Maisua

Idurre Eskisabel / 2013-04-27 / 168 hitz

Igorren gurasoei galdetzen zietenean umea nolakoa zen, berehala eta aho batez erantzuten zuten: jakin-minez betea. Ninitan sekulako trebezia lortu zuen sabel gainean narrasean ibiltzen, huraxe baitzuen arakatu nahi zituen izaki, gauza eta lekuetara iristeko modu bakarra. Arrazoi beragatik, artista izan zen katuka ibiltzen, eta inguruko haurrek baino lehenago ikasi zuen oinez. Hizketan moldatu zen orduko, zergatik-a ekin zion, isildu gabe. Eta bazuen, gainera, bertute handi bat: ez zen besteen erantzunaren zain geratzen, baizik eta bera saiatzen zen behatzen, probatzen, bere kabuz jakiten. Orduak ematen zituen etxe atzeko lorategian, adibidez, han eta hemen lurra zulatzen, jakin nahian batean eta bestean zergatik zuen kolore desberdina. Horregatik, Juan maisuak mundua bere ardatzearen gainean bueltaka ibiltzen zela azaldu zienean, bere kabuz ikertu nahi izan zuen. Hasi zen oheratzean txapinak zoruko parketaren marra jakin baten gainean uzten, hurrengo goizean frogatzeko lurra mugitu ote zen. Eskolan esperimentuaren berri eman zuenean, algara burlatiz hartu zuen Juan maisuak, grabitatea aipatuz, eta, noski, haren ondotik, ikaskide guztiek.

Egun, Igorrek telebistaren aurrean ematen ditu bulegotik kanporako ordu gehienak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.