Erretratu flandestarraren kasu bitxia

Erretratu flandestarrarenEgilea: P.D. Baccalario, A. Gatti
Itzultzailea: Aitor Arana
Ilustratzailea: Effeeffestudios
Argitaletxea: Mezulari
Bilduma: Voltaire kaleko abenturak
Urtea: 2012
ISBN: 978-84-271-3324
R: 6.874

Voltaire kaleko abenturak bildumako hirugarren liburua da, baina ez dago aurrekoak irakurriak izan beharrik hau ongi ulertzeko. Liburuaren hasieran aurkezpen moduan ematen zaigun informazioa aski da irakurleak bere burua behar bezala kokatzeko:

“Voltaire kaleko 11. zenbakiko maizterrei ikaragarri gustatzen zaizkie polizia-nobelak, eta ikertzaileen sena dute. Etxeko auzotarren betiko bilerez kokoteraino daudenez, detektibe klub bat sortu dute. Muturra sartzeko moduko misterioren bat dagoen bakoitzean, Parisko ikertzailerik handiena den Gustave Darbonen lehen solairuko apartamentuan elkartzen dira. Han, Barduchon andreak etxean egindako tarta zatiak jan eta esamesak kontatu bitartean… ikerketari ekiten zaio!”.

Hitzez hitz ekarri dudan informazio honez gain, balizko ikertzailegai eta, ondorioz, bildumako liburuetako protagonista direnen irudiak ere paratu dituzte: Barduchon andrea, Lalou, Janvier, Annette, Valentine, Jean-Paul, Barduchon andrearen semea, Fabrice, Pasquiat eta Victor. Aurkezpenaren zati bat irudi bidez egin izanak asko errazten eta arintzen du aipatutako kokatze lana.

Liburu honetan Voltaire kalekoek argitu behar duten misterioa hauxe da labur-labur:

Arte galeria batean lapurreta izan dela jakin dute. Baina balio urriko erretratu flandestar txiki bat besterik ez dute lapurtu. Ikerketari ekin eta, zenbait urrats eman ondoren eta zenbait kasualitateren ostean, koadroaren markoak oso gauza baliotsua daukala jakingo dute. Hortik aurrera, gertakari larriak ere jazoko dira.

Egileak lortu du gertakariak ongi kateatzea eta misterioari eustea aldi berean. Liburu laburra izan arren, hamasei ataletan dago banatua eta horrek ere laguntzen du irakurtzeko garaian. Gainera prosa arina du, bai joskerari dagokionez bai lexikoari dagokionez. Genero poliziakoa, misterioa… gogoko izanez gero, erraz irakurtzeko moduko liburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude