John Banville, idazlea: «Beti zerbaiti buruz idazti behar hori da idaztearen alderik txarrena»

Iñigo Astiz / 2013-05 / 01 / 836 hitz

Bi aurpegi ditu John Banville irlandarrak. Bi ahots: nobela beltzak idazten ditu Benjamin Black sinaduraz, eta eleberri literarioak bereaz. Eta bien izenean aritu da egunotan Bilbon.

«Ni jende asko naiz». Beste edonoren ahotan hitz joko soila litzatekeena literaturari buruzko gogoeta bilakatzen da John Banville idazlearen ahotan (Wexford, Irlanda, 1945). Pertsona bakarra da, baina bi idazle: John Banville eta Benjamin Black. Bi sinadura horiek erabiltzen ditu bere liburuak kaleratzeko, eta ez da garrantzirik gabeko hautua. Izan ere, guztiz ezberdinak dira Banvilleren bi aurpegiak. Artistikoa da bere izenez sinatutako liburuen asmoa. Haiekin musika sortu nahi duela esaten du, eta lan horiei esker lortu du sona. Lan horiek bilakatu dute bere herrialdeko erreferentzia nagusietariko bat. Nobela beltz konbentzionalagoak ere idazten ditu, ordea, eta orduan erabiltzen du Black sinadura. Sufritu egiten du Banvilleren liburu bat idazten duenean, eta gozatu, aldiz, Blackenekin dabilenean. Baina biak kabitzen dira idazmahai bakarrean, biak Banville bakarrean. Bilbon izan da Gutun Zuria jaialdian.

Maiatzerako aterako omen duzu Blacken beste liburu bat. Nolakoa izan da sortze prozesua?

Jolastea bezala da. Kasik lortu dut [Raymond] Chandler-en ahotsean idaztea. Inoiz ez ditu uzten esaldiak idatzita dauden bezala, eta hori da gustatzen zaidana. Sekula ez du idazten «gelara sartu zen» eta kito. Baizik eta, «gelara sartu zen, baina izan zitekeen hara ez sartzea ere». Chandlerrek halakoak egiten ditu.

Bazter utzi behar izaten duzu zure ahotsa halakoetan?

Raymond Chandler naiz. Haren oso antzekoa da Black orain.

1950eko hamarkadan girotu dituzu Blacken lan asko. Diozunez, garai iluna delako. Egon daiteke egungo garaietan girotutako Blacken lanik?

Blackek deskribatzen duen Irlanda hura da egungoaren jatorria. 50eko hamarkada oso hamarkada garrantzitsua izan zen. Hamarkada beldurgarria. Beltza. Baina garai hark formatu gintuen. Garai bikaina da krimen eleberri bat girotzeko. Zigarreta horiek guztiak, alkohol hori guztia, sekretu haiek guztiak… Irlandan asko aldatu gara urteekin, baina oraindik ere oso sekretu zaleak gara. Oraindik ere maite dugu geure buruei gezurra esan eta istorio politak kontatzea.

Idazmahaian esertzen zarenerako, jakiten al duzu nor eseri den han idaztera?

Banville edo Black izaten naiz hor eserita egoten naizenean, baina zutitzean, ez dira gehiago existitzen. Idazmahaian nagoenean bakarrik existitzen dira. Horregatik, irakurleekin topo egiten dudanean, dezepzioa igartzen diet begietan. Haiek uste baino zaharragoa naiz, baxuagoa, itsusiagoa… Gustatuko litzaidake azaltzea haiek Banville edo Black dutela buruan, baina ni ez naizela haiek. Idazmahaia uztean akabo direla biak. Niri ere gertatzen zait aurreko egunean idatzitakoa irakurri, eta ez dut errekonozitzen. Ez naiz beti egiten dudanaz… [Zuzendu egiten du bere burua]. Ez naiz beti egiten dutenaz kontziente izaten. Eta irakurleek ere nik ezagutzen ez nituen gauza mordoa aipatzen didate nire liburuei buruz. Idazketan, artean, maiz jokatzen da senez. Gazteago nintzenean uste nuen dena kontrolpean nuela; gero eta zaharragoa izan, ordea, ohartzen naiz egiten ari naizenari buruz ideiarik ere ez dudala. Iluntasunaren erdian egiten dudala lan.

Zein da zure lan metodoa?

Esaldiz esaldi aritzen naiz. Esaldia ongi egonez gero, paragrafoa ere ongi egongo dela sinesten dut, eta ongi egongo dela orria, kapitulua, eta azken batean liburua. Esaldiak gidatzen du nire lana.

Esana duzu literatura bizitza baino interesgarriagoa dela. Zergatik?

Nire kasuan hala da, behintzat. Baina, tira, ni ez naiz gizadiaren adibiderik egokiena. Henry Jamesek esan zuen arteak bizitza sortzen zuela. Esan nahi zuen bizitzak berez ez duen forma bat ematen diola bizitzari arteak. Ez dugu gure jaiotza gogoratzen, eta ez dugu gure heriotza ezagutuko. Bi mutur horien arteko zera ulertezin hau baino ez dugu. Eta artera jotzen dugu bernizatutako objektu borobilen bila. Hasiera eta bukaera bat duten objektuen bila. Arteak ez du bizitzaren inolako antzik, baina era berezi batean bizitzaren antza du.

Ezin omen duzu ez idatzi.

Bizitza daramat hori egiten, eta jadanik ezin dut besterik imajinatu. Nerabe nintzenean saiatu nintzen margolari izaten tarte batez. Baina txarra nintzen margotzen. Halere, ariketa ona izan zela uste dut. Erakutsi zidan munduari margolari begiz begiratzen, eta ona da hori nire gisako idazle batentzat.

Deigarria iruditzen zait margolari izateko gogo hori, hizkuntza baita zure sorkuntzaren funtsa, ez irudia.

Liluratuta nengoen [Marcel] Proustekin. Baina bazegoen zerbait deigarri egiten zitzaidana. Ez nekien zer zen, baina bazen hor zerbait. Eta elkarrizketa bati esker jakin nuen ez zuela musikarako belarririk. Hori zen! Haren prosan irudia da beti nagusi, ez dago inolako musikarik. Berak ere onartzen zuen margolari izan behar izan zuela. Niretzako erritmoa da funtsezkoa.

Eta zuk musikari izan behar zenuke, beraz?

Berriz ere aukera emango balidate hori egingo nuke. Musikaren alde onena da ez duela ezeri buruzkoa izan beharrik. Eta hori da idaztearen alde txarra, idatzitakoak zerbaiti buruzkoa izan behar duela beti. [Gustave] Flaubert, [James] Joyce… Guztiak ari dira zerbaiti buruz idatzi behar horri izkin egin nahian. Hori esaten zuen [Samuel] Beckettek Finnegan’s Wake nobelaz. Ez zela ezeri buruzko lan bat. Besterik gabe izan, bazen zerbait zela. Hori da artisten helburua. Arte purua sortzea. Baina, bestalde, bizitza da dena. Hori da lanerako daukagun materiala, eta, gainera, etengabe etorriko da hankan koska egitera, hari erreparatu ezean. Eta arte purua hori baino ez da izango, azkenean: arte hutsa. Bizitzaren inpurutasunak ere inbaditu beharra du artea.

Liburu abstraktu bat litzateke, beraz, zure ideala?

Bai! Baina esan bezala, etengabe sartzen ditu muturrak bizitzak. Eta ongi dago hori hala izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.