Bideokontsola libreen aldia ote da?

Aitor Aretxaga / 2013-10-02 / 721 hitz

Valve bideo-joko enpresari buruzko zurrumurru asko izan dira azkenaldian, eta azkenean, argitu egin dira. Linux gaineko sistema eragilea, gailu lerroa eta ukipenezko agintea dira aurkeztutakoak. Gurpila asmatu dute Steam-ekin, eta ostetik, etxeko egongelara moldatu.

Steam bideo jokoen banaketa digitalerako plataformak aurreneko hedatzeko zantzuak adierazi zituen otsailean, ordura arteko sistemetatik komertzialki ohikoa ez den Linux ingurunera jauzia eginda.

Lan nekez horretan, bideo txartelei etekin optimoa ateratzeko arazoak izan zituzten, eta kontrolatzaileek berridaztea baino beste konponbiderik ez zuten izan. Orduko izerdiak gaurko irriak bihurtu dira, eta bideo kontsola propioa kaleratzeko etenik gabeko zurrumurruen ostetik, Valvek hiru iragarpen egin berri ditu, baten ordez. http://zibergela.bitarlan.net/2013/02/21/steam-bideo-jokoen-banaketa-digitalerako-euskarria-ubuntun/.

SteamOS

Erabat doako sistema eragilea da SteamOS, oinarrian Linux software librea daramana. Bideo jokoak gauzatzera zuzendua dagoen ingurune optimizatua aurkeztu dute, eta dauden beste aukeretatik at dago eskaintza hori. Halaber, edozein PC edo Mac ordenagailutan instalatu, eta, etxeko sarea erabiliz, egongelako telebistan jokatzea egongo da Steam bideo jokoen biltegiko katalogoko 3.000 jokoetan. Hori gutxi ez, eta aisialdirako tresna osoagoa izatea nahi dutenez, musika, telebista eta pelikula zerbitzuak txertatzekotan dabiltza hemendik gutxira. Dena dela, gaur-gaurkoz streaming era hau posible izan dadin, ezinbestekoa izango da Smart TV edo Interneterako sarbidea duen telebista edukitzea.

Steam Machines

Valveren nahien artean ez dago bideo kontsola propioa ekoiztea, eta hainbat konpainiarekin hitzarmenak lortu ditu bakoitzak bere makina kaleratu dezan. Oinarritzat sistema eragilea partekatuko dute; SteamOS. Horrela, makina eta sistema ireki bat eskaini nahi zaizkie jokalariei; haien nahietara egokitzen den konfigurazioa daukan gailua aurkitzeko adinakoa. Prezio, errendimendu eta zehaztapen askotariko makinak izango direnak, alegia. Dagoeneko 300 prototipo dauzkate, eskaera egiten duten boluntarioek probatu dezaten.

Steam Controller

Aginte iraultzaile hori, etxeko etorkizuneko kontsolen kontrolagailua izateaz gain, bateragarria izango da orain arteko ordenagailuetarako Steam biltegiko jokoekin. Berezitasunez josia dator, jokalari zaleenek edo hardcore deituek gogokoen duten teklatu eta sagu kontroletik hurbilen dagoen esperientzia bilatzen duena.

Xehetasunetara jota, 16 botoi dauzka Steam Controllerrak, baina deigarriena erdian dagoena da. Alde batetik, bi gainazal irristakor daude; hatz lodiekin jokoak zehaztasunez maneiatzeaz gain, elektroimanen teknologiari esker indar eta dardarak ere itzultzeko gaitasuna izango dute. Bestetik, botoi gisa konfiguratu daitezkeen lau eremuko, ukipenezko eta bereizmen handiko pantaila dauka aginteak.

Telebista azpirako Linux sistemadun PC txikia baino gehiago?

Arrasto guztien arabera, Ubuntu-ra haien joko eskaintza zabaltzea, ez zen itsu-itsuan egindako apustua izan. Ingurune horretara bideo jokoak moldatzeko ahalegin hura plan handiago baten lehen fasea izan zen, inondik inora. Eta orain, iragarpen hauekin guztiekin, Steam bideo kontsolen lehen lerroan jarri da. Valvekoak bideo jokoen plataforma unibertsala sortzen dabiltza, harpidetza berarekin joko biltegi erraldoi batez gailu desberdinez sartzeko. Irekia izango da, gainera. Esaterako, haien software guztia askatuko dutela adierazi dute komunitateak moldatzeko edota aldaera propioak sortzeko. Haien makinetan lehentasunezko sistema eragilea ordezkatu ahal izango da, eta Steam biltegira sarbidea mantenduz, piezak aldatu ahalko dira berriengatik ordezkatzeko, eta abar.

Amu gisako kalitatezko produkzioen faltarik ere ez da egongo, eta SteamOS sistemarako esklusiboa izango da. «Half-Life 3» bideo joko ezaguna da, sagak dauzkan jarraitzaileak profitatzeko balioko duen mugimendu komertzialean. Hala, iragan asteburuko albiste horrek aho bete hortz utzi ditu sinestunenak ere.

Etorkizuneko negozio ereduaren giltzarria ote da? Edo jendeak ezagunak dituen ohiko Play Station, Xbox eta Nintendoren alde jokatzen jarraituko ote dute dirua? 2014. urtea erabakigarria izango da bideo jokoen mundua kode librera gerturatzeko lehen ahalegin nabarmenean.

—————————-

Gaurko aplikazioa

AutoCAD 360, sakelako eta tabletetan ere planoak lantzeko

AutoCAD bi eta hiru dimentsioko irudiak lantzeko ordenagailuz lagunduriko diseinurako programa ezagunak erroak hedatu ditu. Tableta eta azken belaunaldiko telefonoetara egokitutako tresna dauka erabilgarri iOS eta Android sistemadun gailuentzat: AutoCAD 360. Arkitektoek, ingeniariek eta diseinatzaile industrialek askotan erabiltzen duten programa da Autodesk enpresarena, eta askorentzat lanabes ezin hobea bihurtuko da aplikazio eramangarria. Ibiltzeko erraza berriz ere, eta bulegoa eta uneko lan eremuaren arteko jauzia leuntzeko balio du planoak partekatzeak mahai gaineko, webgune, tablet eta sakelakoen artean.

AutoCAD 360 aplikazioak CAD formatuko marrazkiak ikusteko, editatzeko eta partekatzeko aukera ematen du. Lekuan lekuko zuzenketak, aldiko dokumentazioa sortzea, berrikuspen eta onarpenak egiteko aukera aurreratuak ere baditu. Azpimarratzekoa da, baita ere, aukera horiei konexio gabe ere eusten zaiela, eta, gainera, aldi bereko erabiltzaileen elkarlanerako aukera dagoela. Aplikazio gehiago ere baditu, berriagoak direnak ordaindu egin behar badira ere. Besteak beste, hodeiko biltegiratze aukerak jaso, marrazki berriak bertan hasteko edo planoen koordenatuak erakustea zehaztasuna irabazteko aukera ematen du. Informazio gehiago nahi izanez gero, https://www.autocad360.com/.

AutoCAD 360 eskuragarri dago App Store eta Google Play dendetan eta hainbat bertsiotan. Doakoak eta 90 euro arteko preziotakoak daude, hain zuzen ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude