Higgsen izena eta izana

Ana Galarraga / 2013-05-02 / 459 hitz

Higgs bosoia, izan, bada. Halaxe aldarrikatu zuten iaz, CERNetik mundu osora, txalo eta poz-adierazpenen artean. Dena dela, zientzialariek zuhur jokatu zuten, eta izenburu arranditsuen azpian, letra txikiz, emaitzak behin-behinekoak zirela esan zuten, eta datuak aztertzen jarraitu behar zutela, erabateko ziurtasuna izateko.

Hala, martxoan berriro agertu ziren CERNeko arduradunak prentsaren aurrean, esateko baietz, iazko aurkezpena egin zutenean baino bi aldiz eta erdi datu gehiago aztertu zituztela, eta partikula hark Higgs bosoiaren antza izugarria zuela.

Antza benetan handia izan arren, baina, ez ziren ausartu Higgs bosoia bera zela baieztatzera. Are gehiago, beste aukera bat badagoela ere onartu zuten: nonbait, litekeena da detektatutako partikula hori ez izatea Eredu Estandarrak iragartzen duen Higgs bosoia, baizik eta beste teoria batzuek iragartzen duten hainbat bosoiren arteko arinena. Alegia: izan, izango da, baina ez daude erabat ziur zer den.

Bitartean, iragarpen eta aldarrikapenen artean, izena ikasi dugu. Orain, ordea, izena ere kolokan jarri dute batzuek, horien artean, Carl Haggen fisikariak. Hain zuzen, Haggenek eta beste lau fisikarik (Francois Englert, Gerald Guralnik, Tom Kibble eta Robert Brout) Higgsek adinako lana egin zuten Eredu Estandarraren oinarrizko partikula definitzeko, eta, neurri batean, halaxe aitortu zieten gainerako fisikariek iazko aldarrikapen hartan, denak azaldu baitziren kameren aurrean.

Partikulak, baina, baten izena du, eta izen horren jabeari bakarrik egin zioten txalo, eta hura baino ez dute aipatu Fisikako Nobel sariduna izateko apustuetan. Hori guztia ez zaio bidezkoa iruditzen Hageni: «Partikulari baten izena emateak gainerakoak baztertzea dakar».

Normalean, partikula berri bat iragartzen dutenean, lan hori egin duten fisikari teorikoek ematen diote izena. Ezustean detektatutako partikulen kasuan, berriz, hura aurkitu duten ikertzaile esperimentalek izendatzen dute. Horren adibide dira quarka eta neutroia, hurrenez hurren.

Eredu Estandarrak iragartzen duen bosoi horrek, berriz, izen bat baino gehiago izan ditu. Besteak beste, «partikula madarikatua» (the goddamn particle) deitu diote, detektatzen zaila izan delako eta izaten ari delako. Gero, izen hori «jainkoaren partikula» edo «partikula jainkotiarra» bilakatu da (the god particle), editore batzuei ez zitzaielako egokia iruditzen «madarikatu» deitzea.

Deabruak eta jainkoak alde batera utzita, bosoia iragartzeko lan teorikoa egin zuten guztien izenak aintzat hartuta izen bat sortzen saiatu dira batzuk, baina zaila da. Akronimoek ere ez dute emaitza onik eman; aukera txukunena BEHGHK da, eta ez du arrakastarik izan.

Gauzak horrela, duela gutxi egin duten fisika kongresu handi batean, SM Scalar Bosoia deitzearen alde egin dute ikertzaile batzuek, eta Hagenek SM Squared deitzea proposatu du. Zientzialari askoren ustez, ordea, beranduegi da izena aldatzeko.

Eta izenaz harago, Nobel Sariarekin gerta daitekeena ere kezka-iturri da askorentzat. Izan ere, oso zabalduta dago laster eman behar zaiela Nobela funtsezko partikula iragarri zutenei. Baina, gehienez ere, hiru fisikarik jaso dezakete saria urte berean, eta lan teorikoa egin zuten sei fisikarietatik bost daude bizirik. Erabaki zaila den arren, ezingo dute asko luzatu, denek ere 80 urte inguru baitituzte. Ea ordurako izena, behintzat, adostu duten!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude