Bardozeko ur-gaztelua

Josean Gil-Garcia / 2013-04-05 / 456 hitz

Bardozeko paisaia ondulatuan ur-gaztelu bat dago. Dorretzarreko terrazatik Aturriko parta landatuak eta Pirinioak aurkituko ditugu.

Bitxia izanagatik ere, ibilbidearen hasiera talaia batean kokatu dugu. Bardoze (Lapurdi) herritik gertu goititzen den Miremonteko ur-gazteluan, hain zuzen. Paradoxikoa bada ere, tipi-tapa aldapan behera hasiko gara, hariztian barrena. Urgorri deritzan parajea ezagutzeko asmoa dugu. Ibilbidea ondo has dezagun, abiapuntua zehaztu beharrean gaude, herria topatzeak buru-nahasteak eragin ditzake eta.

Bardoze herri xumea da, eta Lapurdi ekialdean dago, Nafarroa Beherearekin muga-mugan. Bardoze bera Aturri ibaiaren ezkerraldean dago, mendirik gabeko paisaia ondulatuan. Baionatik Ahurti aldera eginda, Bidaxune eta Gixune herrien artean ikusiko dugu Bardoze herria.

Ur-gaztelura iristeko, Miremonteko talaiara gidatzen duten bide seinaleei jaramon egingo diegu Bardozen. Ur-gaztelua dorretzar baten moldean goititutako ur depositu erraldoia baino ez da. Altuerari begiratuta, ez da mendizale batek bizkar zorroan eramango lukeen tontorra. Izan ere, itsaso mailatik 188 metrora zutitzen da. Hala ere, 360 graduko ikuspegi galanta eskaintzen die ibiltariei: Gixuneko parta landatuak iparraldean ikusiko ditugu, Aturri ibaiaren altzoan; Pirinioetako kate malkartsua, ordea, hego-ekialdean.

Miremonteko ur-gaztelua eskalatzen den eraikin kuriosoa da, eta 77 eskailera maila metaliko egokituta ditu haren inguruan. Igarobide sekretu baten antzera, misterioa argituko dugu, behin terrazara iritsita: inguruak interpretatzeko xedez, orientazio mahai koloretsuak kokatu dituzte barandari itsatsita.

Bardozeko ur-gaztelua ez da gertuko geografian ikusiko dugun bakarra. Frantzia aldera joz gero, ur-gazteluek eratutako sare zabala dagoela nabarmenduko genuke. Dirudienez, XIX. mendearen erdialdean eraikitzen hasi ziren porlanezko dorretzar horiek, zertarako, eta iturriko ura bazter guztietara iritsarazteko. Izpirik gabe, mende berriak nekazaritza munduari ekarriko liokeen modernotasunaren adibide ikusgarria.

Ibilian-ibilian

Autoa ur-biltegiaren ondoan utziko dugu. Urgorriraino lagunduko diguten bide seinaleak atsedenlekuaren ertzean daude. Parkea ezkerrean utzi, eta, pintura arrasto horiak gogaide, errepidean behera hasiko gara. Peru Bidea dioen seinalearen parean, eskuinera okertu, eta Gixuneko partetara begira jarriko gara. Partak edo bartak Aturri ibaiaren uholde ordoki zabalak dira, ur goraldietan urpean izaten direnak. Aurten, euri jasak izan direla-eta, bazterrok paisaia liluragarriz jantzita agertu dira.

Hamar minutu igaro gabe, bidetik irten, eta eskuinetik doan zidorrari ekingo diogu. Hasieran, ameztia inguratzen arituko gara. Ondoren, Urgorri errekastora jaitsiko gara. Ura malda behera egiten utziko dugu han. Guk ur-emari urria zeharkatu eta ibarrean gora egingo dugu. Laster, ordea, errekastoa berriz zeharkatu eta haren ondoan ibiliko gara, gorostiak, ametzak eta haritzak bidaide.

Belardi baten aurrean, gora dirauen bideari muzin egin, eta ezkerretik doan xendari ekingo diogu. Otadian barrena paseo laburra osatuko dugu orain, hariztiarekin bat egin arte. Basabidetik metro batzuk baino ez ditugu egingo; izan ere, errekastora jaisteko aukera bertantxe aprobetxatuko dugu.

Behealdean, errekastoa gurutzatu eta goratasuna hartzen hasiko gara. Gero, hesiaz bestaldean ikusiko dugun bide zabaletik jarraituko dugu. Bidebanatzean, ezkerrera egin, eta bizkarra korritzen duen hartxintxarrezko bidera irtengo gara. Betiere aldats gora, ehiztarien etxolatik igaro, eta Gixune-Bardoze herriak lotzen dituen errepidera iritsiko gara. Eskuinetik segituta, ur-gaztelura doan errepidearekin bat egingo dugu laster batean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude