Ian McEwanen ‘Atonement’ itzuli du Xabier Olarrak

Juan Luis Zabala / 2013-04-26 / 304 hitz

‘Hoben-ordaina’ du izenburua euskaraz Urrezko Belaunaldiko kidearen eleberririk goraipatuenak.

Ian MacEwanen Atonement eleberri goraipatuaren itzulpena argitaratu du du Igela argitaletxeak, Xabier Olarrak euskaratua, Hoben-ordaina izenburuarekin. Julian Barnes, Salman Rushdie, Martin Amis eta Kazuo Ishigurorekin batera, Golden Generation edo Urrezko Belaunaldia deitutakoaren kide nagusietako bat da McEwan, eta Hoben-ordaina «McEwanen ibilbide osoan geldituko den nobelarik onenetako bat», Olarraren iritziz. Daily Telegraph egunkariak egindako zerrendan, XXI. mendeko lehen hamarkadako hogei liburu onenen artean sailkatu zuten, Jonathan Franzen The Corrections eta Philip Rothen The Human Stain-en aldamenean.

Bi gazte unibertsitarioren amodiozko istorio baten barruan (Robbie Turner eta Cecilia Tallis) gertatzen den halabeharrezko oker bat da Hoben-ordaina liburuaren ardatz nagusia. Robbiek desenkusazko gutun bat eman nahi dio Ceciliari, baina okerreko gutun bat jartzen du okerreko pertsona baten eskuetan, eta oker horien ondorioak dramatikoak eta bizitza osorako gertatzen dira.

«Ondo dokumentatuta eta ideia batekin abiatzen den arren, McEwanek gogoko du oso irakurlea suspensean edukitzea, aspertzeko motiborik ez ematea», Olarraren iritziz. «Horregatik, errealitatetik eta dokumentazio lanetik abiatzea hasierako baldintza besterik ez da, eta beste inon baino argiago gelditzen da Hoben-ordaina-n nobelaren errealitatea errealitatetik at dagoen zerbait dela, eta bere legeetara baizik ez dela makurtzen».

Nobelagileak lantzen duen manipulazioaren adibide argi bat da itxuraz hirugarren pertsonan idatzitako nobela bada ere bukaera aldera irakurlea ohartzen dela guztia protagonistetako batek egindako kontakizuna dela, beste bi protagonistek emandako aginduari men eginez idatzia. Hori dena ez da amaiera arte argitzen, eta orduan ere erdizka baino ez.

«Ian McEwanen nobela eta istorioetan patuak eta traumek leku nabarmena dute», Olarrak azaldu duenez. «Halabeharrak bizimodu arruntean sortzen dituen traumei buruzko idazlerik trebeentzat dago onartua egungo literaturaren eszenan. Etengabe ari da halabehar hondamendizkoak jende arruntaren bizimodu ordenatuan dituen ondorioak esploratzen. Badirudi hor aurkitu duela bere literaturgintzarako bidea, eta nola edo hala horretara jotzen du behin eta berriz». McEwanen obsesioen artean daude «nobelen barruan nobelari buruz egiten dituen hausnarketak» ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.