Abizenak

Angel Erro / 2013-09-04 / 161 hitz

Nonbait irakurri dut Kopenhageko futbol klubak daniar itxura ez duten abizendunei ez diela Txapeldunen Ligarako hainbat partidutarako sarrerak saldu nahi, segurtasun neurri modura. Klubak diskriminazioa denik ukatu du.

Hil berri den euskaltzainburu ohiaren abizena hainbat modutara idatzita ikusi dugu egunotan. Euskal kulturako lehiaketa bateko azken froga letreiatzea izan litekeen abizen horrek aspaldian eman du zeresana. Kontraesanak deigarriak dira eta euskararen batzea eta gaurkotzea helburu duen erakunde bateko arduradun nagusiak arauei, puntu txiki batean bada ere, men ez egitea deigarria da. Nik garai batean gaitzetsiko nuke. Gaur ez. Adinarekin kariñoa hartzen zaie kontraesanei. Eta, nire ustez, estetika etikaren partea den heinean, ulertzen dut hiru hatxedun abizen bat hain erraz ezin uztea.

Grafia eta guzti, abizenak zerbaiten fosilak dira. Amaren aldeko amatxiren bigarren abizena ere agirietan bi modutara idatzita agertzen zen. Sánchez edo Sánches. Granadako bere ahoskerari eta funtzionarioen estutasunari egozten nien nahastea. Orain lotsatzen nauen lotsaz Z ongi ahoskatzera behartzen nuen, izena eman behar zuenerako. Orain S hori da berarengandik dudan bakarretakoa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude