Diziplina-aniztasuna

Marian Iriarte / 2013-03-07 / 318 hitz

Joan den urtean Alan Turingen jaiotzaren mendeurrena ospatu zen. Bere lan esanguratsuena matematikaren eta informatikaren arloan garatu bazuen ere, baditu ekarpen interesgarriak beste hainbat arlotan. Matematikari britainiar horrek txiki-txikitatik erakutsi zuen jakin-mina. 16 urte bete baino lehen Einsteinen lanak irakurrita zeuzkan. 1931n Cambridgeko King’s College-an hasi zituen bere goi mailako ikasketak, eta 22 urte zituela Collegeko fellow izendatu zuten. Askoren ustez, informatika teorikoaren sortzailea da hura, eta elektronika digitalean oinarrituriko lehen ordenagailua eraiki zuen. Bere ezagutza hainbat arlotan erabili eta aplikatu zuen, adibidez, Bigarren Mundu Gerran Britainia Handiko gobernuari lagundu zion alemaniarren arteko mezu zifratuak deskodetzen. Baina matematikaren arloko lanaz gain, beste arlo batzuetan ere aritu zen eta horixe ekarri nahi nuen gaurkoan hona.

Morfogenesia deritzona azaltzeko erreakzio kimiko batzuen azterketa zertan den azaldu zuen argitalpen batean. Morfogenesiak etimologikoki «formaren jatorria» esan nahi du, eta izaki bizidun batek bere forma zehatza garatzeko prozesu biologikoa da, hau da, enbrioia garatzen ari den bitartean zelulak espazioan nola kokatuko diren. Turingek forma jakin batzuk sortzeko konbinazio matematikoak proposatu zituen (Turingen patroiak) eta gaur egun frogatu egin dira benetako patroi biologikoekin, adibidez, lehoinabarren orbanak, tigreen marrak…

Ez dut gehiago sakondu nahi Turingen lanean, ez bainaiz informatikan aditua, nire helburua beste bat da. Gaur egungo hezkuntzan askoren ahotan azaltzen da espezializazio handiagoaren beharra, gizarte espezializatu eta aurreratuak behar dituen profesionalak prestatu behar omen ditugu. Garai bateko jakintsuak jakintsu orokorrak ziren, filosofia, matematika, zientzia, arkitektura… arloak lantzen zituzten, jakintza arlo zehatz bakarrera mugatu gabe. Gure ikasleak gizartearen beharretarako trebatu behar ditugu, baina, euren ibilbide profesionalean zehar, batek daki zenbat aldiz egokitu beharko duten behar berrietara. Horixe da euren trebakuntzan garrantzitsuena, ez zer dakien honi edo beste hari buruz, arazo berrien aurrean nola jokatzen jakitea baizik. Informazioa etengabe ari da berritzen, eta, gainera, guztiontzako eskuragarri daukagu sarean.

Turingen bizitza adibide egokia da gure ikasleei azaltzeko zein garrantzitsua den zientziaren arlo ezberdinen arteko lankidetza. Gaur egungo munduan ,edozein aurrerapen zientifiko-teknologikoren atzean eremu ezberdinetako jakinduriak egongo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude