Heriotza

Idoia Etxeberria / 2013-04-04 / 250 hitz

«Ni preparatuta nago hiltzeko». Horixe esan zidan. Eta lagunak harrituta utzi ninduen. Harrituta bezain kezkatuta. «Ez dut esan hiltzea nahi dudanik!», argitu zuen berehala. Luzaroan bizi nahi zuela. Baina inork ez dakiela noiz arte egongo garen. Horregatik, hobe dela prest egotea.

Nola prestatu heriotzarako? Bizitzan egin nahi ditugun gauza denak egiten saia gaitezke. Gerorako utzi gabe. Badaezpada. Testamentua ere egin dezakegu. Baina nire lagunaren prestaketak bestelakoak izan ziren. Lagun asko ditu atzerrian, eta arduratuta zegoen: «Ez litzaidake gustatuko ni hil, eta haiek ez jakitea». Hortaz, lagunen helbide eta e-mail-ekin zerrendak egin zituen. Eta mezuak idatzi, haiendako. Bera hiltzen baldin bada, bere senideek bidaliko dituzte.

«Mezu hau jaso baduzu, hil egin naizen seinale». Pentsa horrelako zerbait jasotzea. Hankaz gora erortzeko modukoa da, ezta? Broma makabroa dirudi. Baina ez al da okerragoa agur esan gabe joatea? Ala hildakoaren spam bat iristea, inork ez dakielako haren e-mail-a nola itxi? Gertatzen dira halakoak. Pasahitza norberak soilik jakiten baitu.

Idatz dezakegu gure gorpuarekin zer egitea nahi dugun ere. Kanposantuan lurperatu. Poto batean sartu. Lau haizeetara zabaldu. Hileta zibila ala katolikoa. Lorerik nahi dugun ala ez. Abesti jakinen bat. Poesia. Bertsoak. Ardo nafarra eskaintzea hurbiltzen direnei. Ala barreterapia saio bat.

Hiltzeko prestatzeko denbora behar da. Baina batez ere ausardia. Gure bizitzari gainbegiratua emateko. Maite ditugunak zein diren konturatzeko. Zer esango genieken pentsatzeko. Gu gabeko bizitza imajinatzeko.

Gero, gainera, noizean behin dena eguneratzea komeni da. Gaur lagunak direnak igual bihar ez direlako izango. Lagun berriak izan ditzakegulako. Iritziz alda dezakegulako. Eta gure gorpua ilargira bidali. Izoztu. Klonatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude