iOS eta Android aplikazioen eguneratzeei entzungor?

Aitor Aretxaga / 2013-04-03 / 247 hitz

Lantzean behin, telefono eta tablet erabiltzaileek aplikazioen eguneraketen berri jasotzen dute. Utzikeriagatik sarritan, makina bat App berritu gabe uzten dira abisuei entzungor eginda. Agerkari horien zeregina da, besteak beste, erabiltzaileak jakinaren gainean jartzea, aplikazioentzat eskuragarri daudela jakinaraztea, edota aldaketa, funtzio hedakuntza zein akatsen zuzenketak egitea. Tarteka agertzen diren eguneraketei esker, garatzaileak gai dira erabiltzaileei eskaintzeko hobekuntzak nahiz aukera berriak emateko. Interfazearen aurpegi aldaketa bat izan daiteke, Android-erako Whatsapp-arekin berriki egin duten gisara; edo funtzio erabat berria izan daiteke, Google Currents aplikazioan sartu duten albisteak irakurri bitartean entzuteko aukera bezala.

Non eta nola eguneratu

Android sistemen erabiltzaileek jakinarazpen horiek pantailaren ezker goialdean jasotzen dituzte. Horietako bati klik eginda, Google Play dendako eguneraketak ikusteko aukera dago. Oharkabean galdu dutenek —edo bertsio zaharragoetako erabiltzaileek— zuzenean dendara joan, menu botoiari eman eta nire aplikazioak aukera eginda eskuragarri dituzte. Android euskarrietan, gainera, garatzailearen orrian hautatu daitezke aplikazio horren eguneraketak.

iOS euskarrien jabeek, bestalde, ez dute aplikazioen eguneraketen berri agerkari bidez jasotzen. Horren ordez, aplikazio bakoitzak adierazten du jakinarazpenik duen haren lasterbidearen gainean gorriz inguratutako zenbaki batekin; kasu horretan, zenbat aplikazio dauden berritzeko adierazten du App Store lasterbideak. Oharra balego, App Storen sartu eta Updates edo eskuineneko atakan izango da eguneraketak dituzten aplikazioen zerrendaren berri. Deskarga automatikoak gaitzea badago, baina ez soilik banaka aukeratzeko.

Bietan ere, banaka hautatu daitezke berrikuntzak, edo erosoago eginez, guztiak batera deskargatu. Hala ere, eguneraketaren azalpenari muzin egin eta ezusteko desatseginik ez izateko, ezinbestekoa da jaso diren aldaketei adi egotea; litekeena baita gogoko den ezaugarri bat galtzea batetik bestera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.