Siriako borroka lirikoa

Ion Olano Carlos / 2013-03-17 / 769 hitz

Suek gori dirauten honetan, entzun dezagun idazlumen hotsa. Har ditzagun bi poeta, maitasun askearen aldeko bi ahots, siriarren bizi nahiaren adibidetzat: Nizar Kabbani eta Hala Mohammad.

Asteon bete dira bi urte gatazka lehertu zela Sirian, protesta baketsuei gerrarekin erantzun ziotela. Dozenaka mila dira hildakoak; beste horrenbeste desagerraraziak, giltzapetuak, iheslariak. «Ez dut ulertzen nola hiltzen duten jendea soilik askatasuna eskatzeagatik. Ez dut konprenitzen ahal». Aurreko horiek Hala Mohammad poetaren hitzak dira, Pariseko erbestean esanak. «Hemen ari naiz idazten, baina Siriatik dator inspirazioa, nostalgia, ene ahotsaren premia. Izan ere, premiazkoa dut esatea zer den ederra eta zer ez». Jaioterriko protesta jendetsuetan gehien entzun den oihua hartu du poetak mintzagai: «Protestetan diote: ‘Siriako herria ez dute umiliatuko’. Aurten idatzi den poemarik onena da. Orain jendea jendeaz ari da hizketan; lorpen handia da hori».

Mohammaden poesia bereizten du, hain justu, haren berezkotasunak, itxurazko bat-batekotasunak. Gogoeta ilunen ordez, bizitzatik bizitzara kliska egiten duten ideiak ageri dira: koloreak, zentzumen bulkadak, mugimenduak eta usainak dakartza etengabe gogora. Memoriak pisu berezia du harilkatze liriko horretan, hala nola beldurrak, alienazioak, bakardadeak… finean, sakon-sakonean sentitzen den atsekabea da, bidea galdu izanaren sentipena. Ezin argiago dio Arimak ez du memoriarik (1994) bildumako poema batean: «Goizean / argia sartu da gupidagabe / begi argiz / ikusi dut / ene bakardadea».

Poetak muzin egiten dio sintaxi konplexuari, nahiago du espresio soila. Erbestetik argi ikusten du poesia dela herriak behar duen indar eraldatzailea. Estreinako bilduman poema bakoitzak zeraman izenburu bana; ordutik aurrera, ordea, zenbakitu egin ditu. Hala ikusarazi nahi du, nolabait, olerkiok elkarren menpeko zati baino ez direla, osotasun baten parte. «Poeta alferra nauzue. Tradizioei uko egitearekin bat, poesia idaztearen errutinari ere egin diot uko. Olerki batzuk ahoz esan, eta esan orduko haizeak eraman ditu kolpean; beste batzuk, aldiz, alboan izan ditut hamarraldi batez, haiek idazteko gauza izan naizen arte».

Munduko hainbat jardunaldi, topaketa eta jaialditan izan da Hala Mohammad, hala nola Medellinen eta Berlinen. Arabiar kulturako emakume intelektual denez gero, artearen bidez eman du bere bizipenen berri. Gaztetan Paris VIII unibertsitatean zinema ikasketak eginez geroztik, zeluloidearekin estuki lotuta bizi da: gidoigile, jantzi-diseinatzaile eta zuzendari lanak egin izan ditu hainbat film luze eta dokumentaletan. 1994ko debut literariotik hona, dozena erdi liburu eman du argitara. Poema bilduma horien izenburuak aski adierazgarriak dira: Zuri leun haren gainetik (1998), Bizitza ttipi bat (2001), Beldur hau (2004) eta Ene atea joko banu bezala (2008), besteren artean. Kazetari ere aritu izan da Mohammad hainbat hedabide arabiarretan. Siriako gerra lehertu zenean, zazpigarren poema bilduma ari zen osatzen, Parisen.

Jasminaren alfabetoa

Arabiar idazle garaikideen artean ospetsuenetako bat da, ziur aski, Nizar Kabbani (Damasko 1923-1998 Londres). Siriako jendeak «maitasunaren poeta» eta «emakumeen poeta» izendatu zuen, ogibidez diplomatiko izanagatik, poesian hainbat gai arantzatsuri heldu zielako, soiltasuna eta dotorezia bilatuz betiere: maitasuna, erotismoa, feminismoa, erlijioa eta arabiar abertzaletasuna. Erdiko klaseko merkatari familian sortu zen Kabbani; 15 urte zituelarik, arrebak bere buruaz beste egin zuen, familiak ez ziolako uzten berak maite zuen gizonarekin ezkontzen. Kabbanik zioenez, arrebaren hiletetan hartu zuen erabaki irmoa: heriotza hura eragin zuen egoera soziala aldatzea.

Iraultzailea ote zen galdetu zioten behin elkarrizketa batean, eta zera erantzun zuen: «Maitasuna gatibu dago arabiar munduan, eta hura askatu egin nahi dut nik. Ene poesiaz askatu nahi dut arabiar arima, sentimena, gorputza. Izan ere, gizon-emakumeen arteko harremanak ez dira sanoak gure jendartean». Haren garaiko intelektualen artean, Nizar Kabbani izan da, hainbaten ustez, aurrerazale eta feminista nabarmenetako bat. Baina ez zituen soilik maitasuna eta emakumeak nahi aske; Damasko hiriarekin ere harreman berezia izan zuen —Jasmina, Damaskoko lurrina lana, horren adibide—.

Porrot mingarria izan zen herrialde arabiarrentzat Sei Eguneko Gerran jasandakoa, 1967an, Israelen kontra. Gertakari hark nabarmen eragin zuen Kabbaniren lanean: maitasun eta erotismo gaiak alboratu, eta politika gaiei heldu zien, baita gogor heldu ere. Urte hartan hartu zuen Londresen bizileku, baita Nizar Qabbani izeneko argitaletxea sortu ere. Garai hartako Marginal Notes on the Book of Defeat (Bazter-oharrak Porrotaren Liburuan) poeman, esaterako, lerro esanguratsu hauek topa daitezke: «Ene herri gaixoa, / instantean aldarazi egin nauzu / maitasunaz eta desiraz idazten zuen poeta izatetik / labanaz idazten duen poeta izatera. (…) Horratx gure tragediaren sekretua: / ahotsak baino ozenagoak dira gure oihuak / eta garena baino garaiagoak dira gure ezpatak».

Arabiarrentzako autokritika hark, alabaina, haserrea areagotu egin zuen arabiar politikako ezker eta eskuin lubakietan. Londresko erbestean eman zituen bizialdiko azken 15 urteak Nizar Kabbanik. Hil arte jarraitu zuen poemak eta idazkiak argitaratzen, ika-mika politikoak hauspotzen, maitasunari eta emakumeei bere erara kantatzen. Bihotzekoak jota hil zen, duela 15 urte, erbestean; edonola ere, argi idatzi zuen testamentuan: «Ehortz nazazue Damaskon, poesia eta sormena irakatsi dizkidan umetokian, Jasminaren alfabetoa segurtatu didan hartan». Hain zuzen ere, lau dozena liburutik gora argitaratu ondoren, 1998an atera zen argitara haren azken bilduma: Jasminaren alfabetoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.