Amarauna auzolanean

Aitor Aretxaga / 2013-03-20 / 480 hitz

Joerak sortzen nahiz hedatzen ezinbesteko bitartekaria bihurtu da Internet. Batentzat zailtasunik gabeko ezagutza dena munduko beste puntako batentzat jakintza iturri baliotsua izan daiteke.

Jendearen ekinez sortutako egitasmoek Internet hartu dute ibilgailutzat. Ez da harritzekoa; izan ere, sare sozialen eta edukia partekatzeko webguneen eztandari esker, edonork informazioa sarean jarri eta kontsumitu dezake. Jauzi hori, Web 2.0 izenez ezagutzen da. Hainbesterainokoa da edukien hazkundea, ezen Googleko zuzendari exekutibo Eric Schmidten hitzetan, «orain, bi egunean behin informazio gehiago sortzen da sarean, zibilizazioa sortu zenetik 2003. urtera arte pilatutakoa baino». Ukaezina da baita ere hazkunde horretan eragin dutela teknologia berriek egunerokotasunean hartu duen lekuak eta sozializatzeko sareek ekarritako eredu aldaketak.

Auzolan eredu berriak

Baina, zein eginkizun izan behar luke Internetek? Internet adimen kolektiboa da, nodoen artean banatutako jakintza hetereogenoen sarea; eta gaitasun horiek dinamizatzeko, mugiarazteko eta partekatzeko ahalmena dauka. Erabiltzaileek sortu, eta haiek kontsumitzen duten datuen bilgunea da. Ideia horren sustatzailea Pierre Levy izeneko filoso, idazle eta irakaslea da; haren L’Intelligence collective. Pour une anthropologie du cyberespace (Adimen kolektiboa. Ziberespazioaren antropologia baten alde ) argitalpenean hasitako korrontearekin (Paris, 1994) .

Aurreko premisa egia bada, arruntena da elkarlana eta partekatzea helburu duten ereduak indarra hartuz joatea Interneten. Izen bera ere badaramate eredu berri horiek: ingelesezko crowd hitza edo jendetza partekatzen dute erro gisa. Crowdfounding edo finantzaketa kolektiboaz Zibergelan esandakoak gogoratzea ez legoke soberan: http://zibergela.bitarlan.net/2012/12/13/crowdfundinga-proiektuak-finantzatzeko-bidea/. Euskaratutako bi webgune ere badaude helburu bererako: http://www.verkami. com/ eta http://goteo.org/ .

‘Crowdlearning’, ikaskuntza kolektiboa

Aurrekoaren ideia beretik edaten du elkarlanerako Crowdlearning egitasmoak ere; baina proiektu hori jakintza banatzera eta bilatzera bideratuta dago. Hezkuntza eta heziketarako eredu berritzailea da Crowdlearning, azken muga gisa du ezagutza handitzea eta jendea erronka berriei aurre egiteko gaitasunez doitzea.

Hala, aditu bat interesatuekin lotzeko hainbat atari zabaldu dira: Skillshare amerikarra da erreferentea: http://www. skillshare.com/. Floqq espainiarrak ere eskola presentzialak nahiz sarekoak antolatzeko balio du: http://www. floqq.com/. Alabaina, ia sinbolikoki bada ere, eskolengatik ordaindu behar da.

Horren harira, antzekoak dira MOOC edo Massive Online Open Course direlakoak, baina jakintza libre idealago batean oinarritzen dira. Modu irekian eta masiboan, plataforma telematiko bidez, ordutegi gabe eta filosofia parte hartzailean oinarritutako doako eskolak osatzean du oinarria. Euskal Herrian badago horren eskaintzarik: UEU eta Asmoz Fundazioak aurreneko euskarazko MOOC ikastaro bat antolatu berri dute, Android programazioari buruzkoa. Informatikariei eta programatzeko zaletasuna duen edonorentzat da, eta matrikula epea apirilaren 31ra artekoa da. Webgunea honako hau da: http:// mooc. asmoz.org/.

‘Crowdsourcing’, ekintzailetza kolektiboa

Crowdsourcing adibide onena Wikipedia da: ohiko lana banaka eta toki jakin batean egin beharrean, Interneti esker, hainbaten artean lana zati txikitan eta hainbat tokitatik banatuta egitea litzateke ideia.

Metodologia horri abantailarik onena ateratzen dion esparrua aplikazio informatikoen programazioarena da, hala ere. Elkarren arteko mendekotasuna daukaten dokumentu sorten bertsioen kontrola eramaten duten tresnak erabiltzen dira, pertsona asko dokumentu bakarrean ibiltzea inorentzako eragozpen izan ez dadin. Horien artean tresna ezagunena Git (http://git-scm.com/) da. Amaraunean Git erabilita kontrola eramaten duen Crowdsourcing ataria josita dago proiektuz, kodea jaitsi eta erabiltzeko prest dago: https://github. com/.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude