Sagarrean leihoak ireki nahi?

Aitor Aretxaga / 2013-04-24 / 673 hitz

Apple-k lehenengo Intel Core 2 Duo prozesagailuak txertatu zituenetik, makina bat euri bota du. Orduz geroztik, Mac ordenagailu batean Windows eta Mac OS X eduki daitezke abioan aukeragai. Baina kontu horietan adituak ez direnentzat, bestelako aukera erosoagoak ere ugari daude.

Ziurtzat jo daiteke Mac bat etxean duenak Microsoft Windows sistema eragileari ihes egin nahirik egin duela aukera hori. Kalitate eskaseko softwarea nahiz milaka birusen jomuga izatea leporatu izan zaio programari. Ez hori bakarrik, sarri entzun izan denez, Microsoften Windows famatua Appleren MacOs sistema eragilearen kopia txar bat baino ez da; Windowsek izaten dituen hobekuntza gehienak Mac OS euskarrienaren ondoren iristen dira. Mac OS Xren jabeek argi daukate zer nahi duten haien ordenagailutik; horregatik, eraginkorrak nahiz kalitatekoak diren aplikazio ahaltsuak erabiltzen dituzte eguneroko jardunean.

Besteak beste, Mac bat erabiltzen duten pertsona gehienak argazkilariak, artistak, zinema zuzendariak, maketatzaileak, editoreak, diseinatzaile grafikoak edota zientzialariak direla esan daiteke.

Sagarrari barrutik leihoak irekitzea bezala

Hala eta guztiz ere, Windowsen programa asko daude oso erabilgarri zein beharrezko direnak, baina oraindik, ez direnak bateragarriak Mac OS X sistemarekin. Traba horri aurre egin behar diotenek arduratzeko buruko min bat gutxiago izango dute, WinOnX aplikazioa instalatzen badute. RedMondPie taldekoek garatutako aplikazio hori erabilita, Microsoft Windowseko programak exekutatu ditzakete Macintosh batean, ama aplikazioak balira bezala. Windows ordenagailuan instalatuta eduki behar izan gabe, martxan dagoen Mac OS X ingurunean edozein Windows aplikazio erabiltzeko bidezidorra da.

WinOnX erabilita, Windowseko aplikazioak egikaritzea zinez errazagoa da edozein Mac gailutan. Beste aukera batzuk ondorengoak lirateke: batetik, partizioak egitea eta Windows instalatzea, eta, bestetik, makina birtualak erabiltzea Windows ingurunea emulatuz. Esan gabe doa WinOnX aukera askoz ere erosoagoa dela Macintosh HD disko gogorra bitan banatzea eta ondorengo eragiketak egitea baino, edo Windows birtualki emulatzen hastea baino.

Bide batez, dirua aurrezteko aukera ere ematen du WinOnX erabiltzaileak, horrela beharrezko Windows kopiaren lizentzia erosteko beharra desagertzen baita. Traumatikoa ez den prozesua da aurkezten duena; beraz, ordenagailuaren memoria formateatu edo antzekorik behar ez duena; aplikazioa instalatu, eta bertatik instalatuko dira Windowsen bakarrik dauden gutizia horiek.

Nola egin jarraibideak

Lehenbiziko urratsa, App Store dendan sartu eta WinOnX aplikazioa deskargatzea da 4,99 dolarren truke (3,84 euro). Mac OS X 10.6 edo berriagoa den bertsioa izan behar du martxan ordenagailuak; bestela, Snow Leopard-en azken bertsiora edo Lion izenekora eguneratu beharko du.

Hurrengo urratsa, nork bere Mac gailuan erabili nahi duen Windows programaren exekutagarria deskargatzea edo CDa prest izatea da. Internet bidez deskargatu duenak non gorde duen ez baldin badaki, Finder atalean egin beharko du aipaturiko instalatzailearen bilaketa. Azkenik, ez dago besterik Windows aplikazioaren exekutagarriaren gainean klik bikoitza egin eta install with WinOnX aukeratzea baino. Hala, Mac-eko aplikazioa balitz moduan instalatuta geratuko da Windows programa hori. Beraz, aurrerantzean, ez da ezer berezirik egin beharko instalatu berri den programa erabiltzeko, beste edozein bezala, prest egongo baita abiatzeko.

————–

Saskia, erosketak egiteko aplikazioa euskaraz

Sakelako telefonoetarako eta tabletetarako Saskia izeneko aplikazioa egin du Artez Euskara Zerbitzuak, Akting ingeniaritzarekin batera. Erosketetako zerrendak egiten laguntzeko aplikazioa da Saskia, baina beste hainbat funtzio ere baditu: zerrendak trukatzeko aukera ematen du; baita zerrenda lagun bat baino gehiagoren artean osatzeko ere; etxeko armairuan dugunaren kontrola eramateko baliagarria da, eta eginiko erosketen kontuak ikusteko ere bai…

Euskara hutsez eginiko aplikazio hori bi gauzak egiten dute berezi: aplikazio praktikoa eta lagungarria da. Arina ere bada, memorian 1MB hartzen baititu soilik. Beste hizkuntzetan dauden antzeko aplikazioetan ordainpeko bertsioan bakarrik dauden hainbat funtzio doan eskaintzen ditu Saskia aplikazioak. Erosketak euskaraz egin ditzan jendea motibatzea eta trebatzea du helburu, eta gazteleraz idaztean euskarazko ordaina ematen du. Esate batera, lentejak euskaraz nola esaten den ez dakienari zuzendu egiten dio dilistak jarriz.

Bitxikeriez gain, erabiltzailea ondorengo ezaugarriez ere arazorik gabe balia daiteke: erosketa zerrenda propioa egin eta gainontzekoekin trukatzeko aukera ematen du; etxeko armairuaren kontrola egiteko ere balio du, zer dagoen eta zer falta den erakutsiz; erosketa zerrendak osatzea ahalbidetzen du; baita kontuak egin ahal izatea ere. Alabaina, bereziki erosoa suerta daiteke beste hau: produktuen zerrenda idatzi ahala hitzak automatikoki osatzen dituenekoa, aurretik definituak dituen 500 produkturi esker. Gainera, norberak ere gehitu ditzake produktu berriak datu basera, Saskia aplikazioa aberastuz edota pertsonalizatuz.

Saskia aplikazioa Google Play dendan eskuratu daiteke doan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude