Higss bosoiak saritu du

Jon Eskudero / 2013-04-26 / 418 hitz

CAF-Elhuyar lehiaketan zientzia kazetaritzaren arloko saria irabazi du Gorka Zabaletak, Higgs bosoiaren inguruan Angel Mari Uranga fisikariarekin egindako erreportajeagatik.

Bigarren urtez jarraian, CAF-Elhuyar lehiaketan zientzia kazetaritzaren arloko saria jaso du Gorka Zabaletak. Joan den urteko urrian Zumaiako (Gipuzkoa) Baleike herri aldizkarian argitaratutako erreportaje batek eman dio saria: Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa izenekoak, hain zuzen ere. CERNeko fisikari Angel Mari Urangak Higgs bosoiaren inguruan egindako adierazpenak ditu oinarri erreportajeak. «Iaz, uda partean, zalaparta izugarria sortu zuen Higgs bosoiaren aurkikuntzak, 40 urte igaro baitzituzten haren bila. Lagun batek Urangaren berri eman zidan, eta harekin hitz egin eta erreportaje bat osatzea egokia zela iruditu zitzaidan», azaldu du Zabaletak. Hasieran zalantzak izan zituen gaia lantzerakoan, baina ez zaio damutu. Bi mila euro eta Imanol Andonegik eginiko eskultura bat jaso zituen atzo, Usurbilen (Gipuzkoa) eginiko sari banaketan.

Erreportajea gauzatzeko birritan bildu zen Zabaleta Urangarekin. Lehenengoan Higgs bosoia zer den izan zuten mintzagai. Bigarrenean, fisikari baten lana zertan den eta antzekoak aztertu zituzten. «Unibertsoaren sorrera zertan izan zen, bilakaera nolakoa izan den eta etorkizunean zer izan daitekeen kontatu ditut erreportajean. Nahiko gai zailak eta abstraktuak dira, baina Angel Marik —Urangak— gaitasun aparta du gauzak ongi azaltzeko, eta horri esker ederki atera zait lana». Epaimahaiari aipagarria iruditu zaio Zabaletak gaurkotasunari erantzuteko eginiko ahalegina, protagonista egokia aukeratzean erakutsitako zorroztasuna eta herri aldizkari batek zientzia gaiak zabal landu izana.

Epaimahaiak baloratutakoa egokitzat jo du Zabaletak. «Kazetari batek ezin ditu gai guztiak kontrolatu, baina iturri egokiak aukeratzea da gakoa, eta nik asmatu egin dut horretan». Zabaletaren arabera, zientzia gaiak tokiko hedabide batean plazaratzea ez da ohikoa, baina hala behar luke izan. Askotan galdetu izan diote zera: nolatan zientzia gai bat herriko aldizkarian? «Eta, zergatik ez? Kirolari, ekonomiari eta politikari buruz hitz egiten badugu, zientziari buruz ere bai. Gaia puri-purian zegoen bere garaian, eta oso interesgarria zen. Horregatik argitaratu nuen». Saria irabazterik ez zuen espero, dena den: «Ezustean harrapatu nau erabat. Sorpresa itzela izan da. Hurrena ere saiatu beharko dut».

Beste hainbat saritu ere bai

Zabaletak ez ezik, beste hainbatek ere jaso dituzte CAF-Elhuyar sariak. Gernika-Lumoko (Bizkaia) sei lagunek irabazi dute, besteak beste, zientzia gizartera sorkuntza beka, Balio berriz balio izeneko proiektuarekin. Zientziaren eta teknologiaren mundua gizartera gerturatzeko egin duten ahalegina aintzat hartu du epaimahaiak. Bost mila euro izango dituzte proiektua egiteko.

Isabel Mendizabalentzat izan da egilearen doktore tesian oinarrituriko dibulgazio artikuluaren saria, antropologia molekularrari buruz eginiko lanari esker. Dibulgazio artikulu orokorraren saria, berriz, Migel Kerejetak jaso du. Merezimenduaren saria, azkenik, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearentzat izan da, medikuak eta beste euskalduntzen egiten ari den lanarengatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.