Ezinegonaren literatura

Gorka Erostarbe / 2013-03-02 / 433 hitz

Txomin Peillenek ‘Jan Dabrowski’ plazaratu du, jatorri poloniarreko frantses aita-semeen istorioa.

Norberaren nortasuna eta nolakotasuna bere ingurumariak zedarritzen duela argi uzten du Txomin Peillenen literaturak. Parisen jaiotako euskalduna izaki, diasporak markatu du bere sorkuntza ere. Euskal Herriaz kanpoko historia eta istorioetan arreta berezia jarri izan du bere literatur ibilbide luzaroan. «Euskal literaturan sarriegi geure zilborrari begira gaude», dio idazleak. «Beste zibilizazioak ezagutzeko beharra badut. Behar dugu jakin besteak nola bizi diren, gurea azaltzeko».

Guraso zuberotarren semea, Parisen jaio zen, 1932an. Soldaduska Aljerian egin zuen, Jon Miranderekin batera Igela aldizkari satirikoa sortu baino urte batzuk lehenago. Eta han jatorri poloniarreko frantziar bat ezagutu zuen: Joseph Dabrowski. Harengan oinarritua da, neurri batean, Jan Dabrowski, Utriusque Vasconia argitaletxearekin plazaratu duen nobela. «Dabrowski dut izena. Atezaindegi ilun eta heze batean bizi gara. Bai, erdi ilunbetan argi-hiria omen den hiri honetan. Paris! Paris! Ipar Frantzian bizi nintzenean Parisez amets. Orain hemen nagozu eta gure ipar ikatz herri lainotsuetan baino eguzki guttiagorekin askietsi behar», dio protagonistak berak liburuaren lehen pasartean. Protagonistaren semea desagertu egingo da nobelaren une batean, baina topatuko du hura aitak, Alpeetako sekta batean dagoelarik sartua. Fito Rodriguez idazlearen iritzian —hura izan zuen atzo lagun, Donostian egindako aurkezpenean—, lehen aldia da euskal literaturan norbaitek sekten inguruan aritzen dena. Gaia aspaldidanik egin zaio interesgarria Peilleni. «Urte askoan aztertu izan ditut sektak. Sektetan beti da aprobetxategi bat, besteen kontura».

Egungo gizarteen metaforatzat har liteke sektarena. Eta parekatu liteke nobelan aurrerago pisua hartzen duen eliza katolikoarekin ere. Sektatik onik irteten direlarik, Dabrowski seme-alabak, ipurterreak izaki, Poloniara joango baitira, eta Poloniaren errealitatea ezagutuko dute, «komunismoaren gainbehera, katolizismoaren kontraesanak»…

Rodriguezen ustez, 90eko hamarkadako Poloniaren errealitatea erakustea baliagarria izan liteke egun Euskal Herriak bizi duenarekin nolabait parekatzeko: «Garai berriak dira, bizikidetza berri asmatu behar da. Polonia historikoki bi handiren erdian egon da, Alemania eta Errusiaren erdian, eta Euskal Herria, beste biren erdian». Txomin Peillenek liburua idaztean ez zuen parekidetasun hori gogoan izan: «Hasieran ez nuen horretan pentsatu, baina, azkenean, bai. Hala ere, diferentzia handia da».

Nobela psikologikoa

Rodriguezen hitzetan, «kontu historikoak eta didaktikoak» txertatzen ditu nobelan Peillenek, «baina, batez ere, nobela psikologikoa da». «Ez du morala egiten, baina pentsarazteko gaiak plazaratzen ditu».

Ipurterrea izanik, batera eta bestera asko bidaiaturikoa da Peillen. Polonian ere izan zen hilabetez, bere emaztearekin. «Doscaballosa genuen autoa eta kanpin dendan ibili ginen batera eta bestera». Peillenen eleberri eta ipuinak sarritan atzerri batean jazotzen dira (Alemanian, Aljerian, Errumanian, Frantzian, Polonian eta beste). Ezinegontasun horren adierazgarri da liburuaren azala ere, Marie-Therese Olivierrek, egilearen emazteak egina. Leiho bat ageri da, eta mendigain bat atzealdean. Haien aurretik kate saldo bat. «Kate korapilatu batzuk ageri dira. Libre izaten uzten ez duten kateak dira, ezinegona».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.