Ingurumena, ziztadaz josita

Eneritz Albizu Lizaso / 2013-09-03 / 1.181 hitz

Espezie inbaditzaileek ez dute kalterik eragiten sorterrian, baina bai handik kanpo: etxean uso dira, baina kanpoan, otso. Sarritan, gizakiek lekualdatzen dituzte espezieok, ingurumena kaltetuz.

Atzerapausoa». Horrela definitu dituzte Euskal Herriko eta Espainiako talde ekologistek Espainiako Gobernuak espezie inbaditzaileen inguruko legedian eginiko aldaketak. Izan ere, abuztutik aurrera espezie inbaditzaile gutxiago daude kontrolpean. Espezie inbaditzaileak euren ekosistematik kanpo bizitzeko eta ugaltzeko gai diren landareak eta animaliak dira. Ez dute arazorik leku berrietara egokitzeko, baina kalteak sortzen dituzte euren sorlekutik kanpoko ingurumenean.

Espezie inbaditzaileek beste espezie batzuen iraungitzea eragin eta bioaniztasunaren oreka arriskuan jar dezakete. Batzuk euren kabuz lekualdatzen diren arren, gehienetan gizakiak mugitzen ditu sorterritik, arrazoi ekonomikoengatik edo arduragabekeriaz jokatzeagatik. Gizakiek ekosisteman egiten dituzten suntsiketen ondoren, bioaniztasunaren galeraren bigarren arrazoia da animalia eta landare horien lekualdatzea.

Orain arte, bi zerrenda zeuden espezie inbaditzaileen kontrola bermatzeko: espezie inbaditzaile exotikoen katalogoa eta ahalmen inbaditzailea duten espezie exotikoen zerrenda. Lehen katalogoa osatu, eta bigarrena ezabatu egin du Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak. Katalogoari 53 espezie gehitu, eta hiru kendu dizkio, baina, ahalmen inbaditzailea duten espezieen zerrenda indarrik gabe utzita, arriskutsuak izan daitezkeen 211 landare eta animalia alboratu ditu.

Espainiako Gobernuak adierazi du albo batera utzitako espezieak zelatatuko dituela, eta beharrezkoa bada katalogoan sartuko dituela. Nabarmendu du herrialde bakoitzeko ekosistemak berezitasunak dituela, eta ezin dela guztientzat «zerrenda bera» mantendu. Gobernuaren hitzetan, egon daitezkeen arazoak eta proposamenak erkidego bakoitzarekin aztertuko ditu Ondare Naturalaren eta Bioaniztasunaren Espainiako Batzordeak. Hala ere, erkidegoek katalogoari eranstea proposatutako espezie inbaditzaileak Espainiak onartu beharko ditu.

Inbaditzaileak diren espezieak zehazteaz gain, horiei kontra egiteko neurriak biltzen ditu katalogoak: kanpotik sartu ez daitezen adostutako neurriak, batetik; sartu badira, horien hedapena kontrolpean izateko pausoak, bestetik. Espezie inbaditzaileak saihesteko modu errazena sartzen ez uztea da. Hori, ordea, ez da beti posible, eta espezieak ekosistemaren zati direnean are nekezagoa da haiei aurre egitea. Modu bat baino gehiago daude espezieok ingurumenetik kentzeko: animalia edo landare gutxi badira, banaka jaso daitezke; asko badira, espezieak akabatzeko pozoiak erabili, edo suteak eta uholdeak sortu behar dira.

Karramarroen gisara, atzera

Talde ekologistek ez dute aldaketa begi onez ikusi. Oro har, bat datoz Euskal Herriko eta Espainiako taldeak: uste dute «atzerapausoa» dela legedia aldatzea, eta epe ertain eta luzera, «aurrezkiak baino gastu gehiago» ekarriko dituela lege aldaketak.

Luis Suarez Espainiako WWF talde ekologistako espezieen programaren arduradunak azaldu du katalogo berria «oso laxoa» dela espezie inbaditzaileekin; nahikoa gogorra ez dela, alegia. Haren hitzetan, espezie inbaditzaileak kontrolpean ez badaude, espezie autoktonoekin lehiatzen dira, eta horrek ekosistemaren oreka hausten du. «Batzuetan espezie autoktonoak harrapatzen eta jaten dituzte; besteetan, gaixotasunak kutsatzen dizkiete», esan du. Bisoi amerikarra jarri du adibidetzat: jatorritik at asko zabaldu da espezie hori, eta leku askotako espezieei kalte egiten ari da. Europan oso zabaldua dago; Pirinioetan, adibidez, kalte handiak egin ditu.

«Ahalmen inbaditzailea duten espezieen zerrenda ezabatuta, ingurumena zaintzeko tresna baliotsua galdu dugu, eta akats hori zuzentzea zaila izango da», adierazi du Suarezek. Espainiak Europako leku askotan debekatu dituzten espezieak legeztatu dituela salatu du Suarezek, eta horrek atzetik «interes ekonomikoak» ezkutatzen dituela nabarmendu du.

Ramon Elosegi SEO/Birdlife taldeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariak esan du «arduratuta» dagoela: «Azken bi urteotan atzera egin dugu ingurumen gaietan, ez azken lege horregatik soilik; basoetan eta portuetan egon diren lege aldaketek ere kalte handia egin dute». Haren hitzetan, Espainiako Gobernuak arrantzaren gisako sektoreetan enplegua sortzea nahi du neurri horiekin. «Galerak onurak baino handiagoak izango dira, eta ziur izan denok galduko dugula».

Ez daude zaintzapean Euskal Herrian kalteak eragiten dituzten espezie batzuk ere. Ur gezako geruzak Sailburuko lakuan (Gasteiz) espezie ugari akabatu zituen, eta, boluntario askoren laguntzaz gain, diru asko behar izan zen lakua garbitzeko. Ortzadar amuarrainak, berriz, Euskal Herriko uretan bizi diren amuarrainak harrapatzen eta akabatzen ditu, adituaren hitzetan. Amerikar karramarroa ere aipatu du Elosegik; Lubion (Araba) bertako espezie batzuei kalteak eragiten ari da animalia.

Taldeek Europako Batasunera joko dute, laguntza eske. Uste dute erakundeak euren argudioak babestuko dituela eta zerbait egiteko modua izango dela. Horrela ez bada, gobernuaren legeari helegitea jartzeko laguntza eskatuko dute.

Eusko Jaurlaritzak ere erantzun dio legearen aldaketari. «Bioaniztasuna kontserbatzeari begira, espezie inbaditzaileek sorrarazten duten mehatxuak erantzun askoz ere sendoagoa eskatzen du». Hori da Jaurlaritzari lotuta dagoen Ihobe Euskadiko Bioaniztasun Zentroak azaldu duena. Badirudi, beraz, legediaren babesa ez dela nahikoa espezie inbaditzaileak saihesteko eta bioaniztasuna zaintzeko. Ihobe eta Eusko Jaurlaritza arazoari aurre egiteko «estrategia bat lantzen» ari dira, lehentasuna zehaztu eta haien arabera lan egiteko.

Erakundeek, berriz, herritarren zeregina nabarmendu dute. Espezie inbaditzaileak zabaltzearen arrazoi nagusia «landare apaingarrien eta konpainiako animalien merkataritza» delako. Haien aburuz, herritarrek ere tentuz jokatu behar dute, eragina baitute gai horretan. Horren harira, ingurumen hezkuntza eta prebentzioa lantzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Asiatik Euskal Herrira

Gipuzkoan ere borrokan ari dira espezie inbaditzaileen aurka; zehazki, liztor beltzen kontra. Liztor beltzak bai, horiek espezie inbaditzaileen katalogoan daude jasoak. Espeziea Asiakoa da jatorriz. Lapurdin aurkitu zuten lehen aldiz Euskal Herrian. Uste dute 2004an salgai itsasontzi batzuetan Frantziara sartu zirela Txinatik, eta Ipar Euskal Herrira heldu zirela. Gipuzkoan, Irunen aurkitu zituzten aurrenekoz. Erlategientzat kaltegarriak dira liztor beltzak, erleez elikatzen baitira. Liztor beltzak ezaugarri nabarmenak ditu, eta erraz bereiz daiteke gainontzekoetatik: handiagoa da, eta ia gorputz osoa beltza du, atzealdeko marra hori bat izan ezik.

