Kuia txikiz eginiko milorria, bakailaoz betea

Iker Markinez / 2013-03-23 / 162 hitz

OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Bi kuia txiki
400 gramo bakailao gezatu

Bexamela egiteko:
Gurina, irina, gatza.
Oliba olioa

• Bexamela egiteko, gurina lapiko batean jarri eta berotu urtu arte. Orduan irina nahastu, eta etengabe irabiatuz, esne beroa pixkanaka pixkanaka gehitu. Gatz pixka bat bota, eta bost minutuz irakin, nahasteari utzi gabe. Hozten utzi, eta gorde.

• Bakailao kantitate erdia tako txikitan egin, zartagin batean pasa, su bizian, eta bexamelari gehitu. Beste bakailaoa laminatan moztu, eta zartagin batean, oliba olio zorrotada batekin, ahalik eta su motelenean bost minutuz konfitatu.

• Kuia txikia garbitu, xaflatan moztu, eta zartagin batean xafla guztiak plantxa balitz bezala buelta eta buelta frijitu. Gero, labeko erretilu batean xafla batzuk ipini, eta bakoitzaren gainean bakailao bexamel koilarakada bat jarri. Ondoren, gainean bakailao konfitatu xerra bat jarri, eta, bukatzeko, beste kuia xafla bat, tapaki gisara. Horrela milorri guztiak osatu. Labea berotu, eta ondo beroa dagoenean, pare bat minutuz 180 gradutan labean sartu berotzeko. Nahi izanez gero, gazta birrindua ere gehitu dezakegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.