Joxe Miel Barandiaran berrirakurriz

Imanol Mercero / 2013-04-28 / 181 hitz

  • Izenburua: Basajaun eta Martin
  • Egilea: Yolanda Arrieta
  • Ilustratzailea: Maite Caballero
  • Argitaletxea: Erein

Bospasei urtetik aurrerako irakurleek esku artean ibiltzeko moduko album ilustratua, tamainaz ertaina, koloretan eta tapa gogorrarekin, gauzen zergatia mitologiak azaltzen duen eran aditu nahi duenarentzat aproposa.

Obra eraikitzeko aitzakia Joxe Migel Barandiaranek bildutako mitoen berrirakurketa da, idazleak bere erara josia. Nomada izateari utzi, eta sedentario nola bihurtu ginen azaltzen zaigu, eta trantsizio horretan kristautasunak eta paganismoak izan zuen elkarbizitzaren berri ematen.

Barandiaranen eskutik, bestela ezin eta, Martin Txiki dugu gizakion heroi. Gertakariak greziako mitologian agertzen diren era bertsuan azaltzen dira, izaki ahalguztidunei jakintza lapurtuaz eta haiekin gure zibilizazioa eraikiaz. Herria ardazten duen eliza, lehenik; elikaduraren oinarri berria den garia, jarraian.

Testua hainbat mitoren fusioarekin eraikita dago, giltza diren hainbat esaera gordeta.

Ilustrazioek karantza berezia ematen diote testuari: gizakiak irudikatzeko tailu zehaztugabeetan ezarritako buru soil baina espresio askokoak erabili dira; gaueko aurpegia duen laino gisan irudikatu da; hildakoak mendian ezarritako begiak dira; eta Basajaunak ezohiko gorpuzkera dauka, batzuetan belar meta dirudiena, gehienetan mendi baten forma duena. Zuri-beltzarekin batera berdea da nagusi ilustrazioetan, eta, xehetasunak nabarmentzeko, gorria eta arrea erabili dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.