Memoria kolektiborako gida

Mikel Asurmendi / 2013-04-21 / 458 hitz

  • Izenburua: Gatazkaren lorratzak
  • Koordinatzaileak: Jon Kortazar eta Amaia Serrano Mariezkurrena
  • Argitaletxea: Utriusque Vasconiae

Azaleko lorratzak haztatzea gomendatzen dizut liburuaren mamira iristeko. Pablo Picassoren Gernika-ren lagin —herritar hilak— batek eta ETAren anagramak (Sugea eta aizkora) osatua da azaleko irudia. 1936ko gerra eta ETA batu ditu azalak. Espainiako Gerra Zibileko eta haren osteko gatazka aroko testuak aztertzen dira liburuan: 1936ko gerraren eta ETA fenomeno sozio-politikoaren (h)arieran sortutako narrazioak. Konstatazio bi: bat, gerra hura militar batzuek —estatu kolpez— gobernu demokratikoa deuseztatu ostean hasi zen. Bi, ETAk demokrazia aroan ere indarkeria erabili izana.

Iraganaz arduratzeak egungo kezkak uxatzen laguntzen du. Memoria presente dugu beti. Balio sinbolikoa izateaz gain, izan nahi duguna aldarrikatzeko ezinbestekoa da. Memoria are presenteago dugu, gerretan eta diktaduren aurka hazi delarik. Memoriak gertaera traumatikoak barneratzen ditu, horiek narratzeak memoria lantzen laguntzen du. Batzuek —bakearen izenean— memoria sendatu nahian isiltasuna hobesten dute, bestetzuek —biktimen izenean— justizia nahi dute. Memoria ezabatzearen eta berridaztearen artean, «narrazio bateratu» bakarraren ordez, kontakizun ugari idaztea proposatzen du Amaia Serranok.

Memoria «oroitzeko gaitasuna» moduan hobetsi dute egileek eta bi adjektibo ipini: kolektiboa eta historikoa. Terminologia bateratua erabiltzea proposatzen dute, gatazkari buruzko literaturak batez ere memoria kolektiboan hartzen baitu funtsa.

Artearen indarra berebizikoa da memoria kolektiboa finkatzeko. Picassoren Gernika lekuko. Gure literaturak ere jendearengana iristeko ahalmena erakutsi du.

Hona memoria kolektiboa ulertzeko liburuko aburu zenbait:

Ekaitzpean narrazioan hau iradoki zigun Jose Eizagirrek: 36ko gerra euskaldunen arteko gerra zibila ere izan zela. Jon Kortazarrek dioenez, memoriak asmatu egiten du, baita ahaztu ere. Memoria sortzailea da, beraz, ez da fidagarria. Ondorioa: historialariek eraikitzen duten memoria historikoaren gainean idazleek memoria kolektiboa sortzea arriskutsua da.

Ibon Egañak, berriz, «gatazkaren gainean jardutean zertaz ari gara?» itaundu du. Gatazka egoeran hizkuntza gatazka-leku bihurtzen da. Sinbologia eta ideologia legez, hitzak lehian sartzen dira. «Euskal gatazka» eufemismo bezala erabiltzea eta «traidore»-aren figura azpimarratu ditut.

Ur Apalategik 36ko gerra lehia literarioaren alegoria gisa aztertu du. Bi ohar: obra literarioak ez du kodetzen autorearen biografia, autorearen auto-analisi soziologikoa da. Haren testu literarioa bere kontestuaren kudeaketa da.

Alvaro Ravellik gerran parte hartu zutenen ideologia azaldu baino, pertsonen izaera narratu izana nabarmendu du Inazio Mujika Iraolaren Gerezi denbora nobelan. Muturreko bizipenak kontatzea lehenesten du. 36ko gerra euskaldunen eta espainiarren arteko gerra soila bezala narratzeak egoera politikoa era interesatuaz islatzen du. Gure jendarteak ondo daki dogmatismoez, idealismoa hain eskasa den garaion.

Euskal haur eta gazte literaturan bakan ageri da 36ko gerra, baita haren ondorengo gatazkak ere. Xabier Etxaniz Erle eta Manu Lopez Gasenik diotenez, «gerraren zauriak orbaindu gabe ditugun seinale». Jokin Muñozen Antzaran bidea aztertu du Serranok azkenik. Ikaspena: euskal gatazka ez da oraindik memoria kolektiboaren zati osatua. Liburua iragana oroitzeko gida da. Euskal narrazioen eta arazoaren gida izateko xedez egina. Kritika literarioa du mami. Neronek zazpi gidarion saioetan jaso ditudan lorratzak eskaini dizkizut, zerorrek liburuaren mamira bide egin dezazun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.