Euskal aditzen jokaera sakelan

Iker Tubia / 2013-09-15 / 396 hitz

‘Aditzak.com’ webgunearen aplikazioa sortu dute Android eta iPhone telefono adimendunetan erabili ahal izateko.

«Euskararen profesionalentzat» bada ere, euskara ikasteko ere balio du programak.

Nor-Nori-Nork. Euskaltegiko ikasleek hainbeste buruhauste izan dituzte horrekin euskarazko aditzak ikasterakoan. Hizkuntza menperatzen dutenek ere izaten dituzte zalantzak noiz edo noiz. Horregatik eta horretarako sortu zen duela bi urte aditzak.com webgunea. Hor, euskal aditzak jokatzeko aukera ematen duen programa erabili dezake edozeinek. Orain, urrats bat gehiago egin dute haren egileek, eta sakelako telefonoetan sartu dituzte aditzak. Android edo iPhone telefono adimendunek aditzak jokatzen dakite ordutik.

Aplikazioa doakoa da, eta erabiltzeko erraza. Modua —indikatiboa, ahalera, subjuntiboa edo agintera—, aldia —oraina, iragana, baldintza edo ondorioa— eta mota —nor, nor-nori, nor-nork, nor-nori-nork— hautatu, eta voila, pantailan aditza jokaturik ageri da. Aditzak.com webgunearen sortzaile Gorka Knorrek esan duenez, aditz forma bat aurkitzeko modurik errazena topatu dute.

Ia bi urte dira Knorrek aditzak jokatzen zituen programa bat egiteko ideia izan zuela. Bere beharrei so bultzatu zuen proiektua. «Itzultzailea ere banaiz, eta horren beharra sentitu nuen, denok izaten ditugulako zalantzak aditz korapilatsuekin», azaldu du. Beraz, tauletan galdu baino nahiago izan zuen aditza automatikoki jokatzen zuen programa sortzea. Horretarako Ideatekaren laguntza izan zuen.

Tresna hori, baina, ez zen soilik berarentzat erabilgarri. Hasieran, «euskararen profesionalentzat» asmatu zuela azaldu du: itzultzaileentzat, idazleentzat, kazetarientzat… Baina, konturatu gabe, beste hartzaile batzuengana ailegatu zen: irakasle eta ikasleengana. Euskaltegian ez ezik, gaztetxoek ere aditzak ikasteko modu erakargarriagoa dute sakelako telefonoekin. Badira arriskuak ere antzeman dituztenak, eta azterketetan kopiatzeko erabil dezaketela uste dutenak. Dena den, Knorren aburuz, gehiago dira alde onak txarrak baino. «Jolas gisa hartuta, behintzat aditz bat edo beste ikasiko dute», esan du.

Orain arte, harrera ona izan du smartphone telefonoetarako aplikazioak. Oraingoz Android eta iPhone sistemetarako eskuragai dago programa, eta etorkizunean Windows eta Black Berry sakelakoetan erabiltzeko aukera ere eskaini nahiko lukete.

Aplikazio osoagoa helburu

Aditzak jokatzeko programa asmatuta, Knorrek ez du beste proiekturik buruan, oraingoz. Dena den, aplikazioa hobetzeko asmoa duela aitortu du. Batetik, aditzak euskara batuan ez ezik, euskalki «nagusietan» jokatzeko aukera eskaintzea prentsatzen ari da. Hitanoaren presentzia ere handitzeko gogoz dabil Knorr. Izan ere, programak hi pertsona erabiltzeko aukera ematen badu ere, alokutiboa falta zaio.

Bestalde, aditzak trinkotzeko tresna ere badu buruan. Hala ere, oraingoz proiektuak baino ez dira, ideia soilak, Knorrek ez baitu aplikazioa korapilatzerik nahi. «Funtzionaltasunak sartzen hasita, tresna korapilatzeko arriskua dago, eta, beraz, oreka bilatu beharra dago», esan du. Oraingoz, gehien erabiltzen diren aditzak jokatzeko aukerarekin konformatu beharko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude