Hareaz kontatutako istorioak

Iker Tubia / 2013-04-17 / 875 hitz

Gutxi zabaldu den teknika alternatiboa da hareazko animazioa. Argi-ilunekin jolastuz irudiak sortzean datza, eta zuzeneko emanaldiak edo filmak egin daitezke. Oraingoz ez ditu erakarri Euskal Herriko artista asko.

Sortu eta hil. Hori da hondarrez egindako irudien patua. Bizitzaren oinarria ederki islatzen du hareazko animazioak, irudi berria sortzeko ezinbestekoa baita aurrekoa desagertzea. Azken aldian bolo-bolo ibili da Euskal Herrian Euskaraz-ek sortutako bideoa. Teknika hori erabiliz eman zuen Euskaraz Bizi Egunaren berri. Hala ere, ez da hareazko animazioak Youtuben zeresana eman duen lehenbiziko aldia. Kseniya Simonova ukrainarrak mundu osoa jarri zuen hareazko II. Mundu Gerrari begira.

1970eko hamarkadan garatutako teknika da hareazko animazioa. Begoña Vicario Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak hondartzan behatzekin egiten diren marrazkiekin konparatu du; «printzipio bera da», haren esanetan. Artistak barnean argia duen mahai baten gainean egiten du lan; diapositibak egiaztatzeko erabili ohi ziren gailuak izan daitezke. Gainean argi eremu osoa hartzen duen kamera bat behar da, plano zenitala hartuko duena. Mahaiaren gainean harea bota, eta irudiak sortzen has daiteke artista, eskuak erabiliz, putz eginez, edozein formako pintzelekin, baita sukaldeko tresnekin ere.

Horrelako animazioetan huts egin ezin duen beste elementu bat musika da. Biak uztartzeari esker, sentimendu anitz pizten dira ikuslearen baitan.

Vicariok azaldu duenez, bi modutara erabili ohi da teknika hori: filmak egiteko eta zuzeneko ikuskizunak eskaintzeko. Film bat egiterakoan, marrazki bizidunekin bezala egin behar da: hamabi irudi sortu behar dira segundo bakoitzeko. Zuzeneko emanaldietan, berriz, proiektorea erabili ohi da hareazko irudiak pantaila erraldoian jartzeko.

Caroline Leaf eta Ferenc Cako dira teknika horren aitzindariak. Leafek pelikulak sortu zituen. Adibidez, Sand, or Peter and The Wholf (Harea, edo Pello eta otsoa) eta The Owl Who Married a Goose (Antzara batekin ezkondutako hontza) filmak sortu zituen 1969an eta 1974an, hurrenez hurren. Teknika horrekin egindako filmen zerrenda luzea du zinemagile kanadiarrak. Cako, berriz, zuzeneko ikuskizun gehien eskaini duena da, Vicariok azaldu duenez. Hala ere, hareazko animazio filmak ere sortu ditu. Jende aurrean egiten dituen lanak Internet bidez jarri ohi ditu mundu guziaren eskuetan.

Emaitza ikusgarria bada ere, Euskal Herrian ez da zabaldu hareazko animazioa. Vicariok animazio eskoletan landu ohi zuen ikasleekin, beste teknika batzuekin batera. «Orokorrean, teknika alternatiboetan ez dago jenderik; animazio esperimentalean jende gutxi ibiltzen da», azaldu du irakasleak. Haren aburuz, teknika «oso emankorra» da, baina lana eskatzen du. Pilula txiki bat dela esan du, baina pozoia bezain indartsua. Vicariok berak mota horretako animazioak egin izan ditu. Zureganako grina film abstraktua da horietako bat. Pregunta por mí (Galde ezazu niregatik) lana ere teknika horrekin egin zuen, eta Goya bat irabazi zuen. Organo trafikoari buruzko film figuratiboa egin zuen orduan.

