Mina arintzen duten loreak

Jon Rejado / 2013-04-17 / 882 hitz

Azken hamar urteetan, opio belarraren laborantza hedatzen ari da Araban, botika industriara bideratuta, prezio egonkorra duelako eta emaitza onak ekartzen dituelako.

Aste gutxi barru ezohiko ikuskizuna gertatuko da Arabako hainbat lur eremutan. Lurraldean sakabanatuta dauden 140 hektarea inguru lore deigarriekin koloreztatuko dira. Kolore horrek egun gutxi batzuk baino ez du iraungo, eta, lore hostoak galdu ahala, kapsula batzuk geldituko dira agerian. Edertasuna galdu duen landare hori da, hain zuzen ere, lehengaia. Botika industriak minari aurre egiteko analgesikoak eta eztula eteteko botikak prestatuko ditu landare horrekin.

Botika industriarentzat opio belarraren laborantza aspaldikoa da, baina Euskal Herrian duela urte gutxi sartu zen, Arabatik hasita. Azken hamar urteetan lo belarra edo opioa poliki-poliki sartu da zenbait nekazariren labore txandakatzean, eta, oraindik hedadura txikia duen arren, ekartzen dituen emaitza onei esker egonkortzen ari da. Gasteizko udalerriaz gain, Trebiñu, Berantevilla, Langraiz Oka, Erriberabeitia, Armiñon eta Zanbranan lantzen ari dira lo belarra.

Gaur egun labore horren hedadura txikia da; aurten Araban 300 hektarea lantzeko baimena jaso dute nekazariek, baina erdia inguru baino ez dituzte landuko. Eta Trebiñuko lurretan 200 hektarea lantzeko baimena izan arren, azkenean 50 baino ez dituzte garaiz landu, eta dagoeneko berandu da berriro lantzeko. Orain arte lo belarrarekin proba egin dutenak harekin jarraitzearen aldekoak dira, nahiz eta onartu eskaera beti botika enpresen beharren menpe dagoela.

Eztula eta minbizia

Espainiako Osasun Ministerioak nabarmendu du opio belarraren laborantza botikagintzarentzat dela, eta enpresa horien beharren arabera hazten dela. «Laborategiek botika baten egitasmo zehatza aurkeztu behar dute, eta, horren arabera, behar duten lehengaiaren datuak zehazten dituzte». Espainian Alcaliber enpresa da lo belarra hazteko eta tratatzeko baimena duen enpresa bakarra, eta enpresa hori da, hain zuzen ere, Arabako nekazariekin harremanetan jartzen dena laborantzaren hedadura eta baldintzak zehazteko.

Alcaliberrek Arabako lurretan hazitako lo belarretik aterako ditu, besteak beste, botika enpresek erabiliko dituzten lehengaiak. Prozesu horretan lehortutako landare osoa baliatzen du, eta ez soilik kapsula. Hain zuzen ere, opio belarrean izaera terapeutikoa izan dezaketen 70 alkaloide baino gehiago daude, eta horiek sintetizatzea du helburu aipatu enpresak.

Alkaloideen artean ezagunena morfina da, min akutua arintzeko helburua duen substantzia, minbizi kasuetan, bihotzekoen ondorioz eragindakoetan eta ebakuntzen ostekoetan, besteak beste. Alcaliberrek kodeina ere sintetizatzen du opio belarretik; morfina baino indar gutxiago duen analgesikoa da, baina eragin lasaigarria duena. Halaber, eztula lasaitzeko erabiltzen da. Horiez gain, muskulu jakin batzuk lasaitzeko, espasmoak kentzeko eta odol hodiak zabaltzeko balio duten gaiak ateratzen dituzte opiotik, baita naxolona ere, opiazeoen gaindosiak tratatzeko substantzia.

Azkenik, opio belarraren kapsulan dauden haziak garbitu, lehortu, eta elikagai moduan merkaturatzen ditu Alcaliber enpresak. Urtean 7.000 eta 9.000 tona artean merkaturatzen dituztela jakinarazi du, bai okindegiko produktuak apaintzeko, bai txorientzako jana prestatzeko.

Botika industriak berak erabaki zuen opio belarra lantzen hastea, Jose Luis Fresnok, Garlan kooperatibako zuzendari kudeatzaileak, gogorarazi duen bezala. «Enpresa agertu zen, eta harekin kontratu bat egiteko prest zeuden nekazariengatik galdetu zuen». Arabako kasuan, kooperatibak bazkideei informazioa emateko prozesuan hartu zuen parte, baina hortik aurrerakoak nekazarien eta enpresaren arteko kontratuetan zehaztutakoaren arabera mugatzen dira.

Landare osagarri «egokia»

«Nekazaritzan aroak erretzen ari dira», azaldu du Benito Ociok, Ventas de Armentia kooperatibako presidenteak. «Opio belarraren eta mota horretakoen laborantzak ohikoagoak ziren Espainia hegoaldean, baina poliki-poliki gero eta iparralderago ari da lantzen». Ocioren ustez, bi arrazoi daude lekualdatze hori ulertzeko. Lehenik eta behin, lehengai horren eskaria handitzen ari dela, eta, bestetik, lurrek ez dutela bost urtetik beherako txandaketarik onartzen. Hau da, produkzio «egokia» lortzeko, ohiko laboreen osagarri bat sartzeko beharra dutela, labore bakarra lantzea errentagarria ez delako.

Fresnok opio belarraren erabilgarritasuna nabarmendu du laboreak txandakatzerakoan. Labore osagarri gehienek produkzioa handitu eta belarrak zein izurriteak kontrolatzeko balio dute, baina errentagarria izan behar du, eta zenbait urtetan mantendu behar da. Opio belarrak baldintza horiek betetzen dituela uste du Fresnok, betiere eguraldiak laguntzen badu, eta dagoeneko zazpigarren urtea dute hainbat nekazarik lan horietan.

Opio belarrak emaitza onak ekarri ditu azken urteetan Araban, eta enpresak produkzio egonkorra duela ikusita, eta nekazariei ematen dien egonkortasunaren ondorioz, hedatuz joan da. Egonkortasun ekonomiko hori gainontzeko laboreen araberakoa dela nabarmendu du Fresnok. Garia, elikagai bat izan beharrean, «burtsako produktu bat» dela salatu du, eta horrek jarduna baldintzatzen duela gaineratu. «Lo belarra errentagarria izango da merkatuaren arabera; garia edo garagarraren prezioa oso altua bada, ez da horren errentagarria izango». Opio belarraren prezioa aldez aurretik ezartzen denez, aurreikuspenak egiteko aukera ematen du, eguraldiaren menpe egonik betiere.

Errentagarritasunari buruz hitz egiterakoan edozein laboreri buruz bezala hitz egin arren, prozesuari dagokionez zerikusi gutxi du opioak gariarekin, erremolatxarekin edo patatarekin. Hasieratik bukaerara arteko prozesua zorrotz gainbegiratzen du enpresak. Are gehiago, ereiten hasi aurretik ere bere irizpideak ezartzen ditu. «Nekazariek haien lurren berri ematen diote enpresari, eta bertako ingeniari agronomoek landarearentzako lur egokienak aukeratzen dituzte», azaldu du Ociok.

Enpresako teknikariek lursail egokienak aukeratzen eta gero erein beharreko haziak ematen dizkiote nekazariei. Erein ondoren, nekazariak ohiko lanak egiten ditu, baina betiere enpresaren zaintzapean: ongarritu… Azkenik, uzta garaian enpresak bere gain hartzen du lan guztia. Nekazariek makineria jarri arren, enpresak kapsulak mozteko tresna berezi bat eramaten du, eta egunean bertan uzta Toledoko (Espainia) lantegi batera eramaten dute eta uztondoa erre.

Prozesu hori guztia Poliziaren zaintzapean egiten da, eta loraldi garaian ere soro horien zaintza areagotzen da. Hain zuzen ere, enpresak lursail bat aukeratu eta haren ezaugarrien berri eman behar dio Espainiako Barne Ministerioari. Zaintza horren helburua landarearen «erabilera ezegokia» galaraztea da, eta osasun arazoak saihestea. Hain justu, Espainiako Osasun Ministerioak ohartarazi du lo belar horren erretxina kontsumitzen duenak goragalea eta beherakoa izango dituela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.