Itxuraren atzean dagoena

Erredakzioa / 2013-04-10 / 168 hitz

Yoseba Peñaren ‘Hodeien adorea’ nobelaren bidez, Donostiaren alde iluna aztergai, Durangon.

Itxura eta mamia, ustezko dotorezia eta atzean dagoen alde iluna. Irudiaren gizartearen disekzio gordina egin du Yoseba Peñak (1977, Sodupe, Bizkaia) Hodeien adorea eleberrian. Donostian gertatzen da Peñak kontaturiko istorioa, eta gaur aztertuko dute eleberria, Durangon (Bizkaia).

Egilearen lehen nobela da Hodeien adorea. Elkarrizketa bizien bitartez kontatzen du istorioa, kaleko hizkera erabiliz.

Turistentzako gidetatik harago, Donostia erakutsi nahi izan du Peñak, «benetako Donostia, maskorrak ezkutatzen duena». Hasieran, atzerrian girotu nahi zuen istorioa. Gero, ordea, deliberatu zuen hobe zuela ezagutzen dituen lekuez aritzea. Bilbon girotzeko aukeraz hausnartu zuen, baina, azkenean, Donostian jartzea erabaki zuen, Gipuzkoako hiriburuak «kontraste gehiago» eskaintzen duelakoan.

Asturiastik (Espainia) etorritako familia bateko hiru seme donostiarrak dira protagonistak: seme drogazalea, seme zintzoa eta seme ezindua, autista. Hiruren artean josten dute istorioaren haria drogazaletasun, politika, borroka armatu eta poliziaren jardueraren txataletan.

Heriotzaz, zorigaiztoaz eta zorionerako lekurik uzten ez duen errealitateaz mintzo da Peña: «Bideo jokoetan ez bezala, bizitzak ez dauka reset botoirik, ez du bigarren aukerarik ematen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.