Hareazko animazioa egiten duten euskal herritarrak aurkitzea ez da lan erraza. Hala ere, Vicarioz gainera bada teknika hori lantzen duen artista nafar bat. Txema Esteban da, Agoitzen bizi den iruindarra. Berak sortu zuen EHEren bideo laburra. Teknika «oso dibertigarria» dela dio, eta gehien erakartzen duena da irudia ez dela geratzen: «Irudia beste irudi bat bilakatzen da, eta gero beste bat, eta beste bat». Teknika zaila da hasieran, kultura artistikoa aldatzea eskatzen baitu. «Argiarekin jolasten da, ez itzalarekin», azaldu du. Izan ere, hondo zuri batean beltzez margotu beharrean, hondo beltzean zuriguneak sortu behar dira.

Thomas Hooden komikiak irakurtzen bururatu zitzaion Estebani hareazko animazioa egiten hastea. Hoodek «karraskatze teknika» erabiltzen du. Beraz, itzalaren bidez nabarmendu beharrean, hondo ilunean argia ateratzen du. «Horrek harriturik utzi ninduen, eta ikertzen hasi nintzen. Bartzelonatik materiala ekarri, eta negatiboan irudiak sortzen hasi nintzen». Lan horretan zebilela, hareazko animazioaren berri izan zuen Interneteko bideoen bidez. «Teknika bera da, baina harearekin».

Harearekin soilik ez

Han eta hemen ibili zen irudiak sortzeko harearik egokienaren bila. Hondar ale finak lortu zituen, eta orduan lanean hasi zen. «Eskua sartu bezain pronto haluzinatzen hasi nintzen», aitortu du. «Saltseatzen hasi nintzen, eta emozionatu egin nintzen». Hortik abiatuta, hainbat proiektu jarri ditu martxan, teknika hori jendearen aurrean erakusteko.

Hondarra erabili zuten teknika horretako aitzindariek, eta horregatik esaten zaio hareazko animazioa. Hala ere, ez da beti harea erabiltzen. Vicariok dio edozein materialekin egin daitekeela: babarrunekin, fideoekin, ilarrekin… Alexandra Korejwo artista poloniarrak, adibidez, gatza erabiltzen du animazioak egiteko, eta askotan koloreztatu egiten du. Hondarrarekin kontrastea erabatekoa dela dio Vicariok: beltza edo zuria. Gatzak aukera gehiago ematen ditu, eta, koloreztatuz gero, koloreekin jolasteko aukera ere ematen du.

Ilana Yahavek beste material bat erabili zuen bere lanetako batean: gari xehatua. Gaileta marka baten iragarkia egin zuen, eta mezua musika eta gariz egindako animazioarekin zabaldu zuten. Baina artista israeldarrak harea erabili ohi du bere ikuskizunetan. Mundu osoan ibili da bere dohainak jende aurrean erakusten.

Estebanek ere badaki zer den beste materialekin marrazkiak sortzea. Hareazko animazioa lantzen hasi zenean, fabrika batean egiten zuen lan. Erradialekin metala leuntzen zuen, eta txirbil beltza ateratzen zen. Zorua hauts beltz-beltzez estali egiten zen horrelakoetan. «Hasi nintzen hautsa pixka bat kentzen, hemendik eta handik, eta, halako batean, paisaia bat egin nuen», kontatu du Estebanek. Lankideak txunditurik uzten zituen metalezko piezetatik ateratako txirbilarekin marrazkiak egiten zituen guztietan. Izan ere, buruan etengabe ideiak sortzen zaizkiola dio margolari nafarrak. Aitortu duenez, ez du formakuntza artistikorik jaso, baina artista bat darama bere baitan.

Fabrikan egiten zuen bezala, Estebanek inprobisazioa nahiago du. Haren aburuz, hareazko animazioa jazza bezalakoa da. «Primeran pasatzen dut, oso dibertigarria baita», esan du. Lan egiteko materiala etxean du, eta «boladaka» lantzen duela azaldu du. Euskal Herrian Euskaraz-en bideoarekin kritika onak lortu dituela esan du, baina ikusteko dago euskal artistak hareazko animazioa egitera bultzatuko dituen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.