Ilunpetan ikasten

Maite Asensio Lozano / 2013-10-15 / 1.377 hitz

Ikastetxe arruntetan ikasten dute Hego Euskal Herrian itsu diren edo ikusmen urritasun larria duten 262 ikasleek. Ezinbesteko dituzte irakasle ibiltarien laguntza, ikasmaterial egokitua eta soinu baliabideak.

Gallartatik Leioara (Bizkaia) autobusa hartzen du goizero Ander Carnejok. «Distantzia hogei kilometro da; beraz, ordu erdi inguru behar dut heltzeko». Euskal Herriko Unibertsitateko campuseko geltokitik hirugarren zebrabidean gurutzatzen du Kazetaritza Fakultatera. Hirugarren mailan dago, eta irakasgai baterako elkarrizketa bat prestatzen ari da. «Galderak nola eraman pentsatu behar dut: ordenagailuan idatzita, entzun ahal izateko, ala paperean, braillez». Hego Euskal Herrian itsutasuna edo ikusmen urritasun larria duten 24 unibertsitate ikasleetako bat da Carnejo.

Ikasturte honetan, guztira, ikusteko ezintasuna duten 262 ikasle hasi dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hezkuntza sistemetan; horietako 111 derrigorrezko eskolaldian. Garai batean heziketa bereziko ikastetxeetara bidaltzen zituzten, baina egun ia-ia denak eskola arruntetara joaten dira. Horrek «normalizazioa» dakarrela azaldu du Ana Davilak, ONCE itsuen elkarteko Gizarte Zerbitzuetako sailburuak: «Itsuek ez dute bereizita egon nahi. Euren berdinekin erlazionatu behar dute, baina ez soilik ezintasunean berdin direnekin, baizik eta adinean berdin direnekin ere. Hori du xede hezkuntza barneratzaileak, ingurua haurrari egokitzea, ez alderantziz».

Moldatze horretan ezinbesteko lana egiten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako IBT Itsuen Baliabidetegiek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren barruan kokatuta, «ikastetxeei laguntzeko zentroak» direla azaldu du Teresa Magañak, Bizkaiko IBTko zuzendariak. Bertan kudeatzen dute ikasle itsuekiko arreta. Batetik, ikasmateriala prestatzen dute: liburuak irakurri eta grabatzen dituzte, edota braille kodera transkribatzen dituzte. Bestetik, ikastetxeetako irakasleekin eta familiekin lan egiten dute.

IBT zentroetan koordinatzen dituzte, halaber, haurron ibilbide akademikoetan funtsezkoak diren laguntzaileak: irakasle ibiltariak. Bizkaian, esaterako, ia 30 ibiltari daude, bakoitzak hamar ikasle inguru ditu bere ardurapean. Haietako bat da Ernesto Albandoz: «Ikasle itsuak dituzten eskoletara joaten gara, batzuengana astean behin, beste batzuengana hiruzpalau aldiz, ikaslearen beharren arabera. Batzuetan klaseen ostean egoten gara haurrekin, baina beste batzuetan ikasgelara sartzen gara, arazo eta zailtasun errealak antzemateko».

Berariazko curriculuma

Ikasle itsuen edo ikusmen urria dutenen berariazko curriculuma abian jartzea da ibiltarien funtzio nagusietako bat. Curriculum horrek biltzen baititu ikusmen arazoak edukitzearen ondorioz umeek ikasi beharrekoak, Magañaren hitzetan: «Ikusten dugunok gauza batzuk ikasten ditugu ikusmenaren bidez. Horrek ez du atalik curriculum arruntean, baina itsuekin landu egin behar da».

Orientazioa, mugikortasuna eta eguneroko bizitzarako gaitasunak lantzen ditu, batetik, berariazko curriculumak: nola mugitu, zer egin jantokian, nola erabili bastoia, nola garbitu… Errealitatea ikusteko beste modu bat barneratzen dute, Gipuzkoako IBTko zuzendari Leonor Blesak azaldu duenez: «Ez da beste zentzumenak gehiago garatzen dituztela, baizik eta gehiago erabiltzen dituztela, eta arreta handiagoa jartzen dietela. Txikitatik ukimena lantzen da batez ere, horren bidez ezagutzen baitute errealitatea».

Ildo horretan, irakurketari eta idazketari dagokio curriculumaren bigarren atala. Erabat itsu izan ala ikusmen pixka bat eduki, braille kodea denei irakasten dietela baieztatu du Albandozek: «Itsuek ez dute beste aukerarik. Ikusmen urritasuna dutenek beste tresna batzuk ere badauzkate —monokuloak, lupak, karaktereak handitzeko programa informatikoak…—, baina braillea ikasiko dute, haientzat baliabide bat izango delako, eta etorkizunean agian behar izango dutelako».

Ibiltariak erantsi du kodeak berekin dakartzan tresnetan eta programetan ere trebatu behar dutela haurrek. «Adibidez, braillezko liburu batean orrialde bakoitzak bi zenbaki ditu, tintazko orrialde batek hiruzpalau orrialde har ditzakeelako braillez». Ikasteko tokia ere egokitu egin behar izaten dute: «Nire ikasle batek bi mahai dauzka, angeluan jarrita: batean liburuak irakurtzen ditu, ikaskideek bezala, eta ezkerretara duen bestean, Perkins makina dauka, idazteko».

Baina nola ikasten dituzte letrak eta zenbakiak, horien erreferentzia sekula ikusi ez dutenek? «Beste haurrek bezala, letrak ulertzeko egitura neuronalak sortzen dituzte, baina beste kode batekin», erantzun du Albandozek; «Ikus dezakegunok, ohartu gabe, irakurtzeko eta idazteko bi kode erabiltzen ditugu gutxienez: alfabetoaren lehen letra a edo A izan daiteke; itsuentzat puntu bat da». Eta nola azpimarra daiteke audio liburu bat? «Irakurketa aktiboa beste modu batera egiten dute: grabazioa gelditzen dute eta Perkinsaren bidez nabarmendu nahi dutena idazten dute».

Badago, ordea, itsuek egin ezin duten ariketarik. «Ez dugu lortuko itsu batek ikus dezan, beraz, ez du zentzurik koloreak lantzeak». Ander Carnejok, esaterako, ezin du argazkirik egin: «Fotokazetaritzako irakaslearekin adostu dut itsutasuna eta argazkilaritzari buruzko liburu bat irakurtzea eta lan bat egitea».

Beste hainbat eduki, baina, egoki daitezkeela nabarmendu du ibiltariak: «Testuliburuak eskatzen badu gorriz azpimarratzeko aditza, guk eskatzen dugu aditzok kopiatzeko». Hala, ikasle itsuek ikasgai guztietan parte har dezaten saiatzen dira. Baita Soin Hezkuntzan ere: «Korrika egin dezakete, soka bati helduta. Jarduerak egokitzean dago gakoa: helburua ez da umeek futbolean jolastea, fisikoki garatzea baizik».

Ikasle itsuen eta irakasleen arteko zubia dira ibiltariak, azterketak egitean ere: eskoletatik igorri behar dizkiete etsaminaren aurretik, ibiltariek braillera egoki dezaten. «Agian irakasle batek berandu bidaliko du azterketa, eta nahiago izango du proba ahoz egin; guk ez dugu hori onartzen, ez baita azterketa mota bera». Etsamina Perkins makinetan egiten dute ikasleek, eta gero ibiltariek eskuz transkribatzen dituzte erantzunak. «Eskola irakasleei braillea ikastea eskaintzen diegu; ikusmenaz braille irakurtzen ikasteko bi ordu baino ez da behar, eta ikaslearekiko interakzio handiagoa ematen die. Batzuek onartzen dute eta besteek ez».

Unibertsitatean, gutxiago

Hain zuzen, ibiltarien babes hori du faltan Carnejok. «Unibertsitatean konturatu naiz mundua ez dagoela itsuentzat egina. Txikitan ez nintzen ohartzen, ibiltariak nituelako, baina orain nire kabuz bilatu behar ditut irtenbideak». Oro har, ordenagailuarekin eta Jaws audio programarekin ondo moldatzen da, baina ez beti: «ONCEren liburutegi digitalean ez dagoen zerbait irakurri behar badut, liburua erosi, eskaneatu, eta Word edo PDF bihurtu behar dut, programak irakur dezan. Batzuetan, besteak baino hiru aste beranduago hasten naiz liburua irakurtzen».

Edonola ere, ikasle gutxi heltzen da unibertsitatera. Carnejok berak aitortu du «nagikeria pixka bat» sentitu zuela: «Betidanik gustuko izan dut kazetaritza, baina Batxilergoan ez nekien zein ikasketa aukeratu, ez nuelako argi lau urtez ikasten jarraitu nahi nuen. Azkenean animatu ninduten».

Ana Davilarentzat oso garrantzitsua da itsuek goi mailako ikasketak egitea: «Kualifikazio handiagoko postuetara heltzeko aukera ematen du. Itsua den edo ikusmen urritasuna duen batentzat ona da fisioterapeuta, irakaslea, telefonista, psikologoa edo kimikaria izatea. Kualifikazio gutxikoetan jardutea zailagoa da, askotan lan fisikoak direlako».

Jolastokian «bakartuta»

Azkenik, curriculumeko hirugarren atala harremanei dagokie, Albandozek azaldu duenez: «Haur itsua eskola arruntean dabil, gainerakoen material berdina ikasten du… baina jolaslekuan bakarrik egoten da, inork ez duelako berarekin jolastu nahi». Carnejori hala gertatu zitzaion: Lehen Hezkuntzaren amaieran jolastokian «bakartuta» geratu zen. «Mutilek futbolean jokatzen zuten, neskak beren kabuz ibiltzen hasi ziren, eta ni bakarrik geratzen nintzen. Azkenean, irakasleak proposatu zuen egunero ikaskide bat edo bi nirekin egotea».

Gainerako ikasleekin ez ezik, ikusmen urritasuna duenarekin ere lan egin behar dela dio irakasle ibiltariak: «Bizikidetzarako arau sozialak barneratzea komeni zaie. Zertarako balio du hitz egiten ari zaren pertsonari aurpegia begiratzeak? Harremanak normalizatzen ditu horrek».

Horrekin lotuta dago, halaber, ezintasunaren onarpena. Prozesua kasuaren araberakoa dela adierazi du Leonor Blesak: «Kontuan hartu beharko da noiz agertu den urritasuna, zein motatakoa den, familiak nola onartu duen…». Nerabezaroa garai gogorra dela erantsi du Davilak: «Gazte bati gehiago kostatuko zaio monokulo bat ateratzea. Finean, jendaurrean identifikatzea dakar. Erabat itsua denak ez du beste erremediorik, bastoiarekin doalako; baina sarri ikusmen urritasuna dutenei ez zaie antzematen».

Dena den, Teresa Magañak ez du uste itsu guztiek laguntza psikologikoa behar dutenik: «Haur bat itsu jaiotzen denean, mundu guztiak uste du umeak psikologo bat behar duela. Ez, familiak behar du: senideek ikasi behar dute errealitate horretan bizitzen». Bat dator Davila: «Senideekin ere onarpena landu behar da, oreka aurki dezaten, babesaren eta abandonoaren artean». Magañarena da azken ondorioa: «Itsu batek esan zidan integrazioa dela norbere frustrazioak normaltasunez bizitzen ikastea; ez baitago dena ondo egiten duenik. Pertsona guztiok ditugu mugak».

—————

Ikasle itsuentzako baliabideak

Perkins: braillez idazteko makina da. Zazpi tekla ditu: puntuei dagozkien sei, eta hutsuneak adierazteko zazpigarrena. Ikasle itsuen tresna nagusia da: idatzitakoa ukituz berehala irakur dezakete.

Informatika programak: batetik, Jaus izeneko audio programa PDF eta testu dokumentuak irakurtzeko erabiltzen dute; bestetik, karaktereak handitzeko programa ere erabiltzen dute, ikusmen pixka bat dutenek hobeto irakur dezaten. Ordenagailu arruntetan instalatzen dituzte biak, itsuek edo ikusmen urria dutenek erabili ahal izan ditzaten.

Lupak: ikusmen pixka bat dutenek erabiltzen dituzte papera irakurtzeko, bai eskukoak zein pantailakoak.

Liburu digitalak: testuliburuak zein literaturakoak irakurri eta grabatu egiten dizkiete itsuei. Makina bereziak dituzte horiek irakurtzeko.

Braille lerroa: teklatuaren azpian jartzen dute; pantailan ageri den dokumentua braillera egokituta agertzen da lerroan.

Braille liburuak: Testuliburuak braillera egokitzen dituzte IBT zentroetan: lehenik, irakasle ibiltariek transkripzio lana egiten dute, adibidez, paperean ageri diren marrazkiak edo grafikoak hitzez deskribatuz; ondoren, inprimatu eta koadernoan biltzen dituzte; azkenik, eskolako irakasleentzako erreferentzia batzuk eskuz idazten dituzte —orrialdeak, ariketen ordena…—. Ikasle bakoitzak bere liburua du, materiala berrerabiltzea zaila baita: brailleko puntuak higatu egiten dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.