Elkarrek 13 urtetik gorako irakurleentzako bi nobela kaleratu ditu

Erredakzioa / 2013-04-19 / 191 hitz

John Anduezaren ‘Kankaleko misterioa’ eta Jokin de Pedroren ‘Etsai gordea’ Taupadak bildumako liburuak dira.

John Anduezaren Kankaleko misterioa eta Jokin de Pedroren Etsai gordea gazte literaturako eleberriak kaleratu ditu Elkar argitaletxeak Taupadak sailaren barruan. 13 urtetik gora dituzten irakurleentzako irakurketak dira biak ere.

John Anduezaren Kankaleko misterioa eleberria Kantauri itsasaldeko Kankal herri bukolikoko hondartzan hilotz bat agertzen denean hasten da, 2010eko uztailean. Kazetari batek argazkiak egiten dizkio gorpuari. Erritmo arinez idatzi du kontakizuna Anduezak, eta misterioz eta suspensez ehundu du intriga, asmo garbi batekin: irakurlea hasieratik harrapatzea.

Jokin de Pedroren Etsai gordea eleberriak Josu Arriola kazetaria bere apartamentuko postontzian ezezagun baten gutuna jasotzen erakusten digu hasieran. Ezinegona sortzeko modukoa da gutuneko testua: «Zure egunak zenbatuta daude, aurpegi faltsu hori ezabatuko dut albistegietatik; denak du bere ordaina». Gorospe inspektorea kasua argitzen saiatuko da, kazetariaren ilobaren laguntzaz.

John Anduezak (Oregon AEB, 1966) bigarren nobela du Kankaleko misterioa; iaz argitaratu zuen aurrenekoa: Larunbatean Bukowskin (Elkar). Jokin de Pedro (Bilbo, 1955) institutuko irakasle eta Euskal Hizkuntza eta Literaturaren arloko eskola liburu askoren egilea da; Lau animalia ipuin kontari (Erein, 1992) eta Izu-izua (Elkar, 2008) ipuin bildumak eta Irurac bat (Elkar, 2012) eleberria ditu argitaratuak aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.