Puntadak

Iratxe Esnaola / 2013-03-10 / 442 hitz

  • Izenburua: Ez naiz ni
  • Egilea: Karmele Jaio
  • Argitaletxea: Elkar

Karmele Jaiok literatur ibilbideari bi ipuin bildumarekin ekin bazion ere, Musika airean (2009) eta Amaren eskuak (2006) eleberriei esker irabazi zuen entzute zabala, batez ere azken lan horri esker, besteak beste, zinemarako jauzia ere egingo baitu laster Mireia Gabilondo zuzendariaren eskutik. Oraingo honetan ipuinen generoari eutsi dio berriz eta hamabi ale ekarri ditu besapean. Ipuin bilduma askotan gertatzen den legez, arriskua izaten da autorearen irudimena eremu berdintsuan mugitzeko, irakurleari uniformetasun sentipena utziz ipuin batean bai eta hurrengo batean ere bai. Jaiok pertsonaia nagusi gehienak (narratzaileak lehenengo edo hirugarren pertsonan jarraitzen die, baita bigarrena baliatuz ere) helduaroan dagoen emakume bikotedun langile edo-eta amaren larruan kokatu ditu, eta zentzu horretan, hainbat pertsonaia ipuin baterako zein besterako mudagarri gerta daiteke, ipuinen moztasunak edo hirien izenik ez emateak, bi adibide jartzearren, askotan bereizten zail egiten dituelako. Alde erantzira, errepikapen horrexen ondorioz, egileak apuntatuta utzi nahi zituen hainbat gai edo kezka memorian gordeago geratzen dira nire ustez, leku berean zizta eta zizta jardutearen kariaz.

Pertsonaia nagusiak emakumeak dira. Ipuin ia guztietako emakumeek bikotea dute, ama izan dira, edo lanaren errutinetan bermatzen dituzte bizitzak. Bikote harremanen gorabeherak zein umeekiko hartu emanak kezka iturri dituzte, izan harremanen hobetze saiakerak tarteko, izan seme-alaben jiran egindakoak medio. Liburuko presentzia iraunkorrena iragana da. Etengabe itzultzen da oraina galderaz betetzera. Horregatik, metodo narratibo ohikoa du flashback esplikatzailea. Ustekabeko enkontru bat, usain bat, ideia bat, gertakizun bat eta badator iragana, askotan adinaren gaineko kezkei lotua. Iraganetik hona aldatu denari so jartzeko joera dute pertsonaiek, garaiak konparatzekoa, ordukora itzuli nahi izatekoa edo saiatzekoa. Nostalgiaz, galdutakoa errekuperatu nahiagatik eta ezinagatik, ez gutxitan ipuinen amaierek ezintasun horren apuntea uzten dute. Aspaldiko lagunekin berraurkitzeak ere garai batekotik hona eman diren aldaketak azaltzeko balio du, eta berriz ere, iraganarekiko bateraezintasuna azpimarratzeko. Kasu honetan, narratzaileak hurbileko eta sentitutako materialarekin lan egiten duelako sentipen gertukoa izan dut.

Bestalde, gizarteak hainbat emakumerengan uzten duen presio ideologikoa ere markatua geratzen da. Ekografiak ipuinean umea adoptatzera doa ama bakarra gizon eta bikote gabe. Amatasunaren mitoak hausten saiatzen da. Helduak bagina bezala lanean, harreman eredua da epaian jartzen diotena emakumeari, bikote finko baten gabeziak kanpotik jasotzen duen epaia, hain zuzen. Beste gai bat bitan errepikatzen dena gizonen karrera profesionalagatik emakume maitearen karrera atzera geratzearena da, bizia buxatu zaielako metafora baliatuz. Aterkia ipuina da protagonista gizona duen bakarra eta bikotea bigarren mailan geratzen dena. Uste dut amaierak esplikazio gehitxoz hornitu nahiak pixka bat husten dituela ipuinak. Pertsonaiak anekdota bakarrera lotzen dituen ipuinetan, ordea, indarra irabazten du. Usainei ematen zaien garrantziak arreta deitu dit baita literatur ofizioen ugaritasunak ere. Faltan eman dut ipuin borobil arnas moztaile bat, baina kontrara, tapiz bat osatzen doazen puntada ugari jaso ditut.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.