Badaude, eta beti hor egon dira

Igor Susaeta / 2013-03-29 / 1.602 hitz

Ustelkeriak, traizioek, misterioek edo legez kanpoko jarduerek elikatu dituzte, besteak beste, genero beltzeko nobelak. AEBek eta Erresuma Batuak dute tradizioa, baina edonon sor daitezke kontakizunak; baita Euskal Herrian eta euskaraz ere.

Genero beltzeko eleberri bat elikatzeko osagai guztiak dauzka joan den abenduan azaleratutako Cervera auzia-k. Ustelkeria, traizioa, misterioa, legez kanpoko jarduerak, deskubritu beharreko zerbait… Eta jendearen jakin-mina. Baina ez dago tiroketarik, edo hildakorik, eta ezin da, beraz, kontakizun poliziako bat osatu. Edo bai. Izan ere, generoen arteko bereizketa kontu «nahiko lausoa» da, Jon Alonso idazlearen esanetan. Genero beltza AEBetan jaio zen, eta poliziakoa, Erresuma Batuan. Hala dio, behintzat, tradizioak. Raymond Chandlerren nobeletako Philipe Marlow detektibe pribatu ezkor eta zinikoa, batetik, eta Arthur Conan Doyleren liburuetako Sherlock Holmes akatsik gabeko logika zientifikoaren zalea, bestetik; hura ere detektibea. Horra genero bateko eta besteko sinbolo historikoak. Suedian, eta, bide batez, munduan, berriz, Stieg Larsson zenaren Millenium trilogia nabarmendu da azken hamarkadan. Baina kasu horretan ez ziren poliziak edo detektibeak zerbait hori argitu nahi zutenak, kazetari eta hacker bana baizik: Mikael Blomkvist eta Lisbeth Salander, hurrenez hurren. Euskal literaturan tramaren erdian detektibe bat edo polizia bat kokatzea, ordea, ez litzateke «sinesgarriegia» izango, Alberto Ladron Arana idazlearentzat. Baina azaleratutako edo oraindik azaleratu ez diren kasuek eta oraindik gordeta dauden misterioek ematen dute hemen idatzitako literatura beltzaren apalategiak loditzeko bazka. «Ematen du, eta beti eman du», adierazi du Alonsok.

«Aspalditik datorren kontua da. [Gabriel] Urralbururen garaitik… eta lehenagotik! Ikusten ari gara ustelkeriarena ez dela salbuespena, normalitatea baizik», jarraitu du Alonsok. Ladron Aranari Alonso bera iruditzen zaio ustelkeriaz idatzi duenetako bat: «Modu oso txukunean, gainera». Katebegi galdua (Susa) thriller historiko-politikoa kaleratu zuen 1995ean, eta Zintzoen saldoan (Txalaparta), beltza hori ere bai, iaz. Ladron Aranak ere genero beltzari heldu dio argitaratutako sei liburuetan, nahiz eta etiketak ez dituen gogoko. Pentsatzen du baietz, geroz eta maizago deskubritzen ari diren ustelkeria kasuek gizendu dezaketela generoko liburutegia, «baina uste dut nahiko lotsatiak garela gisa horretako istorioak gero paperetara eramateko orduan; oportunismoa dela dirudi. Larssonek, adibidez, Suediako benetako ustelkeria kasuak jorratzen zituen». Irudipena dauka halako zerbait hemen eginez gero idazleak «aprobetxategi» ospea hartuko lukeela. «Eta arrazoi osoarekin, gainera».

Baina benetako gertaerek ahalbidetu zuten nobela beltzaren jaiotza AEBetan. I. Mundu Gerraren (1914-1918) eta 1929ko Depresio Handiaren eraginez, beldurrak, segurtasun eta justizia gabeziak eta biolentziak perfumaturiko atmosfera batean bizi izan ziren AEBetako herritar xumeak, XX. mendeko aurreneko hamarkadetan. Lege Lehorra ere indarrean egon zen 1920 eta 1933 artean, eta horrek antolatutako krimenaren eta mafiaren gorakada ekarri zuen.

Bi eskolen arteko aldeak

Giro hori islatu zuten genero beltzeko aurreneko kontakizunek, eta paper merkeko aldizkari edo pulp-etan hedatu zituzten, langileriari zuzenduta zeudelako. Apaingarririk gabeko hizkuntza erabiltzen zuten egileek, hortaz. «Polizia-nobela klasikotik aldenduz sortu dela jakinik, alde nagusia da nobela beltzean misterioaren, puzzlearen, hilketaren egilea nor izan den jakiteak edo asmatzeak ez duela benetako garrantzia, baizik eta hilketaren inguruko gizartearen kontraesanak edo miseriak agertzea, detektibe mota berri baten bidez kasu askotan, baina nahitaezkoa izan gabe figura hori», azaldu du Xabier Olarra Igela argitaletxeko arduradunak, nobela poliziakoaren eta beltzaren arteko aldeez galdetuta. Nobelen itzulpenak kaleratzen ditu Igelak, eta baditu bi sail, besteak beste, bi genero edo azpigenero horietara emandakoak: Sail beltza (22 izenburu) eta Enigma saila (15 izenburu). Izan ere, bi planteamendu «oso desberdin» dira, Olarraren ustez, «genero edo azpigenero bezala» aztertuz gero. «Esan daiteke polizia-nobela edo enigma-nobela irakurlea entretenitzeko dela, denbora pixka bat detektibe gisa enigma hori argitzen edukitzeko pentsatua; eta, horretarako, idazleak jarri dituen tranpak gainditzen saiatu beharko du irakurleak. Nobela beltzean horrek ez du garrantzirik. XX. mendean, indarkeria hain zabaldua dagoen hirian, zer-noiz-nola-zergatik gertatzen den hori guztia agerian jartzen saiatzea da inporta duena».

Alonsorentzat, AEBetako eskolak «kritika bat-edo» hartzen du kontuan, «gizartean gertatzen ari den zerbaiti buruzko gogoeta» plazaratzen du. Eta bestea, Erresuma Batukoa, «poliziakoa, dedukziozkoa da gehiago». Bi korronteek behar dute krimen bat, eta, beraz, ia derrigorrean, poliziak edo detektibeak. Horregatik, gauza bat gogoratu du Alonsok: «Hemen, orain 20 urte, adibidez, aditu batzuek esaten zuten —pentsa nola genbiltzan…— ez zela posible nobela beltza egitea Euskal Herrian, detektibearena ez delako sinesgarria». Ladron Arana Poliziaren ereduaz mintzatu da: «Gurean Poliziak ez du beste toki batzuetan duen irudia. Ez heroiarena, eta ezta antiheroi atseginarena ere. Zaila izanen da gurean halako pertsonaia bat izatea protagonista, eta hari dohain erakargarriak ematea, gainera. Denbora bat beharko da hori egin ahal izateko». Alonsoren ustez, gurean protagonista bezala polizia bat jarriz gero, «bermatuta zeneukan irakurleak ez zuela onartuko».

Atzera begira jarri da Alonso, eta pentsatzen du euskaraz egin dela nobela beltza: «Gotzon Garateren Izurri berria, Mariano Izetaren Dirua galgarri… Uste duguna baino atzeragotik dator generoa». Aitzindaria Jose Antonio Loidi Bizkarrondoren Amabost egun Urgain’en izan zen, 1955ean kaleratutakoa. Itxaro Borda ere aipatu du Alonsok —Amaia Ezpeldoi detektibearen nobelak—, Ladron Arana, Eneko Aizpuru… «eta beste hainbat». Olarraren ustez, Txomin Peillen, Loidi Bizkarrondo, Xabier Gereño, Xabier Kintana eta Garate saiatu ziren «ereduaren araberako» nobelak egiten hasieran. «Gerora, Migel Angel Mintegi, Josu Landa, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Jon Alonso eta berrikiago Ladron Arana».

Garate zenak berak Atzerriko eta Euskal Herriko Polizia Eleberria lana argitaratu zuen 2000. urtean, eta genero horren ezaugarriak, idazlerik eta obrarik ezagunenak eta horien laburpenak bildu zituen. Elkarren ondoan zerrendatu zituen liburu hartan Raymond Chandler, Dashiell Hammett, Conan Doyle, Agatha Christie, Gilbert Keith Chesterton eta John Le Carre, besteak besteak. Beltza eta poliziakoa nahastuta. Autoreak eman hasita, Alonsok ere bota ditu bere gustukoenak: «Chandler, Hammet, Jim Thompson, Horace McCoy… Baina konturatzen zara ez soilik AEBetan, kasik ia munduko herrialde guztietan dagoela norbait. Frantzian Leo Malet, Katalunian Manuel Vazquez Montalban, Mexikon Paco Ignacio Taibo II.a, Italian Leonardo Sciascia… Ziur norbait ahaztuko dudala… Beste bat izugarria: Le Carre. Zer da beltza? Berde iluna? Marroia? Ez dakit… [barrez]».

Generoen arteko muga «lausoa» delako mintzo da horrela Alonso: «Non jartzen da muga? Zer da nobela beltza? Zer ez?Zer sartzen da? Zer ez? Batzuetan ez dut oso argi ikusten». Aingeru Epaltzaren Rock’n’roll (Elkar, 2000), esaterako, nobela beltz «petoa-petoa» iruditzen zaio Ladron Aranari. «Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean ere (Pamiela, 1993) suspentse handiko lana da; giro hori islatzen du». Halere, beharbada ez ditu tradizio beltzaren kanonak betetzen. Jon Arretxe ere aipatu du Ladron Aranak. Generoa lantzen duen Erein argitaletxearen Uzta gorria sailean kaleratu ditu 19 Kamera, Tangerko ametsak eta Xahmaran. Orain lau urte abiarazi zuen sail hori Ereinek, eta Arretxerenak eta Eneko Aizpururen Errauts izan ezik, besteak itzulpenak dira.

Itzulpenak, akuilu

Euskaraz kaleratutako nobela beltzetan itzulpenek «zenbateraino edo nola» eragiten duten ezingo zukeen esan Olarrak, ez baitu gaia aztertu. Uste du, halere, joera horrekiko «zaletasuna» zabaltzen eta sendotzen lagundu dutela: «Gai horiek lantzea eta hizkera hori euskaraz erabiltzea posible dela erakusten lagunduko zuten». Ladron Aranak, esaterako, «atera ahala» erosi izan ditu itzulpenak, aldez aurretik liburu horiek irakurrita izanagatik. «Itzulpenek eragin handia eduki dute hemen generoa lantzen duten idazleengan. Dudarik gabe».

Esan izan da, eta esaten da, ordea, genero beltza ez dela goi mailako literatura —Ramon Saizarbitoriak esan zuen behin literatura eta genero literatura bereiztearen aldekoa zela—. Narrazioaren arintasunak lotzen duela irakurlea, kontsumo soilerako egina dagoela. Jon Alonso ez dago ados. «Sciasciaren nobela asko sartzen dira genero beltzean, eta, nire ustez, lehen mailako literatura da. Denetarik dago. Hortaz, esatea nobela beltzak txarrak direla, ez direla lehen mailakoak… Autorearean, liburuaren araberakoa da, ez dago generoarekin lotuta». Ladron Aranarentzat, generoak ez du kalitatea baldintzatzen, eta uste hori elikatzen duen beste elementu bat plazaratu du: arrakastarena. «Batzuek, zerbaiten arrakasta ikusita, behe mailakotzat hartzen dute automatikoki. Niri iruditzen zait konplexu handiak daudela. Dirudienez, goi mailako literatura horretan elite bat besterik ez dago». Olarrarentzat, berriz, «liburuak eta liburuak» daude. Baina, «funtsean», pentsatzen du literatura mota horretan gehienak kontsumokoak direla. «Batzuek, ordea, beste edozein nobelaren maila —eta are maisulan maila— lortzen dutela uste dut».

Suedian loratutako uztari egotzi zaio, bereziki, kontsumo literatura izatea —Emakumezkoak gorrotatzen dituzten gizonezkoak-ek, esaterako, Millenium trilogiako aurreneko liburuak, 30 milioi ale saldu ditu 2005ean plazaratu zutenetik—. Azken hamarkadan argitaratutako lanen kalitatea han bertan kritikatu dute. Eta ez edonork, gainera. Maj Sjowall idazleak adierazi du ez duela ulertzen arrakasta hori, kalitatea falta zaielako nobelei. Sjowall Suediako nobela beltzaren aitzindaria da, 1965 eta 1975 artean Peer Wahloo bere senarra zenarekin batera lau eskutara idatzitako hamar nobelengatik. Martin Beck inspektorea zen nobeletako protagonista. «Sozialdemokraziak langileriaren kontra egindako krimena salatzea zen gure helburua», aitortu izan du Sjowallek azken urteotan, gaiaz galdetu izan dioten bakoitzean. Haren ustez, egun bere herrialdean egiten diren lanek ez dute politikaz hitz egiten: «Oraingo istorioak dira erdi erromantikoak, erdi krimenari buruzkoak. Guretzat, berriz, nobela beltza ziren krimenak, delitua eta lan poliziala». Eta horrek ez dio graziarik egiten.

Entretenitzea ez da gutxi

Orain dela lau urte BERRIAk Suediako nobelagintzaren boomari buruz argitaratutako erreportajean, Mikel Aierbe literatur kritikariak esan zuen baietz, kontsumo literatura zela, baina «entretenigarria» ere bazela. «Eta hori ez da gutxi». Ladron Aranari iruditzen zaio Suediako egungo idazleek generoaren «azaleko ezaugarriak» hartu dituztela ziurrenik: krimenak, akzioa… Halere, gustatzen zaizkio han ekoiztu diren lan gehienak; Henning Mankellenak batez ere. «Hortaz, hainbesteko arrakasta horrek ekarri du denetariko nobelak egitea. Baina nahiko ondo daude gehienak». Pentsatzen du agian identifikatuago sentitu gaitezkeela hango kontakizunekin, AEBetatik datozenekin baino: «AEBetako filmen eta liburuen argumentuak irakurtzean, zalantza egiten dut noraino diren benetakoak. Agian bai… Bortikezkeria maila hemengoa baino handiagoa da…Armak-eta badabiltza karriketan…».

Alonsorentzat, Larssonenak baino «landuagoak» dira Mankellenak. Eta beste bi klabe eman ditu booma azaltzeko. «Batetik, jakin beharko genuke Suedian promozio bereziren bat-edo egin ote duten haien liburuak saltzeko. Eta, bestetik, Suedia, ezagutzen ez dugun arren, aski mitifikatua daukagu. Nobela horiek desmitifikatzen dute hango gizartea, eta guretzako berritasuna da».

Zirkulu batzuetan arintasunarekin ezkontzen dute genero beltza; edozein genero, ia-ia. Dena den, kalitatea gorabehera, istorio jakin batzuk genero baten pean sailkatzen dira, nahiz eta generoen beraien arteko muga lausoa izan. Ustelkeria, traizioa, misterioa eta beste biltzen dituztenak, beltzean. Eta AEBetan edo Erresuma Batuan bezala, Euskal Herrian egon dira eta badaude horrelako literatura egiteko motiboak. Cervera auzia-k ematen du horretarako bazka, adibidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.