Idatzi, idazten segitzeko

Mikel Lizarralde / 2013-10-08 / 529 hitz

Hainbat idazlek idazteari buruz emandako aholkuak bildu dituzte ‘Aiztoa eta arkatza’ liburuan.

Zer ezaugarri komun dute Virginia Woolfek eta Stephen Kingek? Neil Gaimanek eta Augusto Monterrosok? Ray Bradburyk eta Gustave Flaubertek? Bada, denak izan dira idazle. Irakurri dute eta idatzi dute. Eta idazketari berari buruz ere idatzi dute. Egin behar denaz. Egin behar ez denaz. Gomendioak. Segitu beharrekoak edota umorez hartzekoak. Era guztietakoak. Idazle horienak ez ezik, beste hamaikaren aholkuak ere bildu dituzte Aiztoa eta arkatza (Txalaparta) liburuan. Irati Jimenezek hautatu ditu testuak, eta berak euskaratu ditu, eta Antton Olariagak ilustratu ditu.

Harkaitz Canok bildumaren hitzaurrean dioen bezala, «oroz gain, ofizio baten aldarrikapena nagusitzen da» testuetan: «Maitasunez hitz egiten dute idazleek euren ofizioari buruz; trabak traba eta poseak pose, benetako idazle batek ez bailuke sekula berea beste ezein ofizioren truk aldatuko».

Idazteari buruz idaztea ez da gauza berria. Gustave Flaubertek Guy de Maupassant lagunari XIX. mendean idatzi zion hitz bakar bat edota aditz bakar bat aukeratu behar zela nahi zuena adierazteko. Eta gerora askok eman dituzte aholkuak; batik bat mundu anglosaxoian. Aiztoa eta arkatza-k ere hori adierazten du argi eta garbi. Ingelesez idatzi dutenen testuak dira nagusi: Billy Wilder, Charles Bukowski, Jack Kerouac, Henry Miller, Anne Enright… Euskal idazleek ere nolabaiteko aholku idatziak egin dituzten peskizan ibili da Irati Jimenez, baina ez du halakorik aurkitu: «Dirudienez, oso joera anglo-a da. Guri lotsa-edo ematen digu».

Hala ere, liburuaren oinarrian hemengo idazleekiko harremana dagoela aitortu du Mikel Soto editoreak. Haiekin ditu harremanak, eta haiei gomendio ugari ematen dizkie, editore gisa: «Idazle guztiek ez dute borondate berbera, eta idazlanetako aldaketak proposatzeko aholku bila hasi ginen. Konturatu gara idazleen testu dezente daudela».

Idazleentzat izan zitekeena, ordea, irakurle ororentzat bihurtzen da liburuan. Idazlea erretratatzen duelako, dituen zailtasun, komunikatzeko gogo eta beldurrekin. Jimenezek dioen moduan, sortzailearen «neurosiak» erakusten ditu Aiztoa eta arkatza lanak. «Eta hori, askotan, modu barregarrian azaltzen da».

Idazle asko eta askotarikoen testuak bildu arren eta haien artean iritzi kontrajarriak egonda ere, ideia bat nagusitzen da ia liburu osoan: soberan dagoena kendu; beharrezkoa ez dena saihestu. Eta hortik dator liburuaren izenburua ere, Frank Yerbiri kendua: «Eleberri benetan on bat aiztoarekin egiten da, ez arkatzarekin. Egileak barrenean indarra behar du pasarterik bikainenak ere kanpoan uzteko, baldin eta istorioari aurrera egiteko enbarazu egiten badio».

Olariagaren irudiak

Nahiz eta Aiztoa eta arkatza idazteari buruzko liburu bat izan, irudiak ere bere lekua du bilduman. Antton Olariagak egin ditu Jorge Luis Borges, Stephen King, Susan Sontag eta beste hainbat idazleren marrazkiak; baita Harkaitz Cano hitzaurregilearena ere. Azken batean, marrazkilariak idazleak adina beldur izan ditzakeela uste du Olariagak: «Folio zuriak ez dit bertigorik ematen; adrenalina eta plazer berehalako bat baizik. Baina idazleek dituzten kezkak ere baditugu marrazkilariok»
————————-

Hainbat aholku:

John Steinbeck: «Elkarrizketak idazten badituzu, ozenki esan. Horrela bakarrik lortuko duzu ahozkotasunaren soinua».

Elmore Leonard: «Idatzia badirudi, berridatzi».

George Orwell: «Hitz bat ken daitekeenean, kendu. Beti».

Mark Twain: «Erabili hitz egokia, ez haren urruneko ahaideren bat».

Kurt Wonnegut: «Esaldi orok bi gauza hauetako bat lortu behar du: pertsonaia ezagutarazi behar du edo akzioa mugiarazi».

Virginia Woolf: «Literatura ona irakurri. Literatura ezerezetik sor litekeela pentsatzea okerra da».

Richard Ford: «Ez umerik ekarri».

Stephen King: «Fikzio onaren arau nagusietakoa: ez inoiz kontatu erakuts dezakezuna».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude