Torturatuaren kirrinka

Ion Olano Carlos / 2013-03-31 / 839 hitz

Bere txikian, berri handia: Takiji Kobayashi idazlearen ‘1928-03-15’ lana itzuli du Hiromi Yoshidak, zuzenean japonieratik euskarara. Kontakizun ederra bezain latza da, tortura hizpide hartzen duena; latzena, idazlea bera torturatuta hil zuela Poliziak.

Japonierak eta euskarak elkarren antz handia omen dute; Hiromi Yoshida (Yuzawa, Japonia, 1960) hizkuntzalariak, ordea, argi adierazi zuen Urola Kostako Hitza-n, iaz: «Orokorrean esanda, oso-oso desberdinak dira». Hala eta guztiz ere, badirudi zubiak eraikitzen ari direla kultura bien artean, besteak beste, literaturaren bidez. Euskaldunok sarean libre irakur dezakegun 1928-03-15 narrazioa da horren erakusle argia.

Erdara handietan —gaztelera, frantsesa, ingelesa…— ezin irakur daiteke kontakizun hori. Alabaina, Yoshida euskalduna eta literaturzalea izaki, tarteko hizkuntzarik gabe ekarri digu narrazioa, jatorrizko japonieratik euskarara. Hori ez da, edonola, Yoshidak euskaratzen duen lehen lana: 1994an itzuli zuen Yukio Mishimaren Arratsaldeko atoiuntzia —berripaper honetan Kevin Herediari esan zioenez, Patxi Zubizarreta idazlearen laguntzaz burutu zuen itzulpena—. Dena den, Kobayashiren lanak badu halako zera bat, esanahi berezia ematen diona orain eta hemen irakurtzeari.

Odate herrian jaio eta Otaru hirian hazi zen Takiji Kobayashi (1903-1933). Gurasoak diruz pobre zirenez, osabak ordaindu zizkion ikasketak. Hain zuzen, ikasle garaian, aparteko interesa piztu zitzaion idazketarekiko: eskolako kazetan lan egin zuen, literatur aldizkarietara idazkiak bidali zituen, baita haietako batzuk argitara eman ere. Ikasketak amaiturik, lanean hasi zen banketxe batean; aldi berean, garaiko egoera sozio-ekonomikoak akuilaturik, buru-belarri sartu zen langile mugimenduan.

Senki (Bandera Gorria) aldizkarian plazaratu zuen 1928-03-15 narrazioa, 1928an bertan. Izan ere, urte hartan Tokko polizia politikoak izugarrizko sarekada egin zuen. Martxoaren erdialdetik hasita, poliziak orotara 1.652 lagun eraman zituen atxilo, oro har, komunista ezagunak eta sozialismoaren aldekoak. Horietako 500 inguru auzipetu egin zituzten; denei ezarri zizkieten kartzela zigor gogorrak, komunismoaz arnegatu zutenei izan ezik.

Gertakari haietan oinarriturik, kontakizun korala osatu zuen Kobayashik. Atxilotzeak eta atxiloaldiak kontatzen ditu xehetasun osoz eta sentsibilitate handiz, militanteen eta haien ingurukoen ikuspegitik. Askotarikoak dira bertan ageri diren ikusmoldeak, elkar osatzen dutenak eta elkarri talka egiten diotenak; horrek aberastasun eta sakontasun handia ematen dio irakurketari.

Lanak aurten 85 urte bete baditu ere, euskal irakurleari ez zaizkio arrotzak eginen bertan kontatzen direnak, ez baitira hain urrunak, tamalez. Engaiatze politikoak dakartzan zalantzak, nekeak, minak… garden ageri dira narrazioan. Agerian geratzen dira, halaber, errepresioaren mekanismo ankerrak: aho-bilorik gabe kontatzen ditu tortura gorriak, pultsu irmoz, narrazioaren dotorezia lausotu gabe.

Azpimarratu beharra dago euskarazko testuak duen maila; ondo baino hobeto orraztua, oso zaindua hitzen zehaztasuna zein espresioen egokitasuna. Indar poetiko handiko lana da, gertakariak ezagutzera emateaz gain, hainbat gai jorratzen dituena: ardura, gizalegea, leialtasuna… baita tarteka umorea ere. Armiarma.com atariak irakurraldi latza eta mesedegarria eskaintzen du —literatura onak ohi duen legez— Internet konexioa duenarentzat, debalde.

