Oheburukoa

Anjel Lertxundi / 2013-09-25 / 113 hitz

Gaztelaniak oheburuko medikua espresio ederra baliatzen du mediku familiarra esateko. Sendagileak, gaixoaren ohebururaino hurbildurik, pultsua hartu dio, eskua jarri dio kopetan, animozko hitzak eman dizkio.

Espresioa neurera ekarri eta oheburuko liburu-dendari deitzen diot aholkuak, nobedadeen albisteak, sarean aurkitutako perlatxoen berriak ematen dizkidan nire ohiko liburu-dendariari. Oheburuaren ondoko mahaitxo gaina ez daukat ba liburuz gainezka? Gauero egiten ez dut ba denboratxo bat, egunaren nekeak oparitzen didana, burua oheburuaren kontra atsedendu eta libururen bat irakurtzen?

Oheburuko liburu-dendariaren azken aholkuarekin ari naiz egunotan. Jorge Carriónen Librerías izenekoak helburu du liburugintzari pultsua hartu, haren kopetan eskua jarri eta animoa ematea. Ez du lan erraza: irakurri berri dut Estatu espainiarrean berrehunetik gora liburu-denda itxiko dituztela urte bukaera bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.