Bele zuriak aurkitu ditu Janbattitt Dirassarek

Nora Arbelbide / 2013-03-29 / 383 hitz

Berriketari gisa aritu da idazlea 58 urtez; orain, oroitzapenez eta gogoetaz josi du ‘Bele xuriak’ liburua.

Bele xuriak ez direla existitzen? Janbattitt Dirassarek aurkituak ditu, alta, eta anitz. «Kasik non-nahi». Non diren ez du salatuko, haatik, bakoitzak bereak kausitu behar dituela gomendatzen baitu. Hori bai, bere bele zenbait elkartuak ditu Bele xuriak (Elkar) izeneko liburu argitaratu berrian. Gogoetaz eta «egiazko oroitzapenez» josia du liburua idazleak. Kronika liburu gisa deskriba daitekeena. Hazparnen sortu zen, 1937an, eta 58 urtez kazetari lanbidea bete du. Herria-n 18 urte zituenetik idazten du, eta azken urte hauetan zuzendari gisa ari da oraino. Hamar urte emanak ditu Basque Eclair egunkari ohian, eta 25 urte Sud Ouest-en. Urte andana bat ikusten eta entzuten duena kontatzen, bere burua ahazteraino: «Gertakarien lekuko denak ez du bere sentimendurik ematen. Beretzat atxikitzen ditu», bere burua ahanzteraino: «Berriketaria hain da beti besteek erraten dutena eta besteek egiten dutena konta eta konta… Eta bere burua ahanzten du. Eta ahantzi ere behar du, gisa batez». Behingoan, bere buruan duen hori jalgiarazi, «bestaldera» pasatu eta bustitzeko desafioa gainditzeko parioa egin dio bere buruari Dirassarek.

Idaztea franko gustukoa du aspaldian ziburutartu hazpandarrak. Horrek zuen, hain justu, kazetaritzara ekarri, eta nahiz eta erretretan den, jadanik 2010ean BERRIAko Igandea-n azaltzen zuenez: «Arrunt geldituko banintz, xahu nintzateke». Liburu honetan, jainkoaz, satorrez, hiltzeaz, sexuaz, euskaldungoaz, Elizaz, kukusoez eta beste hainbat kontu ditu aipagai. Haren jarioa ezagutzen dutenek hor aurkituko dute orrialdez orrialde, urte batetik bestera salto eginez, gertakari «handiak baino gehiago», bere bihotza hunki duten mementoak, inarrosi edo haserretu dutenak. Hau da, «egiazko oroitzapenak» deitzen dituen horiek.

Hunkitu duten gertakariak

Aukera ukan baitzezakeen, bere lantokietako artxibategietara jo eta horkoen bilduma hautatu bat egin. Tartean, hark azaldu adibide bat emateko, Baionan François Mitterrand Frantziako presidente ohiak egin bisita 80ko hamarkada hasiera haietan. Baina ez du horrelakorik egin nahi izan idazleak. Mitterranden bisita ahantzia du, eta, beraz, ez du aipatu nahi izan. Ordea, aipatzen du nola emazte zahar bat jin zitzaion semeaz artikulu bat idatz zezan galdezka, lanaren ohorezko medaila ukana zuela eta. Lerro batzuk idatzi, eta ama hark, pobrea izanik ere, arnoa eskaini zion. Txarra zen, baina izugarri hunki zuen Dirassar. Eta gisa berean badira beste oroitzapen batzuk, hunkitu dutenak, zentzu baikorrean, baita haserrea eragin diotenak ere. Oro har, liburua irakurleari egin lehia gisa ere aurkezten du Dirassarek, bere gogoetek gogoeta berriak piztuko dizkiolakoan irakurleari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.