Calderon de la Barca euskaraz, ametsetik bizitzara

Gorka Erostarbe / 2013-03-09 / 482 hitz

Xabier Payak ‘Bizitza amets’euskaratu du, eta Monika Etxebarriak, Alain-Fournierren ‘Meaulnes handia’.

Jendeari Calderon de la Barcaren La vida es sueño itzultzen ari zela esaten zionean, harrituta erantzuten omen zioten. «Baina ez al dago jada euskaraturik?». Erantzun horrek harrituta uzten zuen Xabier Paya. «Erantzunak azaltzen zidan hori zioenak ez zuela ezagutzen obra, ez zuela irakurria. Liburuaren barrukoa ezagutuz gero, ez luke hain ziurtzat emango euskaraz jada egoterik». Biktoriano Iraolak Euskal-Erria aldizkarian, 1881ean, Pedro Calderon de la Barca idazle espainiar barrokoari eskainitako bertsoak kantatuz hasi zuen aurkezpen ekitaldia Payak: «Bizitza dala ametsa diyon liburu aundi argatik,/ zer esango det, famatutzeko euskarak ez badu itzik?/ Baña lan ura oroitutzian zeñek txapela burutik/ ateratuta ez du onratzen goitandi ura burutsik?». Bertso harekin bat dator bertsolari eta itzultzailea: «Are gehiago, idazle pasaitarrak bertsook jarri zituenetik 2012. urtera euskara izugarri garatu bada ere, Etxepareren hizkuntzak oraindik ez du hitzik Calderon de la Barcaren lana merezi duen bezala goratzeko».

Gabezia hori estaltzeko gogoak akuilaturik, eta langintzaren zailtasunaz jabeturik, ekin zion Payak 3.319 bertso lerroz osaturiko antzerki testu hori itzultzeari. Eta ez nolanahi, gainera: edukiari leial izateaz gain, formari ere leial izateko helburuarekin ekin baitzion lanari; hitz neurtuz eta errimak errespetatuz, alegia. «Nik horri muzin egin behar nion, beste kultura batzuek egiten duten bezalaxe?», galdetu du egileak. Esaterako, Frantziako kulturaz ari da. Frantsesez hitz lauz itzuli baitzuten Calderon de la Barcak idatzi eta 1635ean estreinaturiko lana. Ingelesez, aldiz, hitz neurtuz. «Ingalaterran badute antzerkia neurtitzetan idazteko tradiziorik. Eta neure buruari galdetzean Euskal Herrian ba al den neurri eta errimarako ohiturarik. Erantzuna garbi izan nuen». Bizitza amets euskaratzeko ametsa bete du, hortaz, Payak, eta Literatura Unibertsala bilduman plazaratu dute. Silbak, hamardunak, erromantzeak, bostdun txikiak, laudunak eta zortzidunak ditu antzezlanak, eta horien ohiko neurriak errespetatu ditu, lizentzia gutxi batzuen salbuespenarekin. «Esangarritasuna, ikusgarritasuna eta emozioa islatu behar ditu testuak, eta errima eta neurria saihestea ez zen horren mesedetan joango».

Nobela iniziatikoa

Aurrez, Tennessee Williamsen Desio izeneko tranbia euskaratu zuen Payak. Hura ere Literatura Unibertsala bilduman plazaratu zuen. Gaur egun, Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek sostengatzen dute bilduma, elkarlanean. Bilduma horretan plazaratu dute, halaber, Henri-Alban Fournier idazle frantsesaren (1886-1914; Alain-Fournier ezizen artistikoz) Meaulnes handia gazteentzako nobela, Monika Etxebarriak euskaraturik. Lehenago Jean Paul Sartreren Goragalea eta Danilo Kisen Hildakoen Entziklopedia euskaraturik ditu bilduma horretarako.

Meaulnes handia gehien irakurri diren frantsesezko eleberrietako bat da, eta klasiko bihurtua da. Hamaika hizkuntzatara itzulia izan da, eta 1913az geroztik bost milioi aletik gora saldu dira poltsikoko edizioan, eta izenburu bereko bi film egin dituzte. Idazleak 18 urte zituela neska bat ezagutu zuen: Yvonne de Quievrecourt (1885-1964). Amodio ezinezko bat izan zen, baina topaketa labur horrek, ordea, erabat markatu zuen idazlea. Neska hura izango zuen inspirazio iturri Le Grand Meaulnes idazteko.

Nobela «irakurterraza» da, Etxebarriaren hitzetan, eta ahalegin handiena irakurtzeko erraza izateko egin zuen itzultzaileak. Erakargarri izateko hainbat arrazoi ditu liburuak, Etxebarriaren irudiko, batez ere gazteentzat. Abentura liburutzat edo liburu iniziatikotzat jotzen dute aditu gehienek, baina bestelako ezaugarri batzuk ere baditu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.