Joan den urteko maiatzean hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundia liztor beltzen aurkako borrokan, eta abendura arte jardun zuen: suhiltzaileek eta basozainek 657 habia kendu zituzten. Aurten, berriro, liztor beltzen aurkako plana martxan jartzekoak dira. Nafarroako iparraldean eta Bizkaian ere agertu dira liztor horien habia batzuk.

————————

Euskal Herriko espezie inbaditzaile nagusiak

Liztor beltzaz gain, Euskal Herriko bioaniztasunarentzat mehatxu diren beste espezie batzuk zabaldu dira, lurrean zein uretan, azken urteetan. Espezie horiei aurre egiteko, talde ekologistek eta erakundeek ingurumena babesteko egitasmoak antolatzen dihardute.

PANPA BELARRA

Ezaugarriak. Landareak zurtoin fin eta luzea, eta luma moduko loreak ditu. Azkar ugaltzen eta hedatzen da. Bertako espezieak ordezkatzen dituelako da mehatxu handia. Leku hezeetan agertu ohi da; adibidez, ibaiertzetan. Kantauri itsasotik sartu zen Euskal Herrira.

Jatorria. Hegoamerika.

BISOI AMERIKARRA

Ezaugarriak. Gainontzeko bisoien antzekoa da. Haragijalea denez, espezie askori egiten dio kalte. XX. mendean sartu zuten Europara larrugintza sektorean lana egiten zutenek, eta animaliak ihes egin zuen fabriketatik. Araban eta Bizkaian bizi dira.

Jatorria. Ipar Amerika.

ORTZADAR AMUARRAINA

Ezaugarriak. 60 zentimetroko arraina da. Ur gazi zein gezatan bizi daiteke, eta arrain txikiak jaten ditu. Gizakiak sorterritik mugitutako espezieetako bat da, arrantzarako eta aisiarako baliatzen baitute. Jada, Euskal Herri osoko kostara zabaldu da. Arraina katalogotik kendu dute.

Jatorria. Ozeano Barea.

BACCHARIS HALIMIFOLIA

Ezaugarriak. Lau metroko altuera izan dezakeen zuhaixka da. Udazkenean lore zuriak izaten ditu. Oso aszkar hedatzen da, eta kostaldeko hezeguneetara ongi moldatzen da. Gizakiek ekarri zuten Euskal Herrira lehen aldiz, eta arazo larria dira Urdaibain eta Txingudin.

Jatorria. Ipar Amerika.

ZEBRA MUSKUILUA

Ezaugarriak. Hiru zentimetro inguru neurtzen du, eta oskolean marra zuri-beltzak ditu. Asko ugaltzen da, eta, beste espezieei eragiteaz gain, ura kaltetzen du. Itsasontziz bidaiatu zuten lehen aldiz. Orain ibaietan zehar zabaldu dira Euskal Herri osora.

Jatorria. Europako ekialdea.

KARRAMARRO GORRIA

Ezaugarriak. Karramarro luzexka eta gorria da, eta ibaietan bizi da. 1974. urtean ekarri zuten Euskal Herrira. Oso arriskutsua da, bertako karramarroei gaixotasun bat kutsatzeaz gain, arrainak, anfibioak eta landareak jaten dituelako. Euskal Herriko aintzira eta ibaietan zabaldu da.

Jatorria. Mississipi (AEB).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.