Filosofia «post-postmodernoa»

Juan Luis Zabala / 2013-04-19 / 569 hitz

Alain Badiouren lana ezagutzen hasteko baliagarri den liburu bat idatzi dute Irati Olidenek eta Xabier Insaustik.

Filosofo garaikideen artean ezagunenetakoa eta aipatuenetakoa da Alain Badiou (Rabat, Maroko, 1937), postmodernismoaren ondorengo filosofiaren aitzindaria, adituen ustez. Haren obra ezagutzen hasteko sarrera egokia izan daitekeen liburu bat idatzi dute, elkarlanean, Xabier Insausti EHUko filosofia irakasleak (Gopegi, Araba, 1954) eta Irati Oliden ikasleak (Zumaia, 1991). Jakin aldizkariaren argitaletxeak kaleratu du, Konpromisorik gabeko filosofia. Alain Badiou izenburuarekin, Joxe Azurmendik zuzentzen duen Jakin Irakurgaiak bilduman.

Badiouren filosofia «filosofia post-postmodernoa» da, Xabier Insaustik azaldu duenez. «Badiouk erakutsi du postmodernismoa pasatu eta gero nola egin filosofia». Filosofia horrek emandako fruituak «askotarikoa eta konplexua» izan behar zuen derrigorrez, «modu bakarrean ezin ulertuzkoa» ezinbestean. «Baina, hala ere, gaur egun ere filosofia egitea posible dela erakusten du».

«XX. mendeko filosofian, filosofia postmodernoa nagusitu zen», Insaustiren iritziz. «Ikuspegi postmodernoak zioen filosofia bukatu dela, eta egin behar dena dela zientzia, politika, artea, psikoanalisia… Filosofia, XX. mendean, lekurik gabe geratu zen, eta filosofia postmodernoa nagusitu zen. Alain Badiou, ordea, ausartu zen filosofia sistematikoa egiten, gizakiaren alde guztiak integratuz, baina beste baldintza batzuekin».

«XX. mendeko planteamendua zen eremu bakoitza —zientzia, politika, artea…— bere barruan itxita zegoela eta ezin zela pasatu batetik bestera», jarraitu du azalpena Insaustik. «Badiouren planteamenduaren arabera, aldiz, badago batetik bestera pasatzerik, baina pasatzeko zubi baten beharra dago, eta zubi hori filosofia da. Ikuspegi horretatik begiratuta, filosofia ez da a priori bat, gero haren arabera bizitzeko; lehenik bizi egin behar da, eta gero filosofiak bizitzari plus bat ematen dio».

Horregatik guztiagatik, Alain Badiou historiara «XXI. mendeko filosofo gisa» pasatuko delakoan dago Insausti.

Badiouren filosofiaren beste ezaugarri garrantzitsu bat, Insaustiren ustez, soilik akademikoa ez izatea da. «Plazan ere sartu da, baldintza guztiekin. Gaurko munduari eta gaurko egoerari erantzun erradikal bat ematea planteatzen du. Filosofia sistematiko bat idatzi du, giza izateari buruzko oinarri bat daukana».

«Filosofian, politikak garrantzi handia du Badiourentzat», Olidenek azaldu duenez. «Artearekin, amodioarekin eta zientziarekin batera, filosofiaren lau baldintzetako bat da politika, haren ikuspegian. Nahiz eta kritika asko jaso izan dituen horregatik, Badiouk tinko jarraitu du bere jarrera defenditzen, eta ez dio inoiz uko egin batzuek zaharkitutzat jotzen duten kontzeptu bat defenditzeari: komunismoa». Komunismoaren kontzeptua azaltzeko teoria oso bat eraiki du Badiouk, eta teoria horren berri emateko saio bat da Insaustiren eta Olidenen liburuko ataletako bat.

«XX. mendea politikarako oso mende garrantzitsua izan dela uste du Badiouk, baina mendearen amaieran ez dakigula zer den politika», azaldu du Olidenek. «Eta politika zer den ez dakigunez, boterearen esklabotzara goaz denok. Boterea finantzen eta merkatuen boterea da gaur egun, eta, horrenbestez, guztiok gara finantzen eta merkatuen esklabo. Egoera horretan, Badiouk esaten du gaur egungo benetako galdera dela ea zer den politika». Politika «esklabo ez izateko daukagun aukera edo posibilitatea» dela planteatzen du. «Hau da, politika burujabe bat, burujabetza batera zuzendutako politika bat».

Alderdirik gabeko politika

Badiouren ustez, XX. mendearen amaierako krisiak erakutsi du gaur egun alderdi politikoak ez direla herritarren mugimenduak ordezkatzeko subjektu partikularraren forma egokia. «Hemendik aurrera, politika alderdi gabeko politika moduan egin behar dela planteatzen du Badiouk, eta alderdi politikoek uzten duten zulo hori mugimenduek beteko dutela», Olidenek dioenez.

Matxinadak eta iraultzak bereizten ditu Badiouk, esanez iraultzak, matxinadak ez bezala, aldatu nahi duen sistemaren ondorenerako alternatiba bat daukala. «Badiouk ez du inolako dudarik egoera aldatzeko gai den ideia bakarra komunismoaren ideia dela», dio Olidenek. Le réveil de l’histoire saiakeran (Lignes, 2012) gaur egungo altxamenduak aztertu ditu Badiouk, bere ikuspuntu filosofikotik begiratuta, eta Egiptokoa eta Tunisiakoa sartu ditu benetako aldaketa eragin dezaketenen sailean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.