) edota memoria (Memoria eta kaleak). Bigarren atalak (Bizitza hizpide) bizitza arruntaren kontuak lantzen ditu, eta hirugarrenak, aurrekoaren ifrentzua balitz bezala, bizitzaren eskarmentuari literatura jartzen dio aurrean. Kontrasteak ongi funtzionatzen duela esango nuke. Azken atalean, Heriotza, oinazearen aita da gai nagusia (EP-n bezalaxe), baina baita ironiaz lantzen diren denbora, gaitza eta erlijioa ere. Gai horrek itxi egiten du nolabait liburuaren ibilbidea: gerra, bizitza eta literatura, heriotza.

Aipagarria da testuen forma aniztasuna: azalpen motzak nahiz luzeak, elkarrizketak, aipuak, mikroipuinak, zerrendak, apunteak, eta abar. Bestalde, narratzaile desberdin asko dago: haurrak, gezurtiak, eroak, eta abar. Formalki ez ezik, estilo aldetik ere denetarik aurki daiteke: narrazio tragikoak, umoretsuak, ironikoak, baita kutsu kafkarra duenik (adb. Zoruan zeru) edo Raymond Queneauren estilo ariketen gisara (aditzik gabe edo a-rik gabe) osaturik ere. Halere, nekez aurkituko du irakurleak jolas edo artefaktu hutsa den atalik.

Lertxundiren saiakera liburuetan, idazle behatzailea ez ezik, irakurlea eta pentsalaria ere nabarmentzen dira: testuan zehar literaturari eta errealitateari buruzko gogoeta ezin hobeki lotzen dira. Badaude zati ahulak, eta liburuaren arriskua horretan dago, hain zuzen: puskaren batek hotz utziko du irakurlea, anekdota sinpleegi bat irakurri balu bezala. Alabaina, oro har, gaiak lantzen eta mezuak transmititzen liburuak funtzionatu egiten du: gogoetak modu labur, eragingarri eta dotorean transmititzea luma trebe eta zailduaren emaitza da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.