Bi kulturaren arteko armak

Maddi Castro / 2013-09-06 / 600 hitz

Armagintzaren hipokrisia salatu du ‘Arma, tiro, bamm!’ eleberrian Joan Mari Irigoienek.

Bi familia lotzen ditu kontakizunak, euskalduna bata, arabiarra bestea, baina funtsean berdintsuak dira biak alor askotan.

«Ez da lehen bezain hizlari trebea. Kosta egiten zaio. Ez, ordea, idaztea». Barrez erantzun zien Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia 1948) Xabier Mendiguren Elizegiren hitzei. Irigoienen Arma, tiro, bamm! eleberria aurkeztu zuten atzo Donostiako Elkar aretoan Pako Aristi idazleak eta Mendigurenek, argitaletxeko editoreak. Gaixotasun bat dela medio, hizketarako zailtasuna du Joan Mari Irigoienek, eta, horregatik, Aristiri egokitu zitzaion nobela aurkeztea. «Pakok ez du, oraingoz, herdoilik mihian», esan zuen Mendigurenek. Bigarren barre algara entzun zen orduan.

Arma, tiro, bamm! bizi dugun munduaren inguruko fabula kritikoa da, mendeetako ezinikusia duten bi mundu uztartu ditu Irigoienek; Ekialdeko mundua bata, islamiarra, Mendebaldekoa bestea, kristaua. Dena den, Aristiren esanetan, «mundu osoan gizakia bat eta bera dela adierazi du Irigoienek nobela honetan». Bi kulturen arteko botere harremanak ditu ardatz eleberriak, eta bi munduak, halabeharrez, batuko dira armagintza dela tarteko. Gipuzkoa eta Bizkaia arteko alegiazko herri batean, Bereibarren, eskopeta lantegi bat duen ugazaba familia da istorioaren hari mutur bat. Beste hari muturra, Ekialde Hurbilean kokatu du idazleak, Balad al Xams alegiazko beste herri batean. Kontakizuna XX. mendeko bigarren erdian hasten da, eta hiru belaunalditan, egundaino, bi familien pozak eta minak deskribatzen ditu nobelak.

Mundu islamiarraren berezitasunak ongi jasotzeko, urteetako dokumentazio lana egin du Irigoienek. Aristiri bereziki atentzioa eman dio horrek. «Euskal literaturan oso gutxitan egin da islamaren mundua azaltzeko horren lan sakona. Islama ulertzeko, entziklopedia irakurtzea baino hobea da nobela irakurtzea».

Familia arabiar baten ohiturak, kodeak, eta pentsamoldeak jasotzeko, Ekialdeko kultura gertutik ezagutzen duten hiru aholkulari izan ditu Irigoienek: Mari Jose Lasa eta Karlos Zurutuza kazetariak eta Antonio Escalante armagintzaren kontrako aktibista. Xabier Mendiguren editoreak azaldu duenez, Lasak, esaterako, xiitek eta sunitek dituzten ohiturak helarazi dizkio idazleari. Zurutuzak Afganistango gerran talibanek nola jardun zuten azaldu dio eta, azkenik, Escalantek arma industriaren negozioaren inguruko xehetasunak eman dizkio. Eleberriaren gaia «munduaren polarizazioa» dela uste du Aristik. «Mundu zibilizatua, gu, eta mundu basatia, haiek. Hori mendez mende egin dugu, eta baita sinistu ere». Siriako kasua aipatuz, Aristik adierazi zuen kultura maiz «sarraskiak egiteko dokumentario hiprokita eta zurigarri» gisa erabiltzen dela. Baina momentu jakin batean nobelan bi aurreiritzi horiek irauli eta protagonistek bat egiten dute; «bat egiten dute, adieraziz denok garela gizakiak, gu eta haiek. Eta ondoan dagoen mina mina dela guztiontzat». Bestalde, ekintza armatuaren «aukera» ere planteatzen da eleberrian, eta horren inguruko eztabaida eta galdera mamitsuak sortzen direla irizten dio Aristik.

Estiloari dagokionez, Mendigurenek, hizkuntzaren «estetika, edertasuna eta txukuntasuna» nabarmendu zituen. Aristiren arabera, testu irakurterraza ondu du Irigoienek. «Irakurlea orriz orri eramaten duten horietakoa, oztoporik gabea». Guztira, 572 orrialde ditu nobelak.

Irigoieni buruzko erakusketa

Hil honetan 65 urte egingo ditu Irigoienek, eta haren inguruko erakusketa bat egingo dute Altzako Tomasene kultur etxean. Anaiak, Imanol Irigoien artistak, urteetan liburuetarako egindako ilustrazioak ikusi ahalko dira. Urriaren 3an inauguratuko da erakusketa, eta egun horretan Mendiguren editoreak Irigoienen obraz hitzaldi bat emango du.

Bala bat sartu buruan, aspertuko da orduan

 

Gerra anker zitalak, zoritxar izurri
—herri errautsiak, hilotzak iladan,
begi irtenak hemen, hezur hautsiak han…—:
arma anker zitalak, hondamendi-iturri!

Tankeak, bazookak… minak ere ez urri;
goian, heriozko heraldoak hegan;
behean, berriz, saiek sabel lehertuak jan:
gerrateak neurri oro du desneurri…

Eta haurrak, napalmak desitxuratuak,
edo gudamutil bihurtuak: ez dakit
zer den okerrago; eta neskatilak,
gizon ezinago basek bortxatuak…
Eta errudunak…? Hortxe denok zutik:
batzuk militarrak, besteak zibilak;

horra hor, bai —armak eta gerrak—,
betiko gangsterrak,
negozio biribilaz
—diruaz eta direnaz—
harroputz daudenak:
politikari satrapak,
politikarekin gizentzen direnak;
armagile mandokratak,
bankari aristokratak,
parasito burokratak,
dolarra urrundik usaintzen dutenak:
txakurraren ipurdira denak!

(Joan Mari Irigoienek liburuaren aurkezpenerako idatzitako poema)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude