Eozenoko faunari ekarpena egin diote EHUn

Erredakzioa / 2013-10-23 / 208 hitz

Iberiar penintsulako animalien ezagutza hobetu da, Zanbranako duela 37 milioi urteko fosil bati esker.

Zanbranan (Araba) aurkitutako duela 37 milioi urteko fosil batek aldatu egin du Iberiar penintsularen mendebaldeko faunari buruz zegoen ezagutza. Microchoerus primate baten fosilak dira; zehazki, bi matrailezur zati. Horiei esker baieztatu dute penintsulako eta Europako ugaztunen artean izan zela loturarik Goi Eozenoan.

Orain arte uste zen Iberiar penintsularen mendebaldeko ugaztunek izaera endemikoa izan zutela Eozeno osoan (duela 56 milioi urtetik duela 33 milioi urtera). Hau da, Europan aurkitutakoekin konparatuz desberdinak zirela, bi inguruak geografikoki banatuta egotearen erakusle.

Ainara Badiola EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakasle eta ikertzailearen eta Miquel Crusafont Paleontologia Institutuko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) ikertzaileen arteko elkarlanari esker, lortutako primate fosil horren aurkikuntzaren berri eman dute Journal of Human Evolution aldizkari garrantzitsuan.

«Zanbranako aurkikuntza interesgarria da, orain arte ez zegoelako halako fosil baten berririk Iberiar penintsularen mendebaldean. Iberiar penintsulako txoko ekologikoetan eta Europako askotariko ingurune geografikoetan bizi zen faunari buruzko ezagutza handitu du aurkikuntzak», azaldu du Badiolak.

Zanbranan aurkitutako fosilek garai hartako bioaniztasuna hobeto ezagutzen lagunduko dute. Izan ere, aurkikuntzari esker, zientzialariek badakite Goi Eozenoan fauna endemikoa egon zitekeela penintsulan, baina badakite, era berean, Europako hainbat tokitan komuna zen fauna ere bazela, eta Europako faunen arteko lotura baieztatu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.