Carmina Serrano Hernandez, psikoterapeuta: «Oso babesgabe sentiarazten gaitu beste baten beharrak»

Maite Asensio Lozano / 2013-10-23 / 745 hitz

Berdintasunezko harremanak eraikitzeko gaitasunak lantzen ditu Carmina Serranok. Harreman «idealik» ez dagoela ohartarazi du, eta ezinbestekotzat jo du «etengabeko negoziazioa» garatzea.

«Psikologian, adimena eraikitzeko prozesua aztertzean eta terapia lantzean, generoa ez da behar bezala kontuan hartu». Joera hori zuzentzeko, Terapia y Genero elkartea sortu dute Algortan (Getxo, Bizkaia). Berdintasunezko harremanak edukitzeko zein gaitasun landu behar diren azaltzeko lantegiak egiten ari dira, Emakunderen Berdintasun Gunearen barnean; gaur Donostian arituko dira, eta datorren astean, Bilbon. Carmina Serrano psikologo eta psikoterapeuta izan da lantegiotako hizlarietako bat.

Nola antzeman daitezke desberdintasunak emakumeen eta gizonen arteko harremanetan?

Garrantzitsua da aztertzea bikote harreman batean zerk sortzen duen mikaztea. Adibidez, elkarrekin bizi den bikoteak etxeko lanak ez banatzeak berdintasun eza adierazten du: andreak egunero bi ordu gehiagoz lan egitea injustizia bat da, abusu bat. Horrelako jokabideak oso naturalizatuta dauzkagu, jaiotzetik eraikita dauzkagulako: txikitatik, jolasen bidez, neskei irakasten diete zaintzen, samurrak izaten eta eder egoten, besteen gustuko izateko; mutilei, berriz, lehia, indarra eta ausardia baloratzen zaie.

Horrek bikote harremanetan babesik gabe uzten ditu emakumeak.

Bai, ia konturatu gabe. Desberdintasunak gorputzean egituratuta dauzkagu, esertzeko, arreta jartzeko, begiratzeko moduan. Halakoak ez ditugu nahita egiten, inkontzienteak dira, eta horregatik mantentzen dira. Besteentzat —gizon batentzat— izateko dago eraikita andreen nortasuna, eta, ondorioz, beren burua ukatzen dute. Horregatik, oso garrantzitsua da autoafirmazioaren gaitasuna: jabekuntza politikotik harago doa, norbera izatean datza, ez besteentzat, baizik eta norberarentzat.

Sexu bereko bikoteak bestelako harreman ereduak eraikitzen ari dira, ala nagusitasun eta mendetasun rol tradizionalak errepikatzen dituzte?

Nik lesbianen bikoteekin izan dudan esperientziaren arabera, antzeko ereduak dituzte, eta lan berdina egin behar da haiekin. Beste pertsona baten beharra sentitzeak oso babesgabe sentiarazten zaitu, eta, horri aurre egiteko, nork bere burua defendatzera jo ohi du. Hor dago boterea: nik bestea menderatzen badut, ez dut hura galtzeko beldurrik izango. Dinamika horiek harreman mota askotan daude.

Beraz, bikote harremanen eremutik kanpo ere aplika daiteke hori?

Noski. Hezkuntza sistemak berak irakatsi digu komunikatzeko eredu autoritarioa: batek asko daki eta besteek men egin behar dute. Ondorioz, bakoitzaren banakotasuna eta pentsamoldea errespetatzen ere ez dugu ikasi. Izan ere, besteekiko harremanetan eraikitzen dugu burua. Hortaz, nire inguruko komunikazio ereduak oldarkorrak izan badira eta nik hori ikasi badut, berdin jokatuko dut: eraso egingo dut, edo mendean geratuko naiz.

Bizitzan zehar ditugun harremanak gure currilculumean geratzen direla esan dezakegu?

Bai. Gurasoengandik, irakasleengandik eta lagunengandik jasotako tratua garrantzitsua da, hori guztia memoria inplizituan geratzen delako: horrela eraikitzen dira pertsonen burua eta izaera. Bizitakoaren arabera ikasten dugu egoera batean eta bestean jokatzen.

Zuk esana da harreman guztietan dagoela boterea baina hori ez dela berez ona edo txarra. Zer egin behar da botereak erlazioa ez hondatzeko?

Onartu boterea badagoela eta hala behar duela: mundu guztiari gustatzen zaio nahi duena lortzea. Hortik aurrera, harremanetan negoziatu egin behar da etengabe. Gaur batek aukeratzen badu telebistan zer ikusi, bihar besteak aukera dezala; berdintasunezko eta errespetuzko dinamikak sortzen dira hala, bikoteko bi kideen nahiak kontuan hartzen direlako.

Topikoa dirudi, baina komunikazioa garrantzitsua da orduan.

Bai, hori da asertibitatea, nahiak eta iritziak adierazi ahal izatea. Zuk zure ideiak adierazten badituzu, eta senideek, lagunek edo bikotekideak ideia horiei balioa kentzen badiete, ohartu gabe kikilduz joango zara, nabarituko duzulako ez duela ondorio onik zuk ideiok adierazteak; bestela, erantzun egingo duzu, eta harreman erabat gatazkatsua elikatuko duzu. Baina bikotekideak mintzen zaituela edo entzuten ez zaituela antzematen baduzu, modu asertiboan jardun ahal izateko, denbora hartu behar duzu egoera aztertzeko eta bideratzeko, harremanean sintonia berreskuratzeko. Horretarako emozioak ondo erregulatuta eduki behar dituzu.

Baina ez al gara gehiegi tematzen harreman gatazkatsuak iraunarazten, gogobete ez arren?

Gerta daiteke. Amorruak eta haserreak bikoteak bana ditzakete; pertsona asko daude asetasunik gabeko harremanetan sartuta. Egoera mingarriak etengabe aldatzen saiatzeak eta emaitzarik ez lortzeak adierazi behar digu harremana eten behar dela. Ez dago harreman idealik, denetan izaten dira arazoak, baina baloratzen jakin behar dugu beste pertsonak egiten digun ekarpena baikorra ala ezkorra den.

Zuk azaltzen dituzun gaitasunak ikas daitezke?

Bai. Banakako lana eskatzen du, etxean, nor bere barneari begira, baina ikusten ari gara jendea jokabideak aldatzeko gai dela. Batzuetan asko kostatzen da, kontu batzuk antzematea zaila delako, oso barneratuta ditugulako.

Berdintasunezko erlazioetan, gaitasunak

Emozioen erregulazioa. Gogo aldarte eta emozio positibo zein negatiboak modulatzeko gaitasuna.

Autoafirmazioa. Nork bere bizitza, erabaki eta nahien jabe izateko gaitasuna; besteen oniritziaren mende ez egotea.

Balorazioa. Buruestimua. Nork bere balioa eta besteena zuzen epaitzeko gaitasuna.

Asertibitatea. Heldutasunez komunikatzeko eta nork bere iritzi eta eskubideak defendatzeko ahala, eraso egin gabe, baina inoren mende geratu gabe.

Mentalizazioa. Besteen ikuspegiak ulertzeko gaitasuna: euren jokabideak pertsona horiek errealitatearen gainean duten interpretazioan eta irudikapenean oinarritzen direla jakitea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude