Arima, zerua zeharkatzen

Amaia Portugal / 2013-03-21 / 838 hitz

Martxan da ALMA, inoizko astronomia egitasmorik handiena. Uhin milimetrikoak detektatzen dituzten 66 irrati teleskopiok bat eginik egingo dute lan hemendik aurrera, Txilen, bost mila metroko garaieran.

Ingelesez, the sky is the limit (zerua da muga) esan ohi da norbaitek edo zerbaitek etorkizun oparoa duela adierazteko. Goia ez duela berehalakoan joko, alegia, ibilbide luzea eta arrakastatsua izango duela artean. Atsotitz hori oso txiki geratu zaio ALMA proiektuari. Inoizko astronomia egitasmo handiena da: hamarnaka teleskopio, bat eginik, espazioko objektu txikienak eta urrunenak detektatu nahian. Joan den astean inauguratu zuten Txileko Atacamako basamortuan, Chajnantor lautadan.

Atacamako Milimetro/azpimilimetro Array Handia esan nahi du ALMAk, bere ingelesezko laburduran. Aldi berean txikia eta handia baita: txikia, bertako irrati teleskopioek 0,3 eta 9,6 milimetro arteko uhinak detektatzen dituztelako, eta handia, antena erraldoi ugari biltzen dituelako. Ez alferrik, Europako Hego Hemisferioko Behatokiak Ipar Amerikako, Ekialdeko Asiako eta Txileko instituzioekin egin du bat proiektua gauzatu ahal izateko.

Guztira, 66 irrati teleskopiok osatzen dute ALMA: hamabi metro luze diren 54, batetik, eta zazpi metroko beste hamabi, bestetik. Gainera, batetik bestera mugitu daitezkeenez, askotariko egituraketak osa daitezke horiekin. 150 metro eta hamasei kilometro da teleskopioen artean egon daitekeen distantzia minimoa eta maximoa, hurrenez hurren.

«ALMAren elementu bakoitza irrati teleskopio bat da, uhin milimetriko horiekiko sentikorra den antena paraboliko bat. Teleskopio horiek ez dute nork bere kabuz lan egiten, elkarrekin baizik. Hartara, irrati antena erraldoi baten baliokidea osatzen dute. Batak eta besteak jasotzen dituzten irrati uhinak eta argia koordinatu egin daitezke, eta horrela, xehetasun askoz ere handiagoak lortu», azaldu du Javier Armentia Iruñeko Planetarioko koordinatzaileak. Une oro teleskopio bakoitzak bidalitako irudiek besteekin bat egin dezaten, argazkiak banan-banan biltegiratzen dira, bakoitzak erakusten duen kokapena eta denbora ere txertatuta.

Atacamako basamortuan dago ALMA, Txilen, 5.000 metroko garaiera duen paraje batean. Astrofisikariek ez dute bertan lan egiten, noski: behatokia askoz ere beherago dute, eta bestela ere, gaur egun munduko edozein muturretik jarraitu daitezke proiektuaren gorabeherak. Makineria guztia bertara igotzea ez zen lan makala izan, baina bazuten halako ahalegina egiteko arrazoirik.

Exoplanetak

Armentiak adierazi bezala, «atmosfera garbia da hor, apartekoa, eta horrela lortzen duten irudiaren kalitatea txundigarria da. Gainera, uhin azpimilimetrikoekin lan egiten denean, detektagailuek zero azpitik 269 gradutara egon behar dute. Lau Kelvin gradu baino gehiago dituen edozerk interferentzia eragiten du. Jakina, 5.000 metroko garaieran tenperaturak txikiagoak dira, askoz ere bakartuago dago eta interferentziak nabarmen txikiagoak dira. Atacamako basamortua da zeruari behatzeko toki onenetako bat, atmosfera oso egonkorra eta bereziki lehorra delako, prezipitazio gutxikoa».

Txikiak direlako edo urrun daudelako, oso ahulak diren objektuak detektatzeko aukera ematen du ALMAk. Besteak beste, oso baliagarria izan daiteke jaiotzen ari diren izarrak eta galaxiak detektatzeko. Izan ere, horrelako fenomeno bat gertatzen ari denean, molekula lainoa agertzen da, eta, hain zuzen ere, horrelako teleskopioek antzemateko moduko baldintzak ditu fenomeno horrek: bere materia uhin milimetrikoan detektatzen da, eta oso tenperatura baxua du.

ALMAk ematen dituen bereizmen aukera handiak ere nabarmendu ditu Armentiak: «Argi kantitate handiagoa biltzen duenez, hobeki bereiz dezakezu, eta argi mota horren xehetasun handiagoa izan». Gainera, antenak mugitzeko eta horien arteko askotariko egituraketak egiteko aukerari esker, une jakin batean jomugan daukagun espazioko puntua ez ezik, bere ingurune osoa ere aztertzeko aukera ematen du.

«Izarren sorrera, galaxien barrualdea, unibertsoaren bizitzako lehen galaxien aurreneko uneak, planetak sortzen ari diren tokietan izarren inguruan dagoen hauts lainoa… Molekulak nagusi dituzten eta unibertso hotzean dauden gauzak izango dira ikusten errazenak. Irudiaren analisia egiteko ahalmen handiagoa izango dugu, bai eta bereizmen handiagoa ere. Nolabait esatearren, pixel gehiago dituen eta sentikorragoa den kamera bat daukagu», esan du Armentiak.

Azken hamabost urteotan aurrepauso handiak egon dira Eguzki sistemaz kanpoko planeten (exoplanetak) bilaketan, besteak beste Kepler teleskopioak bildutako datu mordoari esker. ALMAren erronketako bat bide hori urratzen jarraitzea dela uste du Armentiak. Besteak beste, planeta horietakoren batean bizitza egoteko baldintzarik ba ote dagoen iragartzea posible izan daitekeela uste du: «Aukera izan dezakegu planeta horietakoren batek atmosfera izan dezakeen zehazteko. Molekula batzuk aurki ditzakegu agian. Biotrazatzaileak, alegia. Planeta horietakoren batean bizitza dagoela adierazten duten aztarnak izan daitezke».

Izan ere, nahiz eta planeta horiek oso urruti egon eta ez ikusi, eta nahiz eta oso argi txikia islatu, akaso etorkizunean hori nahikoa izango da zantzu batzuk xehatzeko. «Beren izarraren aurretik igarotzen direnean planeten ingurua nola argitzen den aztertuta, agian kimikoki aktiboak diren atmosferak detektatu ahal izango dira, eta hori bizitza egoteko aukerarekin lotu. Agian ALMArekin lortu ahal izango dugu hori, urteen poderioz», azaldu du Armentiak.

Gainera, proiektu hau ez da, inolaz ere, geldi egotekoa, hobekuntzak txertatuko baitzaizkio horiek garatu ahala. Bai eta beste proiektu batzuekin elkarlana sustatu ere. Adibidez, NASAk James Webb teleskopio infragorria bidaliko du espaziora urte gutxiren buruan, eta baliagarria izango da ALMAren ikuspegia osatzeko. Datorren hamarkadarako aurreikusita dauden 40 metroko diametroa duten teleskopioek ere ekarpen handia egingo dute, beste zenbait proiekturen artean.

Datozen hamarkadetako erronka handietako bat ere aurreratu du Armentiak: «Lehenengo galaxietan bizitza nolakoa zen jakiteko analisi oso bat egingo da. Unibertsoak 200-300 milioi urte zituenean, lehenengo izarrak osatzen ari ziren. Unibertsoa zabalduz joan dela eta, orduan sortzen ari ziren objektu horien argia orain behatu dezakegu, uhin milimetriko eta azpimilimetrikoetan. Beraz, 200-300 milioi urte zituen unibertsoa nolakoa zen ikusteko, ALMArena bezalako antenekin aztertu beharko da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.