Idazlea martiri

«Entzun ondo. Hori, torturatuaren kirrinka da». Hala esaten dio ipuineko pertsonaietako batek besteari. Idazleak torturari tortura deritzo, inolako itzulingururik gabe, zuzen. Badirudi horrek amorrarazi egin zuela polizia eta, nolabait, Kobayashiren azken beltza iragarri zuela. Senki aldizkarian bertan plazaratu zuen Kanikosen (1929) nobela laburra. Hori da, zalantzarik gabe, haren lanik ezagunena. Argitaratu orduko debekatu zuten; poliziak egilea atxilotu eta jipoitu egin zuen.

Hainbat atxiloaldi eta jipoiren artean, Japoniako Alderdi Komunistan sartu zen Kobayashi. Garai hartan legez kanpokoa zenez, sasian egin behar izan zuen lan. 1933an, azken aldiz atxilotu zuen Tokko poliziak. Batzuek diote elurretan biluzarazi eta makilez kolpekatu egin zutela gupidagabe. Nolanahi, bost ordu geroago, Kobayashiren gorpu hanpatu, ubeldu eta odoleztatua ospitalera eraman, eta han baieztatu zuten bihotzekoak jota hil zela. Hogeita bederatzi urte zituen.

Kobayashiren amak, semearen gorpua ikusi, eta zaindariei begietara begira esan zien ez zuela sekula gezur hura sinetsiko. Geroago, martiriaren hilkutxa inguruan 300 lagun inguru bildu ziren; gehienak atxilo eraman zituen poliziak. Otsailaren 20a zen, geroztik urtero oroitzen duten data; urte hartan, hala ere, martxoaren 15 sinbolikoan oroitu zuten Takiji Kobayashi. Hala dio idazleak kontakizunaren amaieran: «Ez ahaztu martxoaren hamabosta. Eraiki dezagun langileen eta nekazarien gobernua. Gora Japoniako Alderdi Komunista!».

Kanikosen Booma

«Infernura goaz!». Esaldi horrekin abiatzen da Kobayashiren lanik ezagunena, Kanikosen. Karramarro-arrantzara joanak dira 400 behargin inguru, Hakko Maru izeneko ontzian, Kamtxatka-ko uretara —egungo Errusia—. Ezin gogorragoak dira lan-baldintzak; beren buruaren kontzientzia hartuta, proletarioak matxinatu egiten dira nagusi zapaltzailearen aurka. Edonola, Inperioaren itsas armadako marinelek esku hartuko dute, langileen agintea zapaldu eta ordena zaharra berrezartze aldera.

Argitara atera zenetik sona handia hartu zuen Kanikosen nobelak Japonian. Literatura proletarioa delakoaren lan gorenetako bat izateaz gain, literatura ikasleek ezagutu beharreko lanen artean ageri da, gaur egun, ia zerrenda guztietan. 1953an filma egin zuen So Yamamura zinemagileak, eta horrek japoniarren iruditerian areago sendotu zuen Kanikosen. Ordutik hona, 5.000 ale inguru saldu ditu urtero; hala eta guztiz ere, benetako gorakada orain dela bost urte heldu zen.

Izan ere, 2008an, finantza-krisi kapitalistak gogor eragin zuen Japoniako ekonomian. Horren ondorioz, hainbat aldizkari, blog eta argitalpenetan ugaritzen hasi ziren Kanikosen lanari eginiko erreferentziak. Izenburua nonahi aipatzearekin bat hasi zen liburuaren bigarren gaztaroa. Soilik urte hartan, 500.000 ale saldu ziren; kontuan hartu gabe, jakina, liburuan oinarrituta egin diren lau komiki bertsioak, eta zinerako eginiko bigarren egokitzapena.

Japoniatik kanpo ere aski zabaldu da Kanikosen. AEBetan, esaterako, konparatu izan dute Upton Sinclair-en The Jungle (1906) lanarekin, baita John Steinbeck-en The Grapes of Wrath (1939) nobelarekin ere. Askorentzat, boom berri horrek agerian uzten du, Japonian eta nonahi, benetakoa dela aldaketarako